jose inazio basterretxea polo

12
AZKEN TRANBIAREN ITZALA JOSE INAZIO BASTERRETXEA POLO LITERATUR SOLASALDIAK Errenteria, 2012 / 05 / 16

Upload: errenteriako-udal-liburutegia-liburutegia

Post on 13-Mar-2016

230 views

Category:

Documents


13 download

DESCRIPTION

Azken tranbiaren itzala

TRANSCRIPT

Page 1: Jose Inazio Basterretxea Polo

AZKEN TRANBIAREN ITZALA

JOSE INAZIO BASTERRETXEA POLO

LITERATUR SOLASALDIAK

Errenteria, 2012 / 05 / 16

Page 2: Jose Inazio Basterretxea Polo

BIOGRAFIA

Galdakao, 1959

Informazio Zientzietan doktorea da. Unibertsitate-ikasketak Leioan (kazetaritza), Bartzelonan (telebista) eta Moskun (kanpo-merkataritza) egin ditu. Gaur egun, lanbidez, EHUko irakasle titularra da.

Kazetari eta berri-emaile gisa Bilboko Herri Irratian, Anaitasunan, Eginen eta ETBn izan da lanean.

Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berrian kolaboratu du; baita Bizkaia Irratia eta Euskal Herria Irratia irratietan.

Unibertsitate-irakasle eta ikertzaile moduan, bere lanak zenbait liburutan eman ditu, bai eta Uztaro, Jakin eta Zer aldizkarietan ere.

Kazetari- eta unibertsitate-generoaz gain, ipuina (Idatz eta Mintz aldizkarian), eleberria (Elkar argitaletxearekin) eta saioa (Alberdania etxearekin) landu ditu.2008an Ondarroako Udaleko Augustin Zubikarai nobela laburren saria irabazi zuen Mandatariaren gerra idazlanarekin.

Page 3: Jose Inazio Basterretxea Polo

ARGITALPENAK

Nobela

1988 Falo zantarra | Elkar2006 Marearen erraietan | Alberdania2008 Mandatariaren gerra | Elkar2011 Azken tranbiaren itzala | Elkar

Ipuina2009 Ilargi amandrearekin, ikimilikiliklik | Erein

Saiakera

1996 Dualitatea kartel politikoan | EHU1997 Semiotika eta masa-komunikazioa | UEU1997 Komunikazioaren eta informazioaren oinarriak | UEU2002 Kultura-aniztasuna eta gizarte-komunikazioa | UEU2003 Aurkari ikusezina | Alberdania2007 Arrazoiaren hitza: argudio-bideen arrastoan | UEU2011 Irudiaren hiria : euskal herritarren komunikazio-gaitasunak | UEU

Page 4: Jose Inazio Basterretxea Polo

ELKARRIZKETA

Elkar, 2008-04-16

“Eklipsatu behar nituen bonba handiak, gizaki txikiak biluztu ahal izateko”

Nondik etorri zaizu istorio hau idazteko ideia?

Barruan eraman izan dut beti Espainiako Gerra Zibila deitu zen faxisten estatu-kolpearen ondoriozko gudua. Francoren alde nola, haren kontra borrokatu zen nire familia; 36an bezala, baita gerora ere. Hurbil bezain urrun suertatu da gure etxean gerra: askotan hitz egin da hartaz, baina gauza gutxi kontatu da ganoraz, historiaren zientifikotasunaz indarturik. Gerrako dokumentu zaharrak arakatzen ari nintzen batean, pasarte fantastiko bat aurkitu nuen Aragoiko liburu batean. Ezezaguna zitzaidan orrialde haietan kontatzen zena, erabat berria. Txundigarria. Liburu hartan azaltzen zen Bielsako Poltsa deitutakoaren odisea zibil eta militarra. Hango pasarte batek erakarri ninduen. Irakurri ahala, zuriaren gaineko letra beltzak koloretako irudi bihurtzen zitzaizkidala konturatu nintzen. Iruditu zitzaidan printza hori, niretzat aurkikuntza zen hori, izan zitekeela fabulatzeko aitzakia eder bat. Narrazio labur bat idatzi nuen lehendabizi, baina gehiago eskatzen zidan kontuak. Eta, gertakariei beste buelta bat, beste itzuli bat eraginda, eleberria etorri zen gero.

Eta zenbateraino izan zara gertakariei leial, eta zenbateraino erabili duzu fikzioaren askatasuna?

Ispiluaren moduan funtzionatu dut. Ispiluari begiratu diot, eta han ikusitakoa narratu dut. Neronek begiratu diot ispiluari, eta neronek eraiki dut islaren interpretazioa. Erraz urtzen eta desegiten ez den harri bereko osagaiak dira historia eta literatura. Unibertsala da joko hori. Eternoa, esango nuke. Herri guztietan gertatu da iraganari begiratu eta Historia deskubritzea, lehen bezala, baita orain ere. Baina, zer da historia, eta zer literatura? Agian, teorian argi daukagu zein apaletan kokatu behar diren historiako liburuak eta zeinetan literaturakoak, baina, gauzak ez dira hain errazak izaten luma tintontzian zikintzen hasten zarenean. Marko Polok, Pertsian eta Indian ibili zenean, beste hainbat gauza txundigarriren artean, errinozero bat ikusi omen zuen. Bidaia haietatik bueltan, Veneziako bere etxekoen artean, bizitzan lehenengoz ikusi zuen animalia hura deskribatzean, unikornioa ikusi zuela esan zuen... Zer bestela ikusiko zuen, errinozeroa bazenik ere ez baitzekien! Fikzioa ez da historia, jakina. Baina, fikzioaren eta historiaren arteko harremanak oso dira estuak.

Page 5: Jose Inazio Basterretxea Polo

Historiako liburuak irakurtzen ditugunean ere, nork bere buruan fikzionatzen du gertakari historikoa. Egin dezagun ariketa txiki bat: nola gorde du gutariko bakoitzak buruan Intxortako bataila?

Irakurleak berak fabulatu dezala

Espioitza-kontuak, egoera nahasiak, maitasun-istorio bat erdian... “Casablanca” gogorarazten du, baina Pirinioaren erdian...

Casablanca-n barik, Peña Blanca izeneko mendi-magal baten inguruetan gertatzen dira eleberri honetan azaltzen diren gehienak. Rol garrantzitsua jokatu dute Pirinioek gure inguruko gatazka armatuetan, Espainiako Gerran bezala baita Bigarren Mundu Gerran ere. Eta berdin lehenagoko batzuetan nahiz ondoren. Gerra Zibil hori aitzakiatzat hartuta, leku aproposa zen Pirinio mendialdea intrigazko eleberri bat kokatzeko. Eta, gainera, Pirinioetako bihotzean gertatua da abiapuntuko faktu erreala, historikoa: Bielsako Poltsaren baitakoa. Zirrikitu asko daukate Pirinio mendiek, eta historia eder bat du haietarik bakoitzak. Era berean, istorio trepidante bat kontatzeko aukera eman diezazuke urrun bezain hurbil dagoen zirrikitu horietarik bakoitzak. Mendia fantastikoa da, basajaunez betea eta basanderez korritua.

Nobela laburren sariketa irabazi du zure lanak; ez dakit generoak behartuta ala zeuk nahi zenuelako, modu eskematikoz kontatu dituzu sarritan gauzak, labur-zurrean.

Ipuina du oinarrian eleberri labur honek. Hezurdura eta elipsia dira narrazio laburren giltzetako batzuk. Labur-zurrean ibili banaiz, generoak hala eskatzen zidalako izan da. Baina, generoa neronen hautua izan da. Irakurleak berak hainbat gauza imajinatzeko beharra sentitu dezan kontatu dut istorioa hain modu eskematikoan. Irakurleak berak fabulatu dezan nik aurrez fabulatua. Behar hori senti dezan. Irudikatu zezan lekua. Istorioaren haria. Pertsonaien akzioen nondik eta norakoak. Duda egin zezan balizko traizioaren eta ezinbestezko bizitza nahasi eta errearen artean. Generoak behartu nau, baina gustuko beharretan, malda pikorik ez da.

36ko gerrari buruzko nobelak gehitxo dira batzuen ustez; beste batzuek diote oraindik gutxi landu dela. Zer deritzozu zuk?

Ez dut nik esango asko direnik. Gudu-zelaian jokatzen dira gerrak. Bai eta paperean ere, kazetan edo liburuetan. Gudu-zelaietako gerrak dira gehitxo, ez

Page 6: Jose Inazio Basterretxea Polo

besteak. Genero moduan, erakargarria da gerra, dudarik gabe. Bizia da. Leherkorra. Uholde bat bezalakoa da gerra, tintontziaren ahoan. Ez, ez nuke esango 36ko gerra horrek dena eman duenik. Ez historikoki ezta literarioki ere. Literaturaren tasun handienetako bat da esana dagoena bestela esatea.

Kolorea eta fantasia

Istorio epiko handi baterako gaia zeukan kontagaiak, baina zuk berriz ihes egin diozu horri, edo “epika txikia” erabili duzu...

Gerra, desesperoa eta maitasuna dira eleberri hau zeharkatzen duten ardatz nagusiak. Liburu txikietako epika-arrazoi handiak dira horiek, nik uste. Ez da bataila sonaturik kontatzen eleberrian, pertsonaren hautu sonatuak baizik. Epika txikia bada hori, ondo, horixe baita eleberriak azaleratu behar zuena. Eleberrian, kontraesan batzuk kontatu nahi izan ditut: traizio militarra, eramanezintasun politikoa, bortxa-garaiko giza harreman pozoitsuak... horrelakoak daude presente istorio honetan. Epika ohikoari eta handiari ekin izan banio, bigarren maila batera kondenatuko zituzketen trintxera zartatuek gai horiek. Eklipsatu behar nituen bonba handiak beraz, gizaki txikiak biluztu ahal izateko.

Komunikazioaren inguruko ikerketa eta irakaskuntza da zure lan-arloa; hortik kanpo, baina, narrazioak asmatzeari ekin diozu: zer ematen dizu batak, besteak ez daukana?

Testu zurruna idatzi behar duzu ikerkuntzan, hala eskatzen dute esku-liburu guztiek, hala desio omen du zientziak berak. Testu neutrala, ponderatua eta jantzia irakaskuntzan. Horiek dira Akademiaren estropadak dauzkan arauak. Fikzioak beste arraun batzuk uzten dizkizu eskuetan: oroz gain, kolorea eta fantasia. Gure fakultatean, testutik desagertzeko eskatzen zaio kazetariari. Eta, gertakariarekin fidela izateko kontakizunean. Narrazioan libreago naiz, nahi dudan kolorez margotu dezaket nire aurpegia, amestu dezaket, sui generis fokalizatu dezaket kamera... Eta halere, egia bat kontatu. Jakina, egia literario bat, ez derrigor historikoa, ezta ezinbestean periodistikoa ere. Argazki zuri-beltza ematen dit unibertsitateko lanak. Bestelakoa narrazioak. Biak behar ditut, geminis naiz-eta!

Eta aurrerantzean...?

Errail bi horien gainetik egin beharko du berriz ere trenak aurrera...

Page 7: Jose Inazio Basterretxea Polo

AZKEN TRANBIAREN ITZALA

Bide etsaituak dira, Bordele eta Bilbo artean, mila bederatziehun eta hogeita hamazortziko uztailaren azken egunetan bat egin zuten haiek. Nahi baino lagun gehiagoren arnasa eraman zuten herrestan.Maria, Jazinto, Antonio gidaria, Gartzia kapitaina, Augusto armadorea, Miguel Maria komisario erreketea... Felipe eta Santos... denak hartaratu zituen bat-batean halabeharrak.

KRITIKAK

Bitan galtzaile - Javier Rojo / El Correo, 2011-08-06

Espainiako Gerra Zibila eta honen ondorioak harrobi agortezina bihurtzen ari dira zenbait idazlerentzat. Gerra horretan gertatutakoa berriro ere ekartzen da plazara eta noizean behin liburu interesgarriak agertzen badira ere, gaia aspergarri bihurtzeko arriskuan dagoela iruditzen zait. Interes berezi bat pizten duten liburuen artean Jose Inazio Basterretxea Polok idatzitako Azken tranbiaren itzala dugu, kasu honetan interesa argumentuak baino argumentuaz aritzeko moduak piztu badu ere.Metafikzioa historiografikoaren barruan koka daiteke eleberri hau. Izan ere, 2000. urtearen inguruan Jose Santos Basabe izeneko pertsonaiak gerra garaian bere familia kolpatu zuen tragedia argitu nahian dabil, paper zaharretan-eta arakatuta. Gizon honek bere aurrekoekin lotzen duen haria berreraikitzen saiatu

Page 8: Jose Inazio Basterretxea Polo

nahi du, hari horretan aurkitzen baita bere identitatearen funtsa. Ikerketa honetan Karmen izango du laguntzaile, eta ikerketa aurrera eramaten duen bitartean bien artean harreman afektiboa sortuko da. Argumentu-hari honen ondoan, gerra garaiko istorioa agertzen zaigu. Eta gerra garaiko gertakarietan beste bi hari ere agertzen dira, bata, pertsonaia horren familiari dagokiona, bestea 1938.eko uztailean Frantziara ezkutuko lana egitera doazen frankistek burutzen duten bidaia delarik. Bi narrazio-hari hauek itxuraz ez dute zerikusirik, baina 1938.eko uztailaren amaieran bat egingo dute halabeharrez, Jose Santosen familian tragedia pertsonala sortuz. Bi hari horiek gerran galtzaile eta irabazle suertatu direnen ibilbide desberdinak erakusten dituzte, eta biek bat egiten dutenean, galtzaileak bi aldiz galtzaile suertatuko dira.Argumentua, edonola ere, nahiko prebisiblea iruditu zait, gertakarien misterioa argitzea atzeratzen saiatu den arren. Kontamoldeak, ordea, kontuan hartu behar dugun idazle baten aurrean gaudela erakusten du. Narrazioa plano desberdinetan agertzean, idaztankera plano horiei egokitzen saiatzen da, baita lortu ere. Estilo ikusgarria da, iradokitzailea, gure artean ohikoa den prosa arruntari era nabarmen batez kontrajartzen zaiona, idazleak estilo horretan zutabe bikaina aurkitu baitu testua aurrera eraman ahal izateko. Eta gerra garaian kokatuta dagoenez, berriro ere oroimenaren gaiarekin egiten dugu topo: ez dugu ahaztu behar, honelako istorioetan orainak azaltzen duela lehenaldia, eta ez alderantziz, oroimenak sortzen baitu oroitzapena.

-------Mandioko itzalak - Bixente Serrano Izko / Berria, 2011-04-10

Arkitektura landua, eleberri honena. Funtzionala, erran nezakeen, ongi hausnarturiko bi funtzio betetzeari begira eraikita dagoen aldetik, ene ustez. Batetik, zein den gaia kontuan harturik, oreka zail eta fin bat mantendu nahi du, historia familiar batek planteatzen duen hurbiltasun emozionalaren eta narrazioari eman gura izan dion distantzia diskretuaren artean. Bertzetik, orrialdeetan zehar tentsio narratiboa eta irakurlearen interesa pizturik gordetzeari begira.Bi narrazio-ildok altxatzen dute eraikinaren zutabe funtsezko bana. Zorutik, gaurko lurrean oinak dituen protagonistak —lehen planokoak, zeren benetako protagonistak bertzeak baitira—, bi zutabe horietatik gora, gaurtik iragan aldera, sabai goibel halako batera igo ahala nagusitzen diren itzaletatik aterarazi nahiko ditu pilareen profilak; zehatz-mehatz ikertu nahiko ditu. Lehen planoko protagonista horrek ere hirugarren historia bat harilkatzen du. Guztira, bada, hiru historia hiru planotan, hiru dimentsioko eremu bakar bat sortuko dutenak.

Page 9: Jose Inazio Basterretxea Polo

Paralelo doaz gora, iragan goibel eta itzal artekora, bi pilareak, bi ildo narratibo funtsezkoak. Kostako zaio irakurleari, eleberriko ikerleari bezainbertze, ikustea nola lotuko diren elkarrekin bi historia horiek, zer zertxak deskargatuko duen bi pilareetan teilatuaren zama, hots, narrazio-eremu bakar bihurtuko duen estalkiaren zama. Baina, nola edo hala lotura hori itzaletatik aterako delakoan, aurrera jarraituko dute ikerketan interesaturik, bai eleberriko ikerleak, bai irakurleak. Narrazio bakoitzak berez pizten duen interesaz gain, zirraragarri ere izanen zaigu lotuneari buruzko jakin-min hori, suspense baten pizgarri erantsia.Bi historia paraleloak, faxistek iraganeko Bilbo konkistatu berriaren giro goibelean galdurik daudela, horren itzaletatik erreskatatu nahian, eta erreskatean, dautza. Ildo batean, biktima garbiak, ikerlearen aitona-amonak; bertzean, irabazleak, biktima egileak. Kasualitate huts batek gurutzatuko ditu elkarrekin bi ildoak, zertxaren lana eginen du eleberriaren eraikinean. Ez, baina, inondik ere, deus ez machina artifizio trakets baten antza. Alderantziz, kasualitate historiko horrek sortuko du kontakizunaren zentzua.Hiru historiak zatika egituratu dira, fragmentoka kontaturik, etengabe txertatuz zatiak elkarren artean eta, paradoxaz, batasun sentsazioa lortuz, itxuraz elkarri lotu gabe garatuz joaten diren bi historia nagusien arteko batasunarena. Bertzalde, nahiz eta hirugarren pertsonan mintzatu, hau da, narratzailea idazlea bera izan arren, lehen pertsonan idatzirik egonen balitz bezala bizi izan dut nik neuk nobela, narratzailea eleberriko ikerlea izanen bailitzan. Balio erantsia, ene ustez.Badakit, higuingarriak dira konparazioak, baina zintzotasun inozoa —inozokeria ere izan daitekeena— barkatuko didazuelakoan nago. Ausartuko naiz, bada, erraten: Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao ekarri dit gogora Basterretxea Poloren honek, bai gaiaren aldetik, bai hurbiltasun familiarraren sentsazioaren aldetik, bai fragmentariotasunaren aldetik… Baina arkitektura, tentsio narratibo eta goian aipatu oreka zail eta finaren aldetik, sendoagoa, beteago deritzo irakurle honek Azken tranbiaren itzala-ri.Saiatua baina lortu gabea iruditu zitzaidan egile honen Marearen erraietan. Bete-betea, aldiz, eta freskoa eta bizia, Mandatariaren gerra. Bertze erregistro batekoa, esperantza galduetako tragedia bati dagokiona dugu gaurkoa, baina eleberrigile sendo bat gehiago dugula egiaztatu digu nik irakurri diodan hirugarren honek.

Page 10: Jose Inazio Basterretxea Polo

BERE OBRA EUSKADIKO IRAKURKETA PUBLIKOKO SAREAN

Alfabetizazio berriak : Euskal Herriko neska-mutilak eta komunikabideak / Basterretxea, Jose Inazio ... [et al]

2007

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Dualitatea plakat sovietarrean : kideen eta arerioen karakterizazio eskripto-ilonikoa errusiar hizkuntzazko oinarri literarioa duen kartel politiko sovietarrean : iraultza, aberri gerla haundia eta perestroika

1996

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Semiotika eta masa-komunikazioa : panorama europarra / [Jose Inazio Basterretxea Polo, Marian González Abrisketa]

1997

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Komunikazioaren eta informazioaren oinarriak / [Jose Inazio Basterretxea Polo]

1997

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Kultura aniztasuna eta gizarte-komunikazioa / Jose Inazio Basterretxea Polo

2002

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Aurkari ikusezina : identitateaz eta gizarte-komunikazioaz / Jose Inazio Basterretxea Polo

2003

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Marearen erraietan / Jose Inazio Basterretxea Polo

2006

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Mandatariaren gerra : itzal iraungiak muga-lerroetan / Joan Inazio Basterretxea Polo

2008

Page 11: Jose Inazio Basterretxea Polo

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Mandatariaren gerra : itzal iraungiak muga-lerroetan / Joan Inazio Basterretxea Polo

2008

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Ilargi amandrearekin, ikimilikiliklik / Jose Ignazio Basterretxea Polo ; marrazkiak, Iban Izagirre

2009

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Azken tranbiaren itzala / Jose Inazio Basterretxea Polo

2011

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Arrazoiaren hitzak : argudio-bideen arrastoan / Jose Inazio Basterretxea Polo

2007

Basterretxea Polo, Jose Inazio (1959-)

Irudiaren hiria : euskal herritarren komunikazio-gaitasunak / Jose Inazio Basterretxea Polo (EHU, UEU) [... et al.]

2011

ESTEKAK

http://zubitegia.armiarma.com/

http://www.idazleak.org/

http://www.elkarargitaletxea.com

http://www.elcorreo.com

http://www.berria.info

http://eu.wikipedia

Page 12: Jose Inazio Basterretxea Polo