euskarazko mm&d hedabideen analisia€¦ · aurkibidea sarrera ... izan ere, batez ere bertsoen eta...

12
EUSKARAZKO MM&D HEDABIDEEN ANALISIA Ttipi-Ttapa aldizkaria: ttipi.net Leire Goñi Iradi Multimedia testuen estrategia linguistikoak Multimedia Komunikazioa Masterra

Upload: others

Post on 11-Feb-2021

5 views

Category:

Documents


0 download

TRANSCRIPT

  • EUSKARAZKO MM&D

    HEDABIDEEN ANALISIA

    Ttipi-Ttapa aldizkaria: ttipi.net

    Leire Goñi Iradi

    Multimedia testuen estrategia linguistikoak

    Multimedia Komunikazioa Masterra

  • 2

    AURKIBIDEA

    Sarrera……………………………………………………………………………………... 3. orr.

    Ikuspegi soziolinguistikoa…………………………………………………………… 5. orr.

    Ikuspegi funtzionala…………………………………………………………………… 7. orr.

    Testu dimentsioa ……………………………………………………………………….. 9. orr.

    Estiloa……………………………………………………………………………………… 11. orr.

    Ondorioak…………………………………………………………………………………. 12. orr.

  • 3

    SARRERA

    Ttipi-Ttapa Fundazioa Nafarroan euskararen erabilera sustatu eta zabaltzeko sortutako komunikabide taldeak osatzen du. Lehen argitalpena 1981eko neguan egin zuten, paperezko aldizkari formatuan. Aldizkari hau, hasieran, hiruhilabetekaria zen. Tirada 400 ale ingurukoa izan zen, eta batez ere, Bortzirietan banatu zen. Ideiaren sortzaile eta bultzatzailea 10 bat pertsonek osatutako talde bat izan zen, boluntario gisa aritu zena, inolako talde edo elkarterik erregistratu gabe.

    1984an sortu zuten Ttipi-Ttapa izeneko kultur elkartea. Hasieratik, elkartearen helburu finkoa euskara bultzatzea izan zen, eta horretarako sortu zuten paperezko aldizkaria. Hastapen haietan, 40 orri inguruko aldizkaria zen, idazmakinaz idatzia eta zuri-beltzean argitaratua. Zein informazio mota eskaini nahi zuten ere ez zuten oso argi, eta erreportajeak, albiste batzuk, literaturari lotutako lanak, denborapasak… plazaratzen zituzten. Garrantzitsuena, tokian tokiko informazioa euskaraz eskaintzea zen. Hori horrela izanda, aipatu beharrekoa da, nafar euskalkiak berebiziko presentzia izan duela aldizkarian lehen aletik bertatik, eta eskualdearen arabera, euskalkiaren aldaerak kontuan hartu direla.

    Lehen urte haietan, elkartea guztiz finkatu gabe zegoela, aldizkaria saldu egiten zen, eta salmentekin lortutako diru-sarrerak osatzeko, hainbat erakunderen diru-laguntzak jasotzen hasi ziren. Aipatu beharrekoa da baita ere, 1981etik 1989ra bitartean ez zela publizitaterik argitaratzen aldizkarian.

    Pixkanaka, aldizkariaren zabaltze-esparrua handitu egin zen, eta Bortzirietan banatzeaz gain, Malerreka, Baztan eta Leitzan ere banatzen hasi zen. Hala ere, 1981etik 1989rako denbora horretan, taldearen izaera “amateurra” nabarmentzen da. Gauzak horrela, hiru hilero aldizkariaren ale berri bat plazaratzea ez da beti betetzen. Gainera, informazioaren trataera ere ez zegoen oso finkatuta, eta herrietako informazioarentzako atal bat nahiko finkatuta bazegoen ere, honen garrantzia areagotzen ari zela ohartu ziren. Ondorioz, aldizkaria hiruhilabetekaria izatea oztopo bihurtzen da, zaila baita informazio gaurkotua, jarraitua, freskoa eta zehatza ematea.

    Bestalde, lehen urte haietan aldizkariaren tirada handitzen ari zela aipatu badut ere, kontuan izan behar da aldizkariaren egoera prekarioa zela eta, ez zela sekula 700 aleko tirada gainditu. Ale horietatik 150 harpidedunek jasotzen zituzten, eta gainerakoak, eskualdeko denda, liburutegi, kiosko… bezalako lekuetan jartzen ziren salgai.

    Aipaturiko egoera prekario hori zela eta, 1989an aldizkariak krisi egoera sakona jasan zuen, eta beste komunikabide talde batzuen esperientzia kontuan hartuta (Arrasate Press aipatzen da1), aldizkariaren formatu osoa birplanteatzen da. Gauzak horrela, aldizkariari izaera profesionalagoa ematen zaio, eta tokian tokiko informazioak hartutako garrantziari erantzuteko, aldizkaria hiru hilabetean behin plazaratzetik hamabostean behin plazaratzea erabakitzen da. Lehen aldiz, hiru kazetari profesional hasi ziren lanean aldizkarirako, eta aldizkaria soilik harpidetza bitartez eta

    1 Jose Manuel Irigoienek egindako azterketa

    http://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin92_69/Jakin92_69_103.pdf

  • 4

    gainera doan banatzen hasten da. Publizitatea ere sartzen dute garai honetan. Beraz, bi diru-iturri nagusi ditu hemendik aurrera Ttipi-Ttapak: batetik, erakunde publikoen diru-laguntzak (Udalenak eta Nafarroako Gobernuarenak), eta bestetik, publizitateak dakartzan diru-iturriak.

    Esparru geografikoari dagokionez, aldizkaria gehiago zabaltzen da 1989tik aurrera, sei eskualdetan (25 udalerritan): Baztanen, Bortzirietan, Bertizaranan, Leitza aldean, Malerrekan eta Lapurdiko Sara aldean. Hemendik aurrea, informazio lokalek eta eskualdekoek hartuko dute berebiziko garrantzia, eta hasieran aipatu bezala, tokian tokiko euskara erabiliko dute. Izan ere, zabaltze-eremuan goi-nafarrera nagusi bada ere, lapurtera ere adibidez, nabarmena da, eta baita bailara bakoitzeko aldaera bakoitza ere.

    Denborarekin, garaira egokitzen jakin duen komunikazio taldea izan da Ttipi-Ttapa. Horren adibide da, 1996an aldizkaria Interneten jartzeko eginiko saiakera. Ttipi-Ttapa aldizkaria izan baitzen, Euskal Herriko komunikabideen artean, edukiak Interneten jartzen lehena. Bestalde, taldeak bigarren zerbiTzu bat ere jarri zuen martxan: Ttipi-Ttapa Telebista, alegia. 2009ko urtarrilaren 31z geroztik ordea, emisioa etena du, krisi garai honen aitzakaira diru-laguntzen murrizketa jasatearen ondorioz. Honen harira, aipatu behar da, Ttipi-Ttapa fundazioak diru-laguntzak beharrezkoak dituela, eta boluntario gisa laguntza hori emateko bidea martxan duela Nafarroako Aurrezki Kutxaren (CAN) proiektuen artean2. Azpimarragarria da gainera, azken egunotan euskarazko hainbat komunikabidek egindako babes eta diru-laguntza eskaeran parte hartu izana3.

    Gaur egun beraz, Ttipi-Ttapak eskaintzen dituen zerbitzuak bi direla esan daiteke. Aldizkariaren paperezko-edizioa batetik, eta Interneteko edukiak bestetik. Aldizkaria Nafarroako iparraldeko eta Lapurdiko hegoaldeko 44 udalerritan banatzen da, eta CIES4k 2010ean eginiko bigarren neurketaren arabera, 25.000 irakurle ditu.

    2 CAN proiektuak: Ttipi-Ttapa 3 Euskarazko hedabideak, beste jauzi baterako ordua editoriala Ttipi-Ttapan: http://www.ttipi.net/berriak/euskarazko-

    hedabideak-beste-jauzi-baterako-ordua

    4 CIESeko datuak

    http://www.cajanavarra.es/eu/tus-derechos/proyectos/ficha-proyecto.htm?id=15996&year=2012&utm_campaign=widget-tetd-ficha-eu&utm_source=socialmedia&utm_medium=widget&utm_content=15996http://www.ttipi.net/berriak/euskarazko-hedabideak-beste-jauzi-baterako-orduahttp://www.ttipi.net/berriak/euskarazko-hedabideak-beste-jauzi-baterako-orduahttp://www.ttipi.net/fitxategiak/audientzia-2010-2.pdf

  • 5

    IKUSPEGI SOZIOLINGUISTIKOA

    Ttipi-Ttaparen xede-taldea adinaren arabera sailkatzea zail xamarra iruiditzen zait. Tokian tokiko informazioa eskaintzen dute, bai gizartearen alorrekoa, bai kirolen alorrekoa, bai kulturaren alorrekoa edota baita gertakarien alorrekoa ere. Baina horrez gain, irakurleek beren iritzia ematekoa txokoa dute, eta baita bertsoak bidaltzeko txokoa ere. Gainera, “11 galdera” izeneko atalean bere profesioagatik edo dena delakoarengatik interes bereziren bat duen pertsonei elkarrizketa motzak egiten zaizkie.

    Adibide horietan arreta jarriz gero, ikusten da adinaren aldetik xede-taldea ez dagoela mugatuta. Izan ere, batez ere bertsoen eta elkarrizketa motzen atalean, gaztetxoek ere hartzen dute parte askotan5. Eta gaztetxoez gain, adin nagusikoak ere sarri izaten dira elkarrizketatuak6. Hau guztiarekin esan nahi dudana da, adinaren aldetik xede-taldea oso zabala dela Ttipi-Ttaparentzat, guztien intereserako izan daitezkeen gaiak jorratzen baitituzte, eta adin guztietako jendea parte hartzera bultzatu eta Ttipi-Ttaparen partaide sentitzera bultzatzen baitute.

    Esango nuke, xede-taldea hobekien zehazten duen profila profil linguistikoa dela hain zuzen ere. Ttipi-Ttapa Nafarroako iparraldearen eta Lapurdiko Sara inguruan banatzen da. Hori horrela izanik gainera, euskara gune geografiko horietara moldatzen dute. Tokian tokiko aldaera errespetatzen dute. Beraz, Ttipi-Ttaparen xede-taldea eskualde horietako euskaldunak dira, eta agian, zehatzago, euskaldun zaharrak7. Izan ere, euskaldun berriek gutxitan erabiltzen baitute euskalkiren bat, euskara batuaren ordez.

    Ttipi-Ttaparen helburu garbia da Nafarroan euskararen erabilera sustatu eta zabaltzea. Horri jarraiki, esango nuke herritartasun sentimendua ere indartzeko erabiltzen dutela aldizkaria. Izan ere, aldizkariaren zabaltze-guneetako euskara aldaera dute kontuan, eta berri edo informazio bakoitza moldatu egiten dute, tokiaren arabera. Horrez gain, sentimendu hori bultzatzen dela irudiitzen zait webgunean bertan. Izan ere, informazioa bilatzeko modua herriaren araberakoa izaten da. Hau da, azalean albiste garrantzitsuenak agertzen dira, baina “berriak” atalean nahi den informazioa aurkitzeko dagoen bilatzailean informazioa herriz herri eskaintzen da. Horietako bakoitza herri horretako euskalkian idatzita egoteak gainera, herritartasun sentimendu hori indartzen du. Baina aldi berean, komunitate sentimendua ere indartzen du: Nafarroa iparraldeko euskaldunen komunitatea, hain zuzen ere.

    Komunitate izaera hori indartzeko bestalde, agenda bat eta “merkatu ttikia” izeneko atalak dituzte eskuragarri erabiltzaileek. Agendaren bitartez, Ttipi-Ttaparen zabaltze-eremuan datozen egunetan izango diren ospakizun, ikuskizun eta abarren inguruko informazioa eskaintzen da, erabiltzaileek berek igotakoa. “Merkatu ttikia” atalean berriz, erabiltzaileek iragarkiak eskegi ditzakete, salerosketarako edota lan-eskaintzetarako. Hau guztia oso erabilgarria gerta liteke erabiltzaileentzat, eta komunitate sentimendua indartzen du. Gainera, erabiltzaileak parte hartzera

    5 Gaztetxo batek bidalitako bertsoa: http://bota-bertsoa.blogspot.com/search/label/Maddalen%20LOPEZ%20TAPIA Gaztetxo bati egindako elkarrizketa laburra: http://11galderalabur.blogspot.com/search/label/Agurtzane%20Zubieta

    6 Adineko bati egindako elkarrizketa laburra: http://11galderalabur.blogspot.com/search/label/Agurtzane%20Zubieta 7 Jose Manuel Irigoienek egindako azterketan azaltzen da irakurleentzat arrotzegia litzakeela euskara batuan idaztea.

    http://bota-bertsoa.blogspot.com/search/label/Maddalen%20LOPEZ%20TAPIAhttp://11galderalabur.blogspot.com/search/label/Agurtzane%20Zubietahttp://11galderalabur.blogspot.com/search/label/Agurtzane%20Zubietahttp://www.jakingunea.com/50urte/pdf/Jakin92_69/Jakin92_69_103.pdf

  • 6

    bultzatzen ditu. Hau da elkarreraginerako webguneak eskaintzen duen baliabide bakarrenetakoa, ez baitago zuzeneko txat edo fororik. Atal hauetan noski, erabiltzaileek nork bere euskararen aldaera erabiltzen dute.

    Hori guztia kontuan izanda ere, ez dut uste hizkuntza-ereduaren gogoeta garbirik egiten dutenik aldizkarian bertan, ez esplizituki behintzat (ez zaie eskatzen erabiltzaileei beren euskara aldaera erabil dezaten, adibidez). Baina irakurleen soslai linguistikora egokitzeko egiten den ahalegina nabarmena da, eta hizkuntza-ereduaren inguruko gogoeta irakurleek ere ulertzen dute. Hala ikusten da irakurleek bidaltzen dituzten iritzi artikuluetan adibidez. Nork bere euskara aldaeraren keinuak egiten ditu garbi, beti ere, denentzat ulergarri den idatzizko euskara jasoan.

    Ahalegin handia egiten da beraz, Nafarroan euskararen normalizazioa bultzatzeko eta gainera, tokian tokiko euskalkia sustatzeko. Hala ere, ez dut uste webgunean zibermedio batek eskaini ditzakeen baliabide multimedia guztiak egoki ustiatzen direnik. Ttipi-Ttaparen formatu nagusia paperezko aldizkaria da, tradizionalki. Baina webgunea erabilgarria da irakurle guztientzat, erraza eta xumea. Hala ere ez dira baliabide multimediak erabiltzen: idatzizko testuak eta argazkiak agertzen dira soilik; ez bideorik, ez audiorik, ez hipertesturik, ezta erabiltzaileekin (uneko) feedback-ik ere. Kuriosoa da beraz, Ttipi-Ttapa RSS jarioaren bitartez edota facebook sare sozialaren bitartez jarraitzeko ematen den aukera. Horiexek dira agian, Internetek eskaintzen dituen baliabide multimedia aukeretatik erabiltzen diren bakarrak. Egia da erabiltzaileei eduki batzuk igotzeko aukera ematen zaiela (bertsoak, iritziak, agendarako edukiak eta “merkatu ttikirako” iragarkiak), baina ez dago momentuko harremanak sustatzeko hartu-emanik.

    Orain arte aipatu ez dudan beste atal bat ere bada webgunean: Ttipi txartela eskatzeko atala, alegia. Hau komunitate sentimendua indartzearekin oso lotua dagoela esango nuke. Txartela eskuratuz gero, Ttipi-Ttapako bazkide edo harpidedun bihurtzen zara, eta beraz, aldizkaria doan jasoko duzu etxean. Baina horrez gain, hainbat denda edo saltokietan deskontuak eskuratzeko aukera ematen zaizu. Horrela, berriro ere, Ttipi-Ttapako irakurleen arteko komunitatea sendotzen da batetik, eta aldizkariaren zabaltze-guneko eskualdeetako komunitatea ere indartzen da bestetik, bertako saltokiak sustatuz.

  • 7

    IKUSPEGI FUNTZIONALA

    Ttipi-Ttapa aldizkariak tokian tokiko informazioa eskaintzen du. Beraz, komunikazio eredua informaziozkoa dela esango nuke, batik bat. Hiru atal nagusi bereiz daitezke webguneko goialdeko barran: azala (informazio berrienak agertzen dira bertan), berriak (informazioa herrika sailkatuta aurkitzeko bilatzailea dago bertan), eta ttipi txartela (bazkide egiteko atala da hau). Atal nagusi hauetan, erabiltzaileari informazioa eskaini besterik ez da egiten.

    Hala ere, zentzu transakzionala ere baduela esan daiteke. Webguneko eskuinaldean hainbat baliabide eskaintzen zaizkio erabiltzaileari parte hartzeko. Batetik, urtebetetze egunak edota ospakizun egunak zoriontzeko argazkiak bidaltzeko txokoa du erabiltzaileak. Bestalde, “merkatu ttikia” atala ere bertan agertzen da, erabiltzaileek iragarkiak jar ditzaten (salerosketarako edota lan eskaintzetarako). Beheraxeago, erabiltzaileek bidalitako informazioarekin osatutako agenda agertzen da. Ondoren, paperezko aldizkaria deskargatzeko aukera ematen da (horratx paperezkoak duen garrantzia; ale zaharrak ere deskarga daitezke). Azkenik, erabiltzaileak igotako iritziak eta bertsoak ikus daitezke pixka bat beherago. Aldi berean, errepideen eta eguraldiaren inguruko informazio erabilgarria eskaintzen zaio erabiltzaileari, baina ez dut ulertzen zergatik agertzen den hau atal honetan, erabiltzaileak berak igotako informazioarekin batean. Facebookerako lotura ere bertan agertzen da. Argazkian aipatu bezala, 11 galdera laburrak ere hemen agertzen dira, oso eraginkorrak (nire ustez) erabiltzaileak erakartzeko eta guztiak komunitateko partaide sentiarazteko, baina ez dakit erabiltzaileak berak bidaltzen dituen galderak ala ez.

    Zentzu transakzionala baina, ez dago oso garatua. Egia da horretarako bideratutako atalak erabiltzaileek erabiltzen dituztela, baina berrietan adibidez, iritziak emateko aukera badago ere, ez da ohikoa erabiltzaileek beren iritzia plazaratzea. Nahiago dute erabiltzaileentzako ataletan parte hartu, edozeri buruz idatziz, eta ez gai zehatz bati buruz. Baina pena da erabiltzailearentzako txoko bat atal garbiago batean ez kokatzea, eta aukerak zertxobait sakabanatuta agertzea. Azken batean, badirudi atal horiek erakargarriak direla erabiltzaileentzat, parte hartzen baitute, bai iritzien atalean, bai bertsoen atalean. Agenda ere betetzen dute informazioarekin, eta argazkiak ere bidaltzen dituzte egunero, bat edo beste zoriontzeko. Merkatu ttikian ere hainbat iragarki jartzen dituzte. Argi dago erabiltzaileak erakartzea lortu dela eduki horientzako lekua eginez eta eduki horiek erabiltzaileek bete ditzaten eskainiz. Erantzuna ona da. Beraz, hobeto kudeatu behar litzakeela iruditzen zait. Esan bezala, erabiltzailearen txoko bat gehiago nabarmenduko nuke, aukera guztiak bateratuz. Baina batez ere, multimedia euskarriak eskaintzen dituen baliabideak gehiago ustiatuko nituzke.

    Aipatu dut sarreran, 1989an aldizkariak bizi zuen krisia zela eta, Arrasate Press eredu hartuta eraldaketa jasona egin zuela. Esango nuke, orain ere badela garaia beste eraldaketa bat egiteko, batez ere webgunean. Dinamikoagoa eta erakargarriagoa egingo nuke, erabiltzaileari, esan bezala, toki nabarmenagoa emanez, eta batez ere, edukiak osatuz multimedia baliabideekin: bideoekin eta hipertestuekin batez ere.

    Azpimarragarria da hala ere, euskarari, eta batez ere, Nafarroako euskararen aldaerei Interneten, webgunean ere tokia egiteko ahalegina. Tokiak tokiko aldaera errespetatzen da, eta erabiltzaileek hori ulertu, onartu, eta erabili egiten dute gainera.

  • 8

  • 9

    TESTU DIMENTSIOA

    Multimedia euskarri batek eskaintzen dituen baliabide nabarmenenak hipertestua, multimedia euskarri desberdinen erabilpena eta elkarreragina dira. Ezaugarri horiek guztiek edukia erakargarria egin behar dute erabiltzailearentzat.

    Ttipi-Ttaparen kasuan esango nuke baliabide horiek guztiak ez direla behar adina ustiatzen. Eskaintzen den informazioa kontuan hartuta, testuak egokiak dira. Informazio laburra, berri laburrak eskaintzen dira, eta horien harira, testuak motxak eta zehatzak izaten dira. Baina ez dira gainontzeko baliabideak ustiatzen. Normalean, berriak titularrarekin soilik edota titularra eta sarrera motx batekin azaltzen dira. Titularrak linka izaten du albiste osora bideratzeko. Eta gehienez ere, albiste bakoitzak argazki bat izaten du, edo batere ez.

    Zentzu horretan, baliabide multimedien erabilpena oso eskasa da. Ez da bideorik, hipertesturik edota elkarreraginerako baliabide apartekorik erabiltzen. Hala ere, erabiltzaileak ondo erantzuten du. Lehenago aipatu bezala, zuzenekoa eta unean unekoa ez bada ere, badago elkarreraginerako bide bat baino gehiago webgunean: erabiltzaileek edukiak igo ditzakete iritzien, bertsoen, agendaren eta zoriontzeko argazkientzako txokoaren ataletan. Baina atal horiek guztiak ez dira bateratuta agertzen. Gainera, ez dago foro edo txatik zuzenean eta unean-unean erabiltzeko. Elkarreragina geldoa dela esango nuke orokorrean. Berrietan iritziak emateko aukera badago, baina ez da erabiltzen. Oro har, erabiltzaileek nahi duten informazioa bidaltzen dute horretarako bideratutako eta lehen aipatutako ataletan. Baina haietan ez da erantzunik zuzenean jasotzen. Nork bere ekarpena egiten du adibidez, bertsoen eta iritzien ataletan, baina ez dago horiei zuzenean erantzuteko modurik. Besterik gabe, ikusgai geratzen dira webgunean.

    Hori guztia txoko jakin batean pilatzea egokiagoa deritzodala esan dudan arren, argi dago erabiltzaileek gustura hartzen dutela parte. Beraz, non dago erakargarritasuna? Nire ustez, lehenago aipatu dudan komunitate sentimendua sendotze horrek du eraginkortasun handien. Berriak eskaintzeko modua erakargarria da, tokian tokiko informazioa ikus baitaiteke era erraz, labur eta zehatzean. Gainera, herrika sailkatzen da informazioa bilatzailearen bitartez, eta beraz, nork bere herriko informazioa edo interesatzen zaion herriko informazioa aurki dezake modu errazean. Bestalde, erabiltzaileak parte hartzeko arrazoia ere komunitate sentimendu horren ildotik datorrela esango nuke. Nafarroako iparraldeko eta Lapurdiko Sara aldeko euskalki eta euskara aldaerei txokoa egin die zibermedio honek, eta erabiltzaileek eskertu egiten dutela argi ikusten da. Zentzu horretan, ekarpen berezia egin dio hedabideak euskararen corpusari. Izan ere, gutxi dira euskalkiak erabiltzen dituzten medioak, eta are gutxiago Nafarroako euskalkiak kontuan hartzen dituztenak.

    Gauzak horrela, erabiltzaileen soslai soziolinguistikora egokitu nahi izateak izan dezake eragina multimedia baliabideen ustiapen eskasean. Esan nahi dut, agian, hipertestuak edo bideoak ez erabiltzearen arrazoia izan daitekeela. Baina ez dut uste aitzakia nahikoa sendoa denik. Hipertestuetan eskaintzen den informazioa kanpokoa bada, ziurrenik ez da errespetatu ahal izango tokian tokiko euskararen aldaerara egokitzea, baina informazio horrek ez du zertan beti kanpokoa izan. Gainera, erlazionatutako informazioa izaki, ziur egongo litzakeela aukera, nahiz eta kanpoko

  • 10

    hipertestuak erabili, euskara aldaera errespetatuko duena. Berdin bideoekin.

    Bestalde, esan bezala, orokorrean eta sistematikoki testu mota berdinak erabiltzen dira informazioa eskaintzeko: motzak eta zehatzak. Testu mota zertxobait aldatzen diren kasuak beti ere erabiltzailearekin daude lotuta. Izan ere, iritzi testuak plazaratzen dituzte batzuk, eta ez dut uste mugarik dagoenik testuaren itxurari edo luzerari lotuta. Garrantzitsuena, esplizituki esaten ez bada ere, euskalkia erabiltzea da, eta erabiltzaileek hala egiten dute. Bestalde, testu mota berezienak bertsoak dira.

  • 11

    ESTILOA

    Behin eta berriro aipatu dudan bezala, Ttipi-Ttaparen bereizgarri nagusietako bat tokian tokiko euskara aldaerak erabiltzea da. Aldizkaria Nafarroako iparraldean eta Lapurdiko Sara inguruan banatzen da, eta hain zuzen, bere xedea gune hauetan, batez ere, Nafarroan, euskararen erabilera sustatu eta bultzatzea da. Beraz, estiloari dagokionez, nabarmena da euskalkiekiko eta euskararen aldaerekiko egindako apustua.

    Erregistroa gainera, ez da beti berdina. Tokian tokiko informazioa eskaintzen dute, eta horren arabera, erregistroa aldatzen dute, tokian tokiko izaera horri egokituz. Kontuz ibili behar da hala ere. Askotan, euskalkiak ahozkotasunarekin lotzen ditugu, eta beraz, bi erregistroak (ahozkoa eta idatzizkoa) nahas ditzakegu. Ttipi-Ttapak euskara aldaerak errespetatzen ditu, baina idatzizko medioa dela argi du. Beraz, tokian tokira egokitzeko erregistrora moldatzen bada ere, argi du idatzizkoa dela, eta beraz, idazkera asko zaintzen da. Euskara aldaera bakoitzeko hitz, esamolde, hitz-joko eta abarrak erabiltzen dira, baina beti ere modu zuzenean eta jasoan idatzita.

    Hizkuntzaren kalitaterako eta euskararen erabilerarako baliabide eta kalitate irizpideak zehazten ez badituzte ere, aldizkariak egiten duen ahalegina nabaria da, eta erabiltzaileek modu berean erantzuten dute. Erabiltzaileek bidaltzen duten informazioa ere bakoitzaren soslai soziolinguistikora egokitutakoa da, baina idatziz ari direla kontua hartuta.

    Beraz, aldaera bakoitza kontuan hartuta, hedabideak irizpide bera jarraitzen du informazio mota guztiak eskaintzerakoan, eta erabiltzaileek ere bai. Nire ustez, oso irizpide aberasgarria, egun ditugun hedabide eskaintzen artean leku berezia hartzen duena. Irizpide honek gainera, aldizkariko edukiak erabiltzaileen soslai soziolinguistikora eta oro har, euren profilera egokitzea ahalbidetzen du. Honekin lotuta ikusten dut baita ere sarri aipatutako komunitate sentimendua. Tokian tokiko informazioa tokian tokiko euskara aldaeran eskaintzen da, eta horrek bertakoen herritartasun sentimendua indartzen du. Aldi berean, beste euskara aldaerak denentzako webgunean ere agertzen direnez, Ttipi-Ttapako erabiltzaileek ere komunitate sentimendua sendotzen dute: nork bere euskalkian idatz baitezake baina aldi berean, besteen euskara aldaeran irakur dezakete. Azken finean, Nafarroako euskaldunen komunitatea indartzen da.

  • 12

    ONDORIOAK

    Argi dago Ttipi-Ttaparen ekarpen nagusia, Nafarroan euskara sustatu eta bultzatzeaz gain, euskalkien erabilera indartzea dela. Zentzu horretan lanean ari diren beste hedabide batzuk ere badira, baina ez asko, eta gutxiago Nafarroako aldaerak kontuan hartzen dituztenak. Proiektu honekin argi erakusten dute euskalkiak aberasgarriak direla, hizkuntzarekin jolas egin daitekeela eta adierazkortasuna izugarri areagotu daitekeela euskalkien bidez. Aldi berean, tokian tokiko aldaera erabiltzen dutenez, eta Interneten guztiak agertzen direnez, erakutsi dute baita ere, euskalkiak ez direla komunikaziorako oztopo.

    Erabiltzaileen aldetik erantzuna ere handia da, eta euskararen aldaerak errespetatzearen irizpidea ontzat ematen dutela ikusten da, beraiek igotzen dituzten edukietan ikusten denaren arabera. Gainera, oso tresna baliagarria bihurtu dela esango nuke, oro har, Nafarroako euskal komunitatea indartzeko, eta bestalde, herrietako herritartasun sentimendua indartzeko.

    Hala ere, aipatu dut behin baino gehiagotan, nire ustez ez direla behar bezala ustiatzen multimedia baliabideak. 1989an aldizkariak eraldaketa sakona egin zuen, eta 1996an edukiak sareratzen lehen euskal komunikabidea izan zen, baina badirudi orduz geroztik gutxi aldatu direla gauzak. Nire ustez, aldaketatxo batzuk on egingo liokete. Egia da baita ere, agian, ez dela momenturik egokiena, krisia dela eta ez dela, ez baitaude egoera onean (gogoratu telebista itxi egin behar izan zutela 2009an eta, egunotan zabaldu den euskal hedabideen editoriala ere sinatu dutela babes handiagoa eskatzeko).

    Badira ordea, aldaketa txikiak, nire ustez kostu handirik behar ez dutenak. Hipertestuak edota bideoak editatu eta erabiltzeko baliabide gehiago behar dituzte agian. Baina erabiltzaileen txokoa hobeto egituratzeak ez dut uste lan handia behar lukeenik. Bestalde, erabiltzaileak izan daitezke bideo eta argazki gehiago igo ditzaketenak, hedabideari kosturik eragin gabe. Horrekin, dinamismo handiagoa emango liokete webguneari nire ustez. Erabiltzaileek nabarmenago sentituko lukete beren parte-hartzea hedabidean eta aldi berean, Nafarroako euskal komunitate horretan. Beren txokoa izateak garrantzia duela uste dut. Horrekin, bideoak ere igotzeko aukera eskainiz, parte-hartzea areagotuko litzake, eta eduki gehiago, dinamikoagoak eta erakargarriagoak izango lituzke webguneak.