Download - Gorka Fraile Euskera
-
BADAJOZEKO OSPITALEAN MINBIZIAGATIK EBAKUNTZA
IZATEN ARI DEN GORKA FRAILE EUSKAL PRESO
POLITIKOAK TRATU OLDARKOR ETA ANKERRA JASO DU
POLIZIAREN ALDETIK
Mingaineko tumore bat kentzeko
Badajozeko ospitalean uneotan operatzen
ari diren Fraile esposatuta izan dute
logelan atzotik eta presoa bere onetik
ateratzeko asmoz uneoro iskanbila sortzen
aritu dira zaintzen duten lau poliziek;
sendiari bisita oztopatu diote ere.
ETXERAT. Mingaineko minbizia sendatzeko ebakuntza izaten ari den Gorka
Fraile euskal preso politiko durangarrak tratu anker eta oldarkorra jaso zuen
atzoko egun osoan zehar Badajozeko ospitaleko logela batean uneoro zainduta
duten lau polizien aldetik. Ebakuntza bat jaso aurretik beharko lukeen lasaitasun
tratuaren aurka, eskuburdinak jarrita izan ditu Frailek atzotik kartzelatik ospitalera
bidean 07:30etan atera zutenetik (gauean zehar ere), eta zalapartaka aritu zaizkio
etengabe poliziak atzoko egun guztian zehar: mobilaren bidez musika eta
bideoak bolumen handian jarriz, paretaren kontra kolpeak emanez eta logelan
zegoen edozer iskanbila sortzeko baliatuz. Altzari pieza bat puskatzera heldu dira
ere. Tratua argi eta garbi ankerra izan da: lasaitasuna lortzen zuela ikusten zuten
unean asaldatzeari ekiten zioten poliziek. Tratu krudel horrek zuzenean eragin dio
Fraileri. Hainbeste, sendiak hura ikustea lortu zuenean egoera oso urdurian topatu
zuela Fraile, oraintxe egiten ari dioten ebakuntza baztertzeko aukera planteatu
zuela ere, kartzelara berriz eraman zezatela eskatuz.
Horrez gain, sendiak Fraile bisitatu dezan oztopoak jarri dituzte, eta presoa
ikustea galarazten saiatu dira. Atzo abokatuak azaldu zienez, Frailerekin lau orduz
(16:00etatik 20:00etara) egoteko aukera izan zezaketen, hori baita preso sozialek
izaten duten denbora, baina preso politikoa izanda polizia buruaren esku izango
zela ohartarazi zien. Hala, hasiera batean 18:00etatik 20:00etara eman bazieten,
gerora poliziek ekidin egin zuten hori: presoarekin egoteko 30 minutu soilik
uzteko agindua zutela esan zioten familiari. Hori dela-eta 10 minutuko tarteetan
sartu ziren hiru famili- kideak. Horrez gain, ebakuntza-gelako itxarongelan
egoteko eskubidea ere ukatu diote sendiari goizean. Euskal Herriko mediku
ezberdinek Badajozeko ospitalera deitu eta egoera aldatzea lortu dute, eta
uneotan bi famili- kidek sartzea lortu dute. Goizeko 08:30etan hasi zaizkio Fraileri
ebakuntza egiten eta 17:30etan dago aurreikusita amaitzea. Lau poliziak ere
berarekin sartu dira ebakuntza-gelara Fraile "zaintzeko".
Prentsaurrekoa
Giza eskubideen aurka doan tratu nardagarri eta bihozgabe hau dela-eta, Etxerat
Elkarteak prentsaurrekoa eskainiko du bihar Durangoko Kafe Antzokian,
Plateruenan, 11: 30etan, azalpen gehiago eskaintzeko . Bertan, Etxerateko kide
bat, Gorka Fraileren famili kide bat eta mediku bat izango dira.