euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

13
Euskal unibertsitateak gizarte- sareetan Online ospea eta web 2.0 Laura Pascual Cantabrana, Iñaki Agirre Pérez Sarrera Artikulu honetan Euskal Herriko unibertsitateen online ospea aztertu nahi dugu. Unibertsitate hauek berandu iritsi dira gizarte-sareetara. Alta, unibertsitate gazte hauentzat ospea eta izen ona lortzeko aukera irekita dago. Azken hilabeteetan kokapen eta mugimendu berri estrategikoki interesgarriak somatu ditugu, eta txosten labur bat prestatzea deliberatu dugu. Gure helburua komunikazio estrategia hauek ebaluatzea eta erkatzea izan da, unibertsitate bat hautatzear dagoen ikaslegaiaren ikuspuntutik. Txostenaren lan eremua Deustuko Unibertsitateak , Euskal Herriko Unibertsitateak , Mondragon Unibertsitateak , Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute. Oro har, gizarte-sareetan zundaketa 2010eko martxoaren lehen hamabostaldiari dagokio, baina denboraren kontzeptua ezberdina da gizarte-sare bakoitzean. Online gizarte-sareek gizartean merkatu-penetrazio handia lortu dute, batik bat erdiko eta goiko klaseetako gazteen artean. Izan ere, hauexek dira unibertsitate-ikasketak hasteko aldekoenak. Espainian, adibidez, Tuentik Googlek baino %35 trafiko gehiago eramaten du. Eta datuak bildu genituen hilabetean Facebookek 584 mila erabiltzaile gehiago lortu zituen Espainian bakarrik, hau da, %6,7ko igoera. Internauten kopuruei dagokienean, Espainiako biztanleriaren %72ak erabiltzen du internet, munduko 6. sartze-maila (Internet World Stats 2009/08).

Upload: inaki-agirre

Post on 15-Jun-2015

632 views

Category:

Education


2 download

DESCRIPTION

Euskal Herriko unibertsitateen online ospearen azterketa, gizarte-sareetan. Unibertsitateen mintzagaiak, hizkuntzak eta marka irudia aztertzen ditugu. Azkenik, ospe hori hobetzeko gomendio batzuk paratzen ditugu.

TRANSCRIPT

Page 1: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Euskal unibertsitateak gizarte-sareetan

Online ospea eta web 2.0Laura Pascual Cantabrana, Iñaki Agirre Pérez

Sarrera

Artikulu honetan Euskal Herriko unibertsitateen online ospea aztertu nahi dugu. Unibertsitate hauek berandu iritsi dira gizarte-sareetara. Alta, unibertsitate gazte hauentzat ospea eta izen ona lortzeko aukera irekita dago. Azken hilabeteetan kokapen eta mugimendu berri estrategikoki interesgarriak somatu ditugu, eta txosten labur bat prestatzea deliberatu dugu. Gure helburua komunikazio estrategia hauek ebaluatzea eta erkatzea izan da, unibertsitate bat hautatzear dagoen ikaslegaiaren ikuspuntutik.

Txostenaren lan eremua Deustuko Unibertsitateak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute. Oro har, gizarte-sareetan zundaketa 2010eko martxoaren lehen hamabostaldiari dagokio, baina denboraren kontzeptua ezberdina da gizarte-sare bakoitzean.

Online gizarte-sareek gizartean merkatu-penetrazio handia lortu dute, batik bat erdiko eta goiko klaseetako gazteen artean. Izan ere, hauexek dira unibertsitate-ikasketak hasteko aldekoenak.

Espainian, adibidez, Tuentik Googlek baino %35 trafiko gehiago eramaten du. Eta datuak bildu genituen hilabetean Facebookek 584 mila erabiltzaile gehiago lortu zituen Espainian bakarrik, hau da, %6,7ko igoera.

Internauten kopuruei dagokienean, Espainiako biztanleriaren %72ak erabiltzen du internet, munduko 6. sartze-maila (Internet World Stats 2009/08).

Ingelesez esaten duten bezala, fish where the fish are, edo Willie Sutton banketxe-lapurrak zioen legez, go where the money is... and go there often.

Xperience Consultingek idatzi eta Universian argitaratutako txostenaren arabera, unibertsitate ikaslegaietako %69ak karrera hautatzerakoan Interneten bilatzen du informazioa. Erabaki hau hartzerakoan eragile nagusiak programen aniztasuna (1.a), salneurria (2.a), unibertsitatearen ospea (3.a) eta bekak eta laguntzak (4.a) dira.

Web orrietan gehien bilatzen duten informazioak honako hauek dira: titulazioak, onarpen irizpideak eta programen salneurriak. Bai eta bestelako informazio akademikoa, egoitzei buruzkoa edo bekei buruzkoa ere errazago aurkituko nahi lituzkete. Izan ere, ikasketa-planei, onarpen-baldintzei, irteera profesionalei eta abarrei buruzko informazioaren banaketa gogoz eskertzen dute gazteek.

Ikerlan honen jopuntua gizarte-sareak izan dira, unibertsitateen ospean bolo-bolo ahoz aho dabilen iritzia giltzarria delakoan gaudelako. Gizarte-sareetan ikaslegaiek unibertsitateen kalitateari buruzko lehen eskuko informazioa lortzea daukate, eta informazio hau beraien erabakiaren eragilerik nagusienetakoa da.

Page 2: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Bigarren helburuz, unibertsitateen marka irudia aztertzen dugu, Paul J. J. Payackek dioen bezala, “ikaslegaiek, ikasle-ohiek eta enpresaburuek […] tituludunak eskolaren ezaugarriak bereganatzen dituela uste dute”lako.

Azkenik, unibertsitate bakoitzak komunitatearekin lotzeko zer hizkuntza erabiltzen duen ere aztertuko dugu.

Beste ikerlan batzuk

Guk dakigunez, gaur arte ez da Espainiar Estatuan ez eta Europan argitaratu unibertsitateen online ospearik buruzko ikerlanik.

AEBetan Texasko Global Language Monitor-rek interneteko zein prentsako hedabideetako agerpenen arabera unibertsitateak sailkatzen ditu.

CSICek munduko unibertsitateen sailkapena burutzen du web argitalpenen arabera, webometrics izenekoa. Sailkapen honetan web orrien kopurua, estekak, fitxategi motak eta Google Scholar-reko emaitzak hartzen dira aintzat. 4icu.org erakundeak ere antzeko sailkapena mantentzen du.

Beste unibertsitate sailkapen batzuk, QS-THES edo ARWU kasu, ospea aztertzen dute, baina inkesta pertsonalen bitartez (QS-THES) edo Nobel bezalako bikaintasun agirien bitartez (ARWU).

Web 1.0 eta blogosferako kokapena

Atal honetan web argitalpen osoa, alde batean, eta blog argitalpena, bestean, ikuskatuko dugu.

Webometricsen datuek Euskal Herriko Unibertsitatearen agerpen zabalagoa erakusten dute, atzean Nafarroako Unibertsitatea darraiola.

Kokapen datu hauek euskal unibertsitateen ikasle kopuruekin erkatuz, unibertsitateen web 1.0 argitalpenen antzeko errendimenduak dagertza, gutxi gora-behera ordena linealeko erlazioan. Deustuko Unibertsitatea nabari da zertxobait. Adierazle konposatutik web argitalpenaren tamainua erauzten badugu, Deustuko Unibertsitatearen errendimendua are nabariagoa da.

Page 3: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Gure ustez, gizarte-sareetako jarduera eta web argitalpenaren tamainua ez daude lotuta. Erakundearen blogen aldeko politika eraginkor batek argitaratutako web orrialdeen kopurua emenda dezake, baina hasiera batean, gizarte-sareetako guneetan jardun, mikroblogak idatzi edo gizartean etiketatzea ikuspena, onarpena eta azken batean eragina hobetzeko baliogarriak dira.

Webometrics sailkapeneko ikuspenari so, Nafarroako Unibertsitateko blog politika emankorra izan dela pentsa dezakegu, blogak sustatu bai, baina ikasleei ireki ez dizkien Euskal Herriko Unibertsitatea harrapatu duelako.

Hala eta guztiz ere, 4icu erakundearen ikuspen/onarpen adierazleak ez ditu berresten datu hauek. 4icuren arabera Euskal Herriko Unibertsitatea da nagusia, eta honen atzetik politika iraunkorra duen Deustuko Unibertsitateak zein blogik sustatzen ez zuen eta gizarte-sareetan parte hartzen ez zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Unibertsitateari aurrea hartu diote.

Azkenik, Mondragon Unibertsitateak planet formatua aukeratu du unibertsitarien etxeko zein kanpoko blogak batzeko. Ondorio gisa, datu hauek oso kontuz erabili behar direla ohartu besterik ezin dugu egin. Izan ere, neurtresnen emaitzak ez datoz bat.

Page 4: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Ikuspegia osatzeko asmoz, surchur zerbitzuaren beste adierazle bat eskaintzen dugu, ikasleak erakartzeko garaiko blogen onarpena, hain zuzen ere. Aipatu zuhurtzia ahaztu gabe, unibertsitate pribatuek (Deustuko, Nafarroako eta Mondragon Unibertsitateak) hobeto jokatzen ari direla esango genuke.

Page 5: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Gizarte-sareetako jokamoldeak

Euskal unibertsitateei buruzko mezuak gaika

Euskal unibertsitateen irudiari beste bistarazo bat emango diogu atal honetan. Zertaz hitz egiten den, elkarrizketa zertaz den begiratuko dugu. Horretarako, gizarte-sare bakar batean jarriko dugu arreta, twitter ospetsuan, eta topsy zundaketa tresna bezala hartuta, mintzagaiak aztertuko ditugu.

Unibertsitatearen eginkizuna irakaskuntzan eta ikerketan datza, batik bat. Esparru hauek sostengatzeko kudeaketa prozesuak dauzkagu. Eta azken hamarkadetan unibertsitate-hedapenaren aterkinaren azpian sartzen diren bestelako jarduerek garrantzi handiagoa hartu dute. Espainiako Unibertsitateen Lege Organikoaren 14. tituluarekin bultzatu nahi den kirola, zientzia eta jakintzaren zabalkundea, musikaldi eta jaialdiak, edo eta elkartasuna eta giza-eskubideen defentsa sartzen dira esparru honetan.

Sarearen mintzoa entzuten badugu, unibertsitate-hedapenak hartzen duen lekuaz jabetuko gara. Izan ere, horrelako jarduerak mikroblogetako aipuen gehiengoa dira. Berezko edo jatorrizko jardueren artean, ikerketak irakaskuntza aurreratzen du. Honek, zalantzarik gabe, sareko mintzoak unibertsitateetatik bertatik gidatuta dagoela erakusten du, beraien barneko ikuspuntua baita. Unibertsitateetan ikerketa aintzat hartu ohi da, irakaskuntzaren gainetik. Laugarren lekuan kudeaketa bera dago.

Unibertsitate-hedapenean zentratzen bagara, elkartasunak eta giza-eskubideen defentsak mezuen erdia hartzen dutela ikusiko dugu. Again Ameriketan gertatu diren hondamendiek bultzatuta,

Page 6: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

unibertsitate katolikoak nahiko mintzatu dira horretaz. Gero, zientzia eta kulturaren zabalkundeaz mintzatu da. Piska bat gutxiago, musikaldi eta jaialdietaz. Eta agertu ez dena, gure harridurarako, kirola izan da.

Konparaziorako, Duke unibertsitateari buruzko gaiak

Datuak hobeto ulertzeko, jo dezagun AEBetara. Horko Duke Unibertsitatea, munduko onenetarikoa, erabiliko dugu konparaziorako. Lagin txikia hartu dugu, baina hona emaitzak:

Ikuspegia zeharo ezberdina da. Ikerketa, edo unibertsitatearen kudeaketa, ez dira aipatu ere egin. Irakaskuntza bai, saltzen dutela ematen du. Eta solasaldiaren esparru gehiena kirolak hartzen du. "Go, Duke, go!" entzuten denean, saskibaloiko edo lacrosseko unibertsitateko kirol-taldeez ari dira.

Hango unibertsitarien komunitate sena arras bestelakoa dela ematen du.

Euskal unibertsitateekiko atxekimendua gizarte-sareetan

Euskal unibertsitateek gizarte-sareetan duten presentziari beste begirada bat emateko, agertu diren mezuen zentzua aztertuko dugu. Blogetan azaldu diren mezuek, mikroblogetan elkar trukatzen diren mikromezuek, argitaratzen diren berriek, bideoek, argazkiek, gizarte-sareetan sortzen diren taldeek unibertsitate hauekiko zer nolako atxekimendua adierazten duten gainbegiratu dugu. Irudi ona, neutroa edo txarra islatzen al dute? Maitasuna ala gorrotoa? Bertan ikasteko erabakia hartzear dauden ikaslegaien eta beraien familien aurrean, nola ematen dute?

Page 7: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Lagina ateratzeko surchur, topsy, tweetmeme eta facebookek berak eskaintzen duen bilaketa tresna erabili ditugu.

Honako hauek dira emaitzak:

Euskal Herriko Unibertsitatearen irudia nahiko ona da. Mezu positiboak ikerkuntzari lotuta banatu dira, batik bat. Mezu eztabaidagarriak, hortaz neutroak bezala sailkatu ditugunak, gatazka laboralen ingurukoak izan dira. Eta mezu negatiboak, liskartsu bihur zitezkeen agerraldi batzuen inguruan agertu dira.

Nafarroako Unibertsitatearen irudia ere nahiko ona da. Mezu positiboak ikerkuntzari, irakaskuntzari eta unibertsitate-hedapenari lotuta sortu dira. Mezu eztabaidagarriak, abortuaren aurka (edo bizitzaren alde) sortu dira. Eta mezu negatiboak, ETAren borrokarekin zerikusia izan zutenak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren irudia, aldiz, ez da hain ona. Mezu positiboak ikerkuntzarekin dute harremana, baina mezu negatibo guztiak Diario de Navarrak burutu zuen aipu-galtze kanpainia baten inguruan sortu dira. Ustezko elkarbizitza urratze batzuek zuten aitzakia, eta ez dute oihartzun handirik izan. 6 mezu, blogetan, besterik ez ziren sortu, baina unibertsitate honen inguruan dagoen isiltasunean, nabarmendu dira. Ospearen krisialdiak nola kudeatu behar diren gogoratu beharko genuke, hortaz.

Deustuko Unibertsitatearen irudia nahiko ona da. Mezu positiboak ikerkuntzari eta enpresekin dituzten harremanei lotuta banatu dira. Mezu negatiboak, aldiz, irakaskuntza kaxkarraren inguruan jaulki dizkiote. Facebookeko taldeak dira; Duke Unibertsitatetik arazo hori nola kontrolatzen duten ikastea badaukate.

Page 8: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

Mondragon Unibertsitatearen irudia perfektua dela esan genezake. Alabaina, oso mezu gutxi argitaratu dira. Euskal unibertsitateen inguruan argitaratzen diren mezuen %4 besterik ez, zundaketa honetan. Lan egin beharko lukete beraien presentzia handitzeko, balizko krisialdi baten aurrean erantzun ahal izatekotan.

Azken zertzeladak

Hizkuntza

Saltzaileen esamesa zaharrak zure bezeroaren hizkuntzan mintzatu behar duzula dio. Balizko bezero hau nor den ez da zaila asmatzen, batik bat unibertsitate publikoena. Gizarte-sareetan eramaten den hitzaldia nagusiki gazteleraz ematen da. Euskal Herriko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitatea nahiko trebeak dira bai gazteleraz eta bai euskaraz hitz egiten. Besteak, ordea, gehien bat erdara hutsean hitz egiten dute. Nabarmentzekoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kasua, unibertsitate publikoa izanda, nafar ikasleriari begira oso-oso gutxi erabiltzen baitu euskara gizarte-sareetan.

Bestalde, Europako unibertsitateek ikasleen mugikortasunaren tasa igo nahi dute, %20raino. Helburu honetatik urruti dabiltza unibertsitate gehienak; 2008an Euskal Herriko Unibertsitateak 1000 ikasle bidali zituen kanpora, eta 500 ekarri, %4ra iristen ez den mugikortasuna, alegia. Nafarroako Unibertsitateak, aldiz, gertuagotik dabilkio helburuari segika, ikasleen %14a atzerritarra duela iragarri berri baitu1. Bosteneko helburura iristeko, ikasleak kanpora bidali behar dira, bai eta kanpokoak gurera erakarri ere. Eta ikasleak erakartzeko, beraien hizkuntzan mintzatu behar zaie. Ingelesez bidaltzen diren mezuak, ordea, hutsaren hurrengoa dira. Frantsesa, alemanera, portugesa edo italiera, ezezagunak dira. Badago lantegia egiteko, orduan, arrotz hizkuntzetan.

Marka

Euskal unibertsitateak nahiko ezagunak dira beraien inguruetan. Baina kanpoko ikasleei begira, beren markaren indarra ez da hain handia. Unibertsitate gazteak dira, eta ez, zoritxarrez, punta-puntakoak. Gauzak zailtzeko aldera, gizarte-sareetan karaktere gutxiagotan idatzi behar dugu, eta bi ahuldade hartu behar dira kontuan:

1. Siglen eta laburduren nahasmena. Nafarroako Unibertsitateak @unav erabiltzen du askotan, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak @UNavarra. Euskal Herriko Unibertsitateari UPV esaten diote batzuek, baina Universitat Politècnica de Valènciaren siglak dira.

2. Fakultateen zein ikastetxen nabarmenkeria. Gertuko inguru profesional batzuetan La Comercial, FCOM edo HUHEZI ikastetxeak ezagunak izango dira, baina hastear dagoen

1 http://www.unav.es/informacion/noticias/1490-alumnos-internacionales-73-paises-estudian-universidad-navarra

Page 9: Euskal unibertsitateakgizarte sareetan-pascualagirre2010

ikaslegaiarentzat hutsaren hurrengoa dira, are gehiago ikasle atzerritarrarentzat ere. Eta mezu laburretan, unibertsitatearen markari itzala egiten diote, batzuetan.

Gomendioak, edo euskal unibertsitateen gizarte-sareetarako dekalogoa

Arestian ikusitako egoera kontuan izanda, 10 gomendio eta piko plazaratzen ditugu:

1. Banatu egiten duzuna. Gizarte-sareetan komentatu edo estekatu zure prentsa-oharrak, sailetan edo ikastetxeetan gertatutakoaren berri edo lorpen garrantzitsuenak. Erakundearen ikuspegi nagusia taiutzen lagundu.

2. Irudikatu egiten duzuna. Ikasleak liburutegian, korridoreetan, zelaietan, kiroldegietan. Irakasleak eskolak ematen eta ikerlariak laborategietan. Argazki bildumak eta bideoak, etxean prestatu edo lehiaketak antolatu, edo are errazagoa ere, komunitateak egiten duena estekatu eta balioetsi.

3. Erakundearen barruan erabiltzaile goiztiarrak bilatu, eta beste batzuk lortu (formakuntzaren bitartez, adibidez, edo hitzaldien bitartez). Horien emango dizute ikus-entzulegoa, proiekzioa eta berriak. Zehaztu etxe barneko kanalak. Oihartzuna eman pertsona hauei. Lortu bilkura edo ekitaldi gehienetan zuzenean mikroblogeatzeko eta argazkiak zein bideoak igotzeko norbait.

4. Finkatu etiketak eta laburdurak, indartu markaren ezagutza.

5. Gutxitan bada ere, erabili beste hizkuntzak. Finkatu ikuspegi bat beste hiztun komunitateei begira.

6. Entzun gizarte-sareetan esaten dena. Ospea monitorizatu, eta taxuzko erantzunak prestatu krisialdietarako. Neurtu zure kanpainen oihartzuna eta emaria. Diseinatu etxe barneko komunikazio-fluxuak.

7. Erantzun erabiltzaileen beharrei. Gure merkatua ere elkarrizketa bat da. Ez dago egunetan erantzun gabe geratu den galderarena baino irudi pobreagoa.

8. Antolatu taldeak komunitatearentzat. Erraztu eta balioan jarri beraien arteko harremana. Facebookeko taldeak eta zaletasun orriak, LinkedIn-eko taldeak eta orrialdeak, horietara guztietara zure komunitatea bilduko da, edukin eta mantenu apur bat emanda. Ez duzu ikasle-ohientzako plataformarik? Sortu gizarte-sareren batean, eta elkartearekin landu.

9. Erabili teknika osagarriak neurrian. Barneko atariren batean agertzen diren berriak automatikoki gizarte-sareetara bidaltzea ondo legoke, baina internauta askok gutxiesten ditu automatismoak. Eta kontra norazkoan, etiketa baten azpian esaten dena zure web orrialdetan txertatzea polita eta erakargarria da, baina inork ez badu begiratzen, zutaz trufatzeko eragile bihur liteke.

10. Antolatu ekitaldiak gizarte-sareei begira. Zure komunitatearekin elkarrizketa bat izateko aukera bat da, eta Stanford-en bezala ondo antolatuta emaitza oparoa lor liteke. Badakizu, oihanean tximinoa dena, berera, baina gorilei begira noizbehinka.

11. Landu mugikortasuna. Honek beste dekalogo baterako lana emango du, baina ez ahaztu.