zaharrak ez zuen hil nahi

11

Click here to load reader

Upload: errenteriako-udal-liburutegia-liburutegia

Post on 07-Mar-2016

236 views

Category:

Documents


14 download

DESCRIPTION

Gaizka Zabarte

TRANSCRIPT

Page 1: Zaharrak ez zuen hil nahi

ZAHARRAK EZ ZUEN HIL NAHI

GAIZKA ZABARTE

Literatur SolasaldiakErrenteria, 2013 / 03 / 13

http://liburutegiak.blog.euskadi.net/errenterialiburutegia/

Page 2: Zaharrak ez zuen hil nahi

GAIZKA ZABARTE(Zaldibar, 1960)

Euskara eta literatura irakasten ditu Gaizka Zabarte zaldibartarrak, eta hau da argitaratzen duen lehen idazlana.

Zaharrak ez zuen hil nahi

Ehorzleak larunbatean goizeko zortzietan telefonoz deitzen badizu, esanez zurekin hitz egin nahi duela eta ordubete barru hilerrira joateko, harritu egingo zara. Baina, ordubete barru, zure aitaren obi gainean eserarazi eta ehorzleak esaten badizu kontu txiki bat daukala zure aitari buruzkoa, orduan hunkitu eta aztoratu egingo zaitu.Heriotzazkoa eta maitasunezkoa da Gaizka Zabarteren nobela, ustekabez eta umorez zipriztindua eta dotorezia apartaz ondua.

Page 3: Zaharrak ez zuen hil nahi

KRITIKAK(http://kritikak.armiarma.com/)

(Gorpurik gabe - Juan Ramon Makuso / El Diario Vasco, 2012-01-27)

“Ordu bete barru kanposantuan”. Irudika dezaket horrelako hitzordu bat. Edonola ere ez da hitzordu arrunta. Ez ditugu horrelako hitzorduak adosten. Gaizka Zabartek bere lehenengo eleberria idatzi du, Zaharrak ez zuen hil nahi, eta indarra eman dio hasierako lerroei, bere opera primaren ezaugarri bat hori baita: eztanda bat da, leherketa bat suma daiteke hasierako lerro artean. Irakurleak irudika lezake leherketa horretan, su anitzeko mingainak. Eta kontakizunak aurrera egiten duen heinean nolabaiteko ezustekoa jasotzen da.

Idazleak kapitulutan bereizten du bere lana, hamazazpi hain zuzen, eta kapituluaren egituraketa horrek, nago tranpa batean sartu duela egilea. Hasierako indarra galdu egiten baita, kapituluak moztu egiten baitu Zabartek hasieran erakusten duen lanaren irmotasuna; zikiratu egiten da eleberriak hasieratik erakusten duena. Gezeta gazteak hitzordua jasotzen du herriko ehorzleengandik. Hilerrian garbi geratzen da deiaren zergatia: Cosme Gezeta gaztearen aita da, eta bere hilotza ez dago horma hilobian. Desagerpen baten aurrean gaude, eta kontakizunak misteriozko airea hartzen du. Zabartek, bere kontakizunak aurrera egiten duen ahala, traman sartzen ditu halako ezusteak, baina era berean ere ezuste horiek gordeta geratzen dira, narratzaileak datuak agerian usten baititu. Datu horiek bigarren mailako protagonisten bizipenetan agertzen zaizkigu eta eleberriak uzten duen ezuste handiena da —ikerkuntzazko literaturak egiten duen eran, amaiera azaldu— Gaizka Zabartek ez duela misterioa argitzen, amaierarik gabeko kontakizuna uzten du irakurlearentzat, eta honek bere kabuz argitu beharko du kontakizunak ez duena egiten. Agian hori da eleberri honen izpia.

Page 4: Zaharrak ez zuen hil nahi

(Bele beltza moko beltzean bi gerezi gorrirekin - Gema Lasarte / Argia, 2012-03-04)

Gaizka Zabartek Susarekin eman du argitara lehen idazlana: Zaharrak ez zuen hil nahi. Unai Iturriagaren azaleko marrazkia: hilerria, gurutzeak, bele beltz bat gerezi gorri bi mokotik zintzilik, ardo botila bat eta kaliza parean, eta harago, Sherlock Holmesen antzeko gizaseme bat zelatan. Gurutzerik handienaren itzalpean sudur handi txapeldun bat: Cosme Gezeta. Horratx, barruan irakurriko denaren sintesia edo analogia zuri-beltzean eta kolore gorri printza batez. Beltza gailentzen da, intriga, heriotza, identitateen faltsutzea eta aldaketa direlako eleberriaren ardatzik nagusienak. Bi gerezi gorriek, ordea, heriotzatik harago dagoen semantikari maitasun kutsu bat ematen diote, artean, Le Temp de cerises ere existitzen delako.

Eta hori guztia dago liburuan hamazazpi kapitulutan kontatua. Ahots nagusia literatur pertsonaia protagonistarena da, Josu Gezetarena. Ehorzleak hilerrira ez bat eta ez bi joateko eskatzen dio ordu baten buruan. Han doakio, Josu ehorzleari, esku hutsik ezin joan eta ardo botila batekin. Hilerrian hasten da kontua, ehorzleak esaten dio Josuri bere aita ez dagoela hilkutxan, are gehiago, behin ere egon ez delakoan dagoela. Eta hori dena “bordeaux hau kaliza banatan dastatzea Landaluze jaunaren gainean, elkarrekin lehengoz hizketan dihardugun bitartean”.

Umore handiz hasten da kontakizuna, gerora intriga eta misterio bihurtuko dena, eta beste azpi istorioetan sakabanatuko dena. Josuk ez zuen bere aita ezagutu, berak ezagutza izan orduko banandu baitziren gurasoak eta gutxira aita ustez hil baitzitzaion. Josuk aita absentearen izatea aspaldi onartua eta itxita zeukan, ehorzlea desagerketaren kontuarekin etorri arte. Josuk orduan ekingo dio desagertzearen nondik norakoak bilatzeari, bere aitaren iraganari soa botatzeari, hitz batean, berarekin zer ikusia ez duten bigarren mailako literatur pertsonaiak ezagutzeari eta kontatzeari. Ibilera horretan, hainbat espazio eta pasadizo ikusmiran jarriko ditu narratzaileak. Batzu-

Page 5: Zaharrak ez zuen hil nahi

batzuetan irakurlea bera ere Zabarteren fikziora helduta aurkituko da, askatuz gero zerbait galduko duenaren beldurrez. Saltoka eta trumilka baitabil kronologia zehatzik gabe eta aitarekin zer gertatu zen jakin nahian.

Intriga, jokoa, bizitzaren joanaren absurdoa, maitasuna eta, batez ere, nortasun eta identitate bilaketaz eta desagertuaz mintzo zaigu Josu Gezeta. Eta irakurleak zintzo jarraitzen dio miaketa horretan bukaerara arte, amaieran soluziorik ez dagoela jakin arte, hipotesiak areagotu egiten direla antzeman arte. Orduan, berriro ekiten dio irakurtzeari, zein sasitan galdu den jakiteko eta, bidenabar, bele beltzaren bi gerezi gorriak bistaratzeko.

ELKARRIZKETA(http://uberan.org/?gatzetan-gordeak/elkarrizketak/item/gaizka-zabarteri-elkarrizketa)

Osteguna, 2011-11-17

Kontua honela hasi zen. Josu Gezeta izeneko batek nobela bat bidali zuen Susa argitaletxera. Ez dugu esango basakatua gauez bezain azkarra denik Susako editorea, baina goiz batean Zaharrak ez zuen hil nahi izeneko nobela bat jasotzen baduzu e-postaz, jakin-mina gutxienik sorraraziko dizu. Eta laster ala berandu, posta elektroniko horretan azaltzen den telefono zenbakira hots egiteko tentazioa izango duzu.

- Barka, baina nor esan duzu zarela?

- Josu Gezeta.

− A.

Page 6: Zaharrak ez zuen hil nahi

Duela lau urte idatzi zuen nobela. Lagun batzuei erakutsi zien eta euren oniritzia jaso zuen. Aupada polita izan zen hura. Handik denbora batera, iritzi kualifikatu bat bildu nahian edo, Susa argitaletxera bidaltzea otu zitzaion. Josu Gezetaren e-postatik bidali zuen nobelaren PDFa. Josu Gezeta izeneko baten telefono zenbakiarekin. Baina Josu Gezeta ez da google-n azaltzen. "Horregatik bidali nuen goitizenez. Irakurtzen zuenak, editoreak, aurreiritzirik izan ez zezan". Eta lortu zuela esan daiteke. Joko honek segida polita izango luke nobela ere goitizenarekin sinatu izan balu. Baina orduan ez genuke jakingo lan eder honen atzean dagoen idazleak Gaizka Zabarte duela izena. Misterioa eta umorea uztartu ditu bere lehen nobelan, Zaharrak ez zuen hil nahi (Susa, 2011) izenekoan.

Ez al zenuen ezizenarekin ateratzeko tentaziorik izan?Bai, tentazio hori izan zen. Hor joko bat zegoen, nobelaren tramarekin bat zetorrena. Bidali ere, goitizenarekin bidali nuen argitaletxera. Aitortu behar da hala ere, joko baten barrenean nengoela eta ez zela konbikzio sendo bat. Hirugarren minutura konbentzituta nengoen, nire izenarekin atera behar zela eta kito.

Susa argitaletxearekin harremanik ba al zenuen aurretik?Nire gustuko argitaletxe bat da baina ez nituen bertakoak ezagutzen. Argitaletxea bai. Bere garaian argitaratzen zuten aldizkariaren ia ale guztiak ditut. Aldizkaria oso ona zen, puntu xelebreekin. Horregatik bidali nuen goitizenez, irakurtzen zuenak, editoreak, aurreiritzi edo alboko iritzirik izan ez zezan. Josu Gezetaren izenean bidali nuen, ez dagoelako ez google bilatzailean ez inon.

Larunbat goiz batean, ehorzlearen telefono deia jasoko du liburuko protagonistak. Ez da hori ezusteko bakarra izango, ezta?Narratzailea bera da protagonista nagusia eta, beste maila batean, ehorzlea bera dago. Bada bigarren mailako pertsonaia galeria bat ere. Unibertso txiki bat. Protagonista nagusiak ez zuen aita ezagutu.

Page 7: Zaharrak ez zuen hil nahi

Narrazioan dioenez, ez zuen inoiz hutsune hori sentitu, edo aita ezagutzeko premiarik ez zuen inoiz sentitu.

Ia aterabiderik gabe aurkitzen da protagonista. Ezin du aukeratu trama horretan barneratu edo kanpoan geratu. Zergatik? Bere gurasoen inguruko istorio batean sartuta aurkitzen delako. Zurrunbilo horretan ikusten du bere burua, behartuta. Eta zurrunbilo horretan, jakina, zalantzak agertzen zaizkio, gero eta handiagoak. Azken batean, irudi bat dauka osatuta bere inguruaz, bere munduko pertsonez, eta bere buruaz.

Eta kolokan ikusten du hori guztia.Hori da. Mila ezusteko agertu daitezke edonoren bizitzan, kolokan jarriko dituztenak edonoren ziurtasunak. Baina ezusteko horrek gainera zuzenki zure jatorria ukitzen badu, zure jaiotza esan dezagun, ba hasiko zara lehenik eta behin amari eta aitari buruz daukazun irudia kolokan jartzen eta aldatzen. Baita inguruko pertsona batzuena eta, ondorioz, neurri batean zeurea ere kolokan jartzen hasiko zara.

Karta-jokoa oso inportantea da kontakizun honetan. Gurean, jokoa lotzen dugu pilota, herri-kirol, mus eta antzekoekin. Baina beste lurralde batzuetan ere ematen da jokoaren inguruko antzeko fenomenorik. Zineman eta literaturan adibide piloa dago.Mendebaldean, daukagun iruditeria oso markatuta dator ikus-entzunezkoen mundutik. New Yorkeko txoko batean, jokoak gizon batzuk batzen ditu mahai baten inguruan, eta gero zaldi lasterketetan apustuak egingo dituzte. Iruditeria hori sartuta dugu barruraino, irudi modernoa, hiritarra... Euskal Herrian idi-demak eta harri-jasotzaileak landa munduarekin lotzen ditugu, gaur egungo ideologia nagusian gaitzetsia dena.

Page 8: Zaharrak ez zuen hil nahi

Horra joan beharrik ez dago. Hemen Durangon (elkarrizketa Plateruena Kafe Antzokian egina dago) beti egon dira New Yorken bezalako partidak. Dirua jokatzen da eta gauza asko jartzen da jokoan. Asko arriskatzen da. Mendebaldeko munduan, kontu unibertsala da jokoarena.

Esaten dena baino, esaten ez dena da garrantzitsuagoa.Jokoan aritu ohi direnak ez dira adiskideak baina bata bestearen inguruko ezagutza handia dute, familia barnean dagoena baino handiagoa izan daiteke ezagutza hori. Jokoan dabilena mugan dago. Hor beti tentsioa dago.

Baina elkar babesten dira, ezta?Noski, interesak tartean daudelako. Baina kontrako egoerak ere emango dira.

Jokoa bezala, ehorzlea ere klabea da nobelan.Klabea da, bai. Gaztetan iritsi zen baina ez dakigu nondik. Intriga handiko pertsonaia da. 80ko hamarkada erdialdean, La Arboledan (Bizkaia) egon nintzen irakasle eta pare bat urtez egunero hango ehorzlearekin batera bazkaltzen nuen. Lau lagun elkartzen ginen. Hiru irakasle eta ehorzlea. Ehorzle horrek ez zuen bibliotekarik ze nekez irakurtzen zuen, irakurtzen bazuen ere. Extremadurakoa zen, meatzetara lanera etorri zen Euskal Herrira eta ahozko biblioteka ikaragarria zeukan buruan.

Ez dugu nobelaren haria gehiegi aurreratuko, baina desagertze bat da gai nagusia.Hori da, pertsonaia batzuk une batean erabakitzen dute maparen leku batetik desagertzea. Trama indartzeko baliabide bat da hori. Misterio aire bat dago, intriga bat, egonezin bat.

Page 9: Zaharrak ez zuen hil nahi

Ia denoi, une batean edo bestean, antzekorik pasa zaigu burutik: hau amaitu eta agertu nadin beste toki batean. Uste dut horrek ere ukitu dezakeela irakurlea. Baina aipatzen dira hainbat desagertze. Denak kausa diferenteengatik. Mosaiko bat daukagu non desagertzea erabakitzen duten pertsonak asko dira, pertsonak beste daude motibazioak, eta pertsonak eta motibazioak beste daude moduak. Desagertzeko moduak. Moduek ere joko itzela ematen dute. Tragediara eraman dezakezu, komikotasunera...

Liburu ireki bat da, hala ere.Hori da, ez du amaiera itxi bat.

Galderek erantzunik gabe jarraituko dute.Bai, baina bere hipotesiak osatzen ditu protagonistak. Josu Gezetarentzat (liburuko protagonista, nahiz eta nobelan izen hau ez den behin ere agertzen) ez da inportantea ezagutu ez duen gizon hori (aita) non dagoen jakitea, hori ez da inportantea. Hor peskizan, aurrera egin ahala beste kontu batzuekin topo egingo du. Amak ere badu iragan bat, esate baterako. Une jakin batean, amak semeari egiten dion deklarazioa liburuko ardatzetako bat da liburuan.

Ia denok daukagu edo eduki dugu gurasoen inguruko irudi bat, ehunka urtetan edo milaka urtetan osatua edo, eta ama da ama. Ez da emakume bat. Ama da ama. Hori barneratuta daukagu eta hori ere kolokan jarriko zaio protagonistari, ze konturatzen da ama emakume bat dela. Emakume bat izan zela ama izan baino lehen, ama izan bitartean emakume izan zela eta gero ere emakume izaten jarraitu duela. Horrek esan nahi dezakeen guztiarekin. Tabuak daude hor tartean.

Kokapenari ere garrantzia eman zenion liburuaren aurkezpenean.Kokalekuetako bat Mahatserria da. Begoñako Errepublika da berez, gaur egungo Santutxu, Otxarkoaga, Begoña.... Hori dena. Garai

Page 10: Zaharrak ez zuen hil nahi

batean horrela ezagutzen zen, baina inork gutxik daki. Mahatserriarekin batera, Bilbo hiria eta Durango dira nobelako beste kokalekuak. Nik ezagutzen dudan ingurua da, hasteko. Hor irudikatzea liburuko trama oso erraza eta sinesgarria egiten zitzaidan. Mendebaldeko edozein hiri eremuaren antzekoa da, nahi duzunerako trama garatu daiteke hor.

Duela lau urte hasi zinen nobela idazten. Nolatan pasa da hainbeste denbora?

Idatzi nuenean ez neukan ikusmiran argitaratzea, kontrakoa ere ez. Idatzi nuen, gustukoa dudalako idaztea.

Ez zenuen urgentziarik.Ez, inondik inora ere ez. Eta argitaletxera bidali nuenean, zegoen moduan bidali nuen. Gero bai, gero zuzenketa batzuk egin nizkion. Dena den, argitaletxera bidali aurretik pare bat lagunek irakurria zuten eta ordurako pentsatzen hasia nintzen, eta zergatik ez argitara eman hau? Behin argitaletxera bidalitakoan, ondorio guztiekin bidali nuen. Eta argitaletxearen deia jaso nuenean poz handia hartu nuen.

Liburu honen plazaratzeak piztu al du idazle sen hori zure baitan? Alegia, beste liburu bat idazten ari al zara?Hau argitaratu baino lehen, tarteka baino ez bazen ere, idazten nuen. Idatzita, zer edo zer idatzita egon badago. Hortik aurrera...

Oraintxe bertan behintzat, Zaharrak ez zuen hil nahi (Susa, 2011) liburua eskuetan hartuta, pozik izango zara emaitzarekin.Oso pozik nago. Eta ez naiz damutzen aurretik argitara ez emateaz. Oraintxe bertan gozatzen ari naiz eta kito. Ez noa apalkerietara, oso pozik nago.