triptiko - wordsotherwordsliterature.eu/uploads/work/triptiko.pdf · berriz, asteazkenean izango...

12
TRIPTIKO Hiru ahotsetarako eleberri laburra (hasierako pasarteak) Cathal Póirtéir Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal Sarasua

Upload: others

Post on 31-May-2020

9 views

Category:

Documents


0 download

TRANSCRIPT

TRIPTIKO Hiru ahotsetarako eleberri laburra

(hasierako pasarteak)

Cathal Póirtéir

Itzultzailea: Juan Mari Mendizabal Sarasua

TRIPTIKO Hiru ahotsetarako eleberri laburra

(hasierako pasarteak)

Cathal Póirtéir

Eoin Bihotzondoko ederra hartu nuen, egunkaria irakurtzen ari nintzela, begirada Jacken eskelan pausatu nuenean. Ez nuen inondik inora ere espero, ez nekien eritasun larri bat zuenik ere, urteek gorputz zaharrak erasateari ekiten diotenean edonork izan dezakeenaz kanpo.

Hil-mezuak ez ditut egunero irakurtzen, bertan ezagunak, urteak joan urteak etorri, gero eta maizago agertzen diren arren. Niretzat garrantzia duen heriotzaren bat gertatzen baldin bada, norbaitek jakinaraziko didala espero izaten dut, baina batzuetan beranduegi izaten da halakoen berri ikasten dudanerako. Egun hartan -Eguberri osteko egun lasai horietako bat zen- ez nuen inongo presarik, eta egunkaria erosia nintzen, aspaldiko partez. Ez dakit zergatik, berripapera uztera nindoalarik begirada bat bota nion Jaiotzak, Ezkontzak eta Heriotzak sailari. Gaelikoz idatzitako eskela bat zegoen. Ezustean harrapatu ninduen bertan Jacken izena topatzeak. Testu laburrak berretsi egin zidan nire adiskide zaharra joana zela.

«Etxean zendu da, gaixotasun luze baten ondoren. Samin sakona hartu dute Deirdre emazteak eta Máirín alabak. Astelehen-asteartean egingo zaio hil beila etxean; hileta elizkizunak, berriz, asteazkenean izango dira, goizeko 10:00etan, eta ondoren, hilobiratzea, Belfasteko Milltown hilerrian».

Astearte arratsaldea zen hil-mezua irakurri nuenean. Egunkaria irakurtzera eseri baino lehen bazkaldua nintzen. Ez nuen zalantza izpirik izan: joan egingo nintzen adiskide zaharraren gaubeila eta hiletetara. Etsaituak ginen behin batean, baina inoiz izan dudan adiskide minena izaten jarraitu zuen; tira, gizonezko adiskide minena. Segituan abiatu beharko nuen iparralderantz, gaubeilan garaiz azaldu nahi banuen, eta gero gaua Belfasten igaro, biharamunean hileta elizkizunetara joan arte. Iragarritako elurra traba izan zitekeen goizean gidatzeko. Azken gauetan izotzaldi galantak izan ziren, eta errepideak arriskutsuak ziren goizetan. Elurretan eta errepide izoztu labainkorretan gidatzea ez dut batere gogoko. Lehenago ere irristadaren bat izana nintzen pare bat aldiz, eta zorionez onik irten nintzen bietan. Sentipen beldurgarria zen auto baten kontrola galtzea, eta urduri jartzen nintzen izotza egiten zuenetan.

Alkandorak, galtzak eta jertse bat sartu nituen bidaia-poltsan, eta Falls Roaden behealdetik hurbil zegoen hiriguneko hotel batera hots egin nuen logela erreserbatzeko, bertan egona bainintzen urte hartantxe Ulsterreko Arte Akademiaren urteroko erakusketara joan nintzenean.

Hotela ez zegoen gaizki, eta musika tradizionala jotzen zuten pub txiki bat zegoen urrun gabe. Kokapen ona zuen hurrengo goizean, hiletaren ondoren, berriro hegoalderantz itzultzeko, baina eguraldi iragarpenak erabakiko zuen abiatzeko unea. Azken egunetan elur pixka bat egin zuen hegoaldeko toki gutxi batzuetan, baina sendo samar bota zuen leku bakarra Ulsterreko mendialdean izan zen. Goiz abiatu beharko banuen ere etxera egun argiz itzultzeko, hainbeste jende egongo zen hiletan eta gerokoetan, non Deirdre apenas jabetuko zen bertan nengoen edo ez.

Jack oso ezaguna zen, eta zalantzarik ez nuen musika giroetan urte askoan ezagutu zuen jendez mukuru egongo zela hilerria.

Eguberritan irakurtzen ari nintzen liburua ere poltsan sartu nuen, beste aukera bat izateko hoteleko telebistaz eta pubeko musika saioaz gain. Liburu on bat sarri suertatzen zitzaidan lagungarri etxetik kanpo nengoenean. Irlandan, Eguberri osteko garaia nahiko motela izan daiteke patrikak hutsik eta buruan ajea dauzkazunean. Neguan jada jende askorik ezagutzen ez duzun hiri batean zaudenean, afaldu eta trago bat edo beste hartu eta gero ez da egiteko askorik geratzen.

Autobidez, Belfast ez dago Dublinetik urrun, baina hilabete batzuk neramatzan hara joan gabe. Irlandara bizitzera itzuli nintzen lehen urteetan, saiatzen nintzen bidaldia sarri samar egiten, Deirdre eta Jackekiko adiskidetasunari eusteko, eta haiek ere aldian behin Dublinera etortzen ziren bisita egitera, antzezpen edo partida baten aitzakian. Baina denboraren joanaz lotura zahar haiek lasaitu egin ziren, eta Jacken eta bion artean gauzak okertu zirenean ia bertan behera geratu zen gure harremana. Tamal handia izan zen.

Baina orain hilik zegoen nire bizitzan begikoen izan nituen bi pertsonetako bat, eta berriro nintzen iparraldera bidean. Deirdre oso atsekabetuta egongo zen bere galeragatik, ezin nuen haren aldetik ongi etorri handirik espero.

Denbora pixka bat behar izan nuen nire puskak bildu eta harrikoa egiteko. Ez zait gustatzen txukun ez dagoen etxe batera itzultzea. Iluntzen hasia zen errepideari lotu nintzaionean, baina banekien Belfastera garaiz iritsiko nintzela hilbeilan agertzeko beranduegi izan baino lehen, errepideak berriz izoztu aurretik. Haizetakoaren kontra mantso erortzen ziren elur maluten antzera, oroipen zahar barreiatuak beren kabuz azaleratzen hasi ziren, emeki erortzen eta ostera desagertzen, haizetakoa malkoz ildokatuta utziz.

*****

Máirín Gezurretan ariko nintzateke gau hartan atea zabaldu nion gizon hari ezer berezirik antzeman niola esango banu. Baina, aldi berean, zerbait egon behar izan zuen halako gertakari hutsal bat oroimenean iltzatuta geratzeko. Aita hil ondoko bi egunetan hainbat eta hainbat ezezagun topatu nituen, eta oroipen lauso bat baino ez dut haietako gehienez.

Aitak bi egun zeramatzan hilda, eta jendea etxean sartu-irtenean zebilen, goizetik gauera itsasoak gora eta behera egiten duen patxada berberaz. Denak ziren ongi etorriak, baina egun haiek luzeak eta nekagarriak egin zitzaizkidan. Ezagutzen nituen senideak eta auzoak, noski, baita urteen poderioz aitarekin lan egin zutenetako batzuk ere; beste batzuek, ordea, azaldu egin behar zidaten nor ziren eta nondik nora ezagutzen zuten aita edo ama. Denei egiten nien ongi etorria, ezagutzen nituenei eta ez nituenei. Hori baitzen egin beharrekoa; gainera, doluminen arteko berriketek atsekabea leuntzen dute, inondik ere, heriotzaren eta hileta egunaren arteko egun triste horietan.

Beste kontu bat izan zen hurrengo asteetan bakardade isila gainera jausi zitzaigunean, munduak aurrera jarraitu arren, amak eta biok geure kabuz borrokatu behar izan baikenituen nola etxeko hustasuna hala gure bihotzetako etsipena.

Hilbeilak iraun bitartean, etxeko atea erdi zabalik geratzen zen sarri, irteten ari zen pertsonak sartzen ari zena ezagutzen zuenean, baina batzuetan irteten zirenek itxi egiten zuten atea kanpora bidean, beroak ihes egin ez zezan. Urte hartan, Eguberri osteko egunak hotz-hotzak izan ziren; baina beila egiten den etxean jende asko biltzen denean, eta jende horri tea eta sandwichak atera behar zaizkionean, hotzak ez du eragin handirik heriotzak berarekin dakartzan eginbeharrez arduratzen den pertsona batengan.

Gizon hark atea jo zuenean, ni joan nintzen zabaltzera. Atea ireki nuelarik, apur bat atzeratu zen eta begira geratu zitzaidan. Dirdai antzeko bat agertu zitzaion begietan, baina une batez ez zen haren ahotik hitzik irten.

-Máirín izango zara, noski –esan zuen azkenik ahots txeratsuz.

-Huraxe naiz, bai –erantzun nion. -Dolumina adieraztera nator –esan zidan ezezagunak. Ahots

atsegin maitagarria zuen, eta haren portaerak esaten zidan bera ere nahigabetu zuela aitaren heriotzak. Aitaren adin bertsua izateko itxura zuen, baina ez zen aita bezain lerdena.

-Eskerrik asko –esan nuen, eta eskua luzatu nion. Ez nuen ideiarik ere nor zen aurrean nuen pertsona, eta ahots zalantzatiz desenkusatu nintzen-. Ez dut uste elkar ezagutzen dugunik.

-Zuk ni ez, baina haurtxo bat zinenean ezagutu zintudan nik –esan zuen gizonak irribarreño batez-. Txikiegia zinen gogoratu ahal izateko. Eoin Mc Gee nauzu, zure gurasoen adiskide zahar bat naiz, zu jaio baino lehenagotik ere. Bolada luzea daramat haiek ikusi gabe, baina berehala ezagutu zaitut amarekin duzun antzagatik.

Irribarre egin nion erantzun gisara, eta etxearen epeltasunera sartzera gonbidatu nuen, baina beste une batez geratu zitzaidan so. Bere begirada tinkoaz jabetu nintzela konturatu zen.

-Barkatu –esan zuen Eoin Mc Geek ahots gozoz-, oroipenetan galduta nenbilen. Ez nuen halako ile ederrik ikusi zure ama lehenbiziko aldiz topatu nuenetik, duela aspaldi. Ile hori-gorrizta horri begira, iruditzen zait berrogei edo berrogeita hamar urte atzera egin dudala eta gaztetxo bat naizela berriz.

Ohartu zen apur bat deseroso nengoela eskaintzen zidan arretagatik, eta bere burua zuritu zuen:

-Barka itzazu agure baten buru-arinkeriak. Saiatu nintzen azaltzen ez zela nire urteak zituen garaiko

amaren berdin-berdina nintzela uste zuen bakarra. Batzuetan esaten zidatela neska gaztetxo bat nintzenean, eta emakumetu nintzenetik askotan entzun niela ezagunei, batez ere aitari. Zein berdinak ginen konturatzen nintzen amaren argazki zaharrak, nire adina zuen garaikoak, ikusten nituenean.

Egongelan beti egoten zen gurasoen eztei argazki laukitu bat, haien aurpegi dotoreak elkarrenganako maitasunak argiztaturik. Eztei soineko hartan amak printzesa bat ematen zuen; aitaren trajea, berriz, beharbada boladan egongo zen garai hartan, baina orain ez zegoen batere modan. Dagoeneko ez zitzaidan igartzen aita gizajoaren aztarna handirik, baina, neskato bat nintzenean, esan ohi zidaten haren familiaren aldera atera nintzela, sudur berdina geneukala. Gure arbasoen bi adarren historian seguru asko norgehiagoka etengabe bat egon da aurpegieren artean, zein nagusituko.

Beste begiratu bat egin nion nire aurrean, sartu aurretik, zapatetako elurra astintzen ari zen gizonari. Begi gaztainkara politak zeuzkan, ahots gozoa, eta adinak ez zion kezka handirik sortzen, itxuraz. Atetik apur bat urrundu nintzen, gizona haize zorrotza atzean utzi eta atondora sartu zedin. Barrura egin zuen, eta atea itxi nuen haren atzetik. Dotore jantzita zihoan: ongi jositako beroki itsas-urdina, zetazko lepoko koloretsua eta larru beltzezko eskularruak. Garaiera ertainekoa zen, pittin bat lodia, eta dezenteko burusoiltasuna zeukan, belarrien gaineko ile urdinduzko zerrenda salbu. Gaztea zenean emakumeek zerbait ikusiko zioten, baina orain bizitzak bere marka utzita zeukan, nahiko xumea izanagatik ere. Haren begietan bazegoen halako distira maltzur bat, harekin berriketan aritzera bultzatzen zintuena, baina gau hartan ez nuen aukerarik izan. Nolabaiteko zurruntasuna nabaritu nion ibileran. Lepokoa eta berokia hartu nizkion, eta inolako eraztunik ez zeramala jabetu nintzen eskularruak eman zizkidanean. Krema koloreko alkandora eta jaka marroi argi polit askoa zeramatzan soinean, arreta bere begietara eramaten laguntzen zutenak. Bazeuden adineko beste gizon batzuk beilara eta hiletara joanak beltz tradizionalez jantzita, baina gizon hark estilo gazteago bat zuen, nahiko ongi zihoakiona. Begien bistakoa zen gogoko zuela dotore jantzita ibiltzea, eta urteak ez zirela harentzat eragozpena. Kontua da, auskalo zergatik, egun haietan agurtzera azaldu ziren beste batzuk baino sendoago geratu zitzaidala oroimenean finkatuta. Alabaina, denbora puska batean ez nuen Eoinez pentsatu.

-Ama goian dago –esan nion emeki, buru keinu bat eginez eskaileretarantz-. Uste dut berriro hasi behar dutela arrosarioa. Berokia zintzilikatuko dizut, eta zurekin igoko naiz gero.

Eskailerak igotzen hasi baino lehen, gizonak begi gaztainkarak jiratu zituen eta berriro erakutsi zuen irribarre adeitsu hura.

-Ez zait axola bakarrik igotzea. Amari ez diozu azaldu behar nor naizen. Gogoratuko da nitaz. Gera zaitez hemen jende gaztearekin.

Ondoren jaka eta alkandora eskuez atondu, eta arretaz igo zituen otoitzen murmurioa berpiztua zen gelara zeramaten eskailerak.

Justu orduan agertu zitzaidan atean eskolako adiskide zahar bat, eta berriro iritsi zen besarkaden eta doluminen txanda. Erabat ahaztu nintzen Eoin Mc Geez, eta, arrats hartan etxean sartu-irtenean ibilitako hainbeste jenderen ondoren, gaua iritsi arte ez nintzen konturatu ongi jantzitako gizon hark laguntzarik gabe aurkitu zituela eskularruak, lepokoa eta berokia, eta ni ohartu gabe irten zela etxetik.

Ahaztu egin zitzaidan amari aipatzea beren adiskide zaharra topatu nuela, edo amaren antza handia nuela esan zidala. Amak ere ez zuen gizona aipatu: izan ere, bisitari guztiak joan zirenean, biak hain geunden abailduta, emozional zein fisikoki, ez zitzaigun berriketarako gogo handirik geratu.

Amari iruditzen zitzaion ez zegoela inolako premiarik hilkutxari gau osoan lagun egiteko, jende batek egiten duen moduan. Jabetzen zen egun luzea izango zela biharamuna, eta biok fresko egon beharko genuela. Elkarri besarkada luze samur bat eman ondoren, ohera joan ginen.

Nik uste amari bere fede erlijioso sendoak lagundu ziola aitaren heriotza eramaten. Bazirudien pozik zegoela, senarra orain zegoen lekuan gaixotasun latz hark ezingo zuelako gehiago hondatu. Jasangarriagoa suertatzen zitzaion haren heriotza: ez genuelako ikusi behar nola sufritzen zuen eta nola zihoan astiro higatzen. Horixe esan zidan, itzulingururik gabe, bakarrik geratu ginenean, eta bat etorri nintzen harekin; baina aldi berean nolabaiteko desleialtasuna iruditu zitzaidan aitarenganako.

Beharbada urrundik ikusi nuen Eoin Mc Gee hileta egunean, baina oso nahigabetuta nengoen eta ezin dut seguru esan. Jendetza handia zegoen elizan eta hilerrian. Esku tinkatzeak, besarkadak eta malkoak behin eta berriz. Hilkutxa hondoratu zutenean, negar-malkotan urtu nintzen hilobi ondoan. Okerragoa izan zen buztin lurra botatzen hasi zirenean hilkutxaren gainean, pixkanaka desagerraraziz. Apur bat atzera egin nuen hilobi ertzetik, betiere amaren besoari helduta. Nahikoa ikusi nuen. Lurraren hotsa aditu nuen hilkutxako zuraren gainean errukigabe erortzen, palakadaz palakada. Luze gabe, hots sakon hura gero eta leunago bihurtu zen, xuxurla baten antzekoa, hauts izan eta hauts bihurtu; gero isiltasuna egin zen.

Egun haietan aldarte aldaketa bitxiak sumatu nituen nire baitan, marru-negarretik barre algaretara zihoazenak. Bihotza hautsita neukan, eta oraindik ere hautsita daukat, baina, nola edo hala, jendeak lagundu egin zigun aitaren umorea eta espiritua berreskuratzen.

Pasadizoak joan, pasadizoak etorri, amak eta biok barre egin genuen, gure nahigabe suntsitzailea gorabehera. Esplikaezina egiten zait giza bihotzaren gaitasun hori, baina agian horrixe esker ez gara saminaren saminaz erotzen.

Ordu arte ezin nuen bizitza irudikatu aita gabe. Urte pare batez Brightonen graduondoa egiten egon nintzenean ere, beti neukan eskura telefonoz edo FaceTimez deituz, edo besterik gabe beraz pentsatuz. Haren umorea, bizitasuna eta zorroztasuna batera zihoazen. Hogeita bost urtez bakarrik izan nuen ondoan, baina orain, albotik betiko joan zaidan honetan, estimu handitan ditut urteok. Ez da harritzekoa amak halako indarrez sinestea heriotzaren osteko bizitzan. Haren fede sendoa eduki nahi nuke, erraztu egingo bailidake bizitza; baina ez daukat.

Harrigarria iruditu zitzaidan amak zein ongi eraman zituen lehen egun haiek. Berak eta aitak berrogei urtetik gora zeramaten elkarrekin, ikasle garaian elkar topatu zutenetik. Ama gajoa, ziur nintzen erabat galduta geratuko zela aita gabe, eta saminak estututa biziko zela hil arte. Bakardadezko bizitza izango zuela imajinatzen nuen, eta niretzat ustekabea izan zen hurrengo aste eta hilabeteetan nola aurkitu zuen barne indar hura. Moldatu egin zen halako txoko ezkutu batetik indarra ateratzen, tristura oldar berri batek jotzen ninduen bakoitzean laguntzeko. Hasieran justu alderantziz izango zela uste nuen, ni izango nintzela indar iturri harentzat, eta suposatzen dut noiz edo noiz izango nintzela. Litekeena da berak halako barne indar bat edukitzea; ez nuen, ordea, behar bezala erreparatu haren sendotasunean, aita beti zegoelako energiaz beteta eta bere buruaz seguru. Ez nintzen konturatu aitaren atzean beti zegoela ezkutatuta amaren parte bat. Orain badakit hori, eta badakit halaber gazteagoa nintzenean beste gauza batzuez ere ez nintzela jabetzen.

*****

Deirdre Txundituta geratu nintzen. Zahartuta zegoen, baina betiko Eoin zen, inolaz ere.

Ez dut hitz egokirik aurkitzen bihotzean sentitu nuen poza deskribatzeko Jack zetzan gelan bildutako jendetzaren atzean ikusi nuenean. Gure begiradek topo egin zuten segundo batez, beste inor konturatu gabe. Arrosarioa esaten ari ginen Jacken hilkutxaren inguruan, eta puska bat itxoin behar izan genuen hitz egiteko aukera izan arte. Agian ez nuen nengoen bezain pozik egon behar Eoin ikusteagatik, baina tira, ezin ditzakegu kontrolatu bihotzean eta gogoan jira eta bira dabilzkigun sentimendu eta ideia guztiak. Hogei urte ondo paseak ziren azken aldiz ikusi nuenetik. Bibliako ardi galdua aurkitzea bezala izan zen. Ongi etorri beroa egin nion, zer beste egin behar nion hain luze desagertuta egon zen gizonari? Nik uste Jackek ere ongi etorria egingo ziola, bizirik balego. Adiskidetasun zaharrak gainditu egingo zituen behinola haien artean sortutako desadostasunak; zer esanik ez orain, heriotzaren aurrean.

Arrosarioaren legea amaitutakoan, jende gehiena gelatik irten arte itxaron zuen Eoinek; gero ni nengoen lekura hurbildu zen, hilkutxaren burualdera. Ez zen berehala niregana etorri; lehenik Jacken gorpuaren aurrean gelditu zen, aitarena egin eta otoitzean jardun zuen, aurrean zetzan adiskide zaharrari tristuraz begiratuz. Ziur naiz dirdira bat ikusi nuela haren begietako hezetasunean, bere gogoetetan murgilduta zebilelarik, baina ez nuen malkorik ikusi haren masailetan behera. Horrelakoxeak dira gizonak jendaurrean daudenean.

Azkenik, dolumin emaileen ilarari eskua tinkatzen amaitu nuela ikusi zuenean, hurbildu egin zitzaidan Eoin. Eskua luzatu zidan eta tinkatu egin nion. Formalki adierazi zidan dolumina, baina emozioa igarri nion ahotsean. Gero, lagun eta senide anitzek egin bezala, besoez inguratu ninduen eta besarkada bat eman zidan. Emeki baina tinko heldu zidan, eta estimatu egin nion ukitze fisikoa. Urteetan atzera eraman ninduen. Haren bihotzaren taupadak aditu uste izan nituen burua bularraren kontra jarri nionean haren babes osoa sentitzeko eta nire bihotzari egiaztatzeko berriro nengoela Eoinen besoetan. Segundo batzuk izan ziren; gero atzera egin zuen eta begietara so egin zidan. Ez dut uste jabetu zenik ukitze hark zein eragin sakona izan zuen nigan. Seguru asko nabaritzen zituen erreakzio emozional guztiak Jacken heriotzari egotziko zizkion, pentsatuz kolpe hark gorputza eta arima astintzen zizkidala gau eta egun. Baina besarkada lasaitu zuenean uste dut iruditu zitzaidala bazegoela han beste zerbait.

-Lastima da garaiz etorri ez izana Jack bizirik ikusteko eta harekin hitz egiteko gertatutako guztiaz –esan zuen, eta biok jakin genuen gauza beraz ari ginela pentsatzen-. Desadostasun hura beti altxatu zen bion artean, inongo premiarik izan gabe. Hilzorian zegoela jakin izan banu...

-Nire errua ere izan da –erantzun nion begitarte nahigabetua ikusi nionean-. Jakinarazi behar nizun amaiera hurbiltzen hasi zenean, baina... ez nekien zer egin. Dena den, urteak izan genituen adiskidetasuna berreskuratzeko, baina alferkeria nagusitu zitzaigun denoi.

Eoinek baiezko keinua egin zuen, eta argi geratu zen ados zegoela. Iruditu zitzaidan esplikatu egin beharko nukeela zergatik ez nintzen gehiago saiatu gauzak konpontzen.

-Bolada luze batean ez nuen zuen arteko erresumin hura aipatu nahi izan, Jack hura guztia ahazten ari zela ematen zuelako. Inoiz aipatu nion zure izena, baina, deseroso jartzen zela ikusirik, zutaz gutxitan hitz egitea erabaki nuen, ulertuko duzulakoan nago. Bizitza lasaia nahi nuen. Gero, amaieran gaixotu egin zenean, ez nuen desatsegina suertatuko zitzaion ezer aipatu nahi izan. Barkatu, Eoin. Ez nuen abagune egokirik aurkitzen.

Begira geratu nintzaion, ulertzen zidala berresteko. Ulertzen zidan.

-Ez da zure errua. Ezin izan genuen gertatu zena eragotzi. Huskeria batengatik haserretu zen, eta halako tema hartu zuen, ez zuela nirekin hartaz hitz egin nahi ere.

-Baina hemen zaude, eskerrak Jainkoari -esan nuen, pozik inor ez zegoelako nahiko hurbil aditzeko-. Zure etorrerak poztu egingo zuen Jack.

Solasean jarraitzera gindoazelarik, doluminen ilara osatzen hasi zen hilkutxaren beste muturrean, eta jende gehiagorekin jardun behar izan nuen.

-Mila esker etortzeagatik, Eoin. Eoin ez zen berehalakoan mugitu, eta ez zuen berriz hitz

egin ere. Ziur aski zirrarak eraginda. Atsekabeak mintzoa kentzen digu, eta jendeak gaizki interpretatu dezake isiltasun hori, baina Eoin ulertzen nuen eta haren samina ulertzen nuen. Niri ere nahigabeak mintzoa kentzen zidan batzuetan, eta sei-bat hilabete behar izan nuen saminaren eraso bortitzenak gainditzeko, inoiz gainditu banituen. Oraindik ere sentitzen ditut tarteka.

-Zoaz sukaldera, Eoin –aholkatu nion-. Te kikara bat eta sandwich bat emango dizute. Dublinetik etorrita, gosetuta egon behar duzu. Bertan dago Máirín bisitariez arduratzen, ni Jackekin nagoen bitartean.

-Atondoan aritu naiz harekin –esan zuen Eoinek irribarrez-. Ezusteko ederra eman dit atea irekitzean. Adats hori-gorrizta luze horrek harri eta zur utzi nau. Zu zinela iruditu zait, Gaztaroaren Lurraldetik itzulia.

-Ez naiz, ez, Niamh Urrezko Txirikordaduna –esan nion, baina aipuak izugarri poztu ninduen-. Eta beldur naiz zu ere ez zarela Oisín. Aspaldi zalditik erori eta zahartu izanaren antza dugu biok*.

-Aldatu ezin ditzakegun gauzez kezkatzea ez du merezi –esan zuen Eoinek soilki.

Pertsona batzuk mindu egiten dira adina aipatzen zaienean, baina patxadaz hartu zuen iruzkina Eoinek. Eta sabeldun samar eta nahiko burusoila izan arren, halako bizitasun gazte bat zerion haren begiratuari.

*Erreferentziamitologikoak.IrlandakomitologianTírnanÓgGaztaroarenErresumakoerreginetakobatdaNiamh(UrrezkoTxirikordaduna).OisíneramanzuenEmbarrzaldimagikoanGaztaroarenErresumara.Hiru urte pasata, Oisínek Irlandara itzuli nahi izan zuen, eta Niamhek zaldia mailegatu zion, inoiz ezjaistekoetairlandarlurraezukitzekobaldintzarekin.Irlandarairitsita,Oisín,gizonbatzueiharritzarbatbidetikkentzenlagundunahian,zalditikmakurtu,erorietairlandarlurraukituzuen;bat-batean,agurebihurtuzen.

-Jaitsi sukaldera Máirínekin te bat hartzera. Gustatuko litzaidake azkenean ondo ezagutu dezazuen elkar, seguru asko horretarako tenorerik onena ere ez den arren.

Eoin aurrerantz makurtu zen, musu mantso luze bat eman zidan kopetan eta bira egin zuen, berriro aitarena egin eta gorputik urrundu aurretik.

Jacken eskuaren gainean pausatu zuen eskua emeki, agur gisa, eta urrats zalantzatiz zeharkatu zuen ate inguruan bildutako jendetza.

Eoin urrundu zenean, Doherty andreak hartu zuen haren lekua ni agurtzeko. Alargun zahar hura bakarrik bizi zen kaleko beste aldeko etxetxo batean. Ez zuen huts egiten ezein hil-beila, meza edo bingo saio, albiste edo zurrumurrurik ez galtzeko. Txutxu-mutxuz eta tarteka whiskyz elikatzen zen.

-Nor zen hori? –galdetu zidan Doherty andreak xuxurlaka, eskua tinkatu ondoren. Muturluze hark ez zuen atsedenik hartzen. Guri tinko begira egona zen, esaten genuena harrapatu nahian, baina gor samarra zegoen, gajoa. Haren hatsari –harritzekoa- whisky usaina zerion.

-Dublinen unibertsitatean izan ginen garaiko adiskide zahar bat –esan nion alai, haren galderak isilarazi nahian-. Eskerrik asko mezatarako laguntzagatik.

-Banengoen bada ez nuela inguruan inoiz ikusi –esan zuen alargunak, gogobeteta-. Ongi jantzita doa. Ziur aski erakargarria izango zen gizendu baino lehen.

Gizalegezko irribarretxo bat zuzendu nion azeriari. -Gazteegia izango litzateke zuretzat, Doherty andrea –esan

nion, txantxa adeitsu hartaz alargunarengandik libratzearren. -Niretzat gazteegia izango da –jarraitu zuen hark, niri

begirik kendu gabe-. Zuretzat, ordea, ez litzateke zaharregia izango.

Mingainari eutsi nion, baina emakume zomorroak erreparatu zien nire begietako haserre distirari eta nire gorputz tentetuari. Burura igoko zitzaion whiskya. Gauza desegokiak esan zituela jabetu zen, nire senarraren gorpua gure artean zela. Begira geratu nintzaion, baina joana zen nire irribarrea.

-Saminean lagun nauzu –esan zuen, lotsatuta, eta urrundu egin zen.

Ziur naiz ez zela konturatu bere hitzek nahasi egin nindutela espero ez nuen moduan. Luze neraman Eoinez pentsatu gabe, baina orain, Jacken heriotzak eragindako zirrara-aztoramenaren erdian, kolpetik oroipenak eta emozioak itzultzen hasi zitzaizkidan, baita Eoinenganako estimu zaharra ere. Gogoeta barreiatu horiek segituan kontrolatu nituen hilkutxan zetzan Jacki begiratuz. Baina hurrengo asteetan, tarteka-marteka itzuli zitzaizkidan biekin bizi izandako Dublin garaiko egun haiek, eta hartan nolabait kontsolatzea lortu nuen.

*

Eoinekin nengoen Jack ezagutu genuenean. Hasiberrien Astea zen, eta An Cumann Drámaíochta-ren (Gaelikozko Antzerki Elkartearen) informazio txosna batean geunden tipo tantai eder hura hurbildu zitzaigunean. Txanotxo bat zeraman modu ezohikoan okertuta, Bob Dylanek bere hasierako disko baten azalean bezala. Tipoak gitarra bat zeraman bizkarrean, uhal zabal koloretsu batetik zintzilik, eta sorbaldara iristen zitzaion ile beltza. Aurreko urteetako antzezpenen argazki sorta aztertu zuen, eta interesatuta zirudien. Begiratu zidan, burua alde batera okertu zuen imintzio komiko bat eginez, eta Eoini galdeketa gogorra egin zion elkarteaz, lan baterako elkarrizketatzen ariko balitz bezala.

-Kide berriak behar al dituzue? –galdetu zuen. -Horregatik gaude hemen –erantzun zion Eoinek, eta

informazio liburuxka bat eman zion. -Egiten al duzue musikalik? –galdetu zuen Jackek,

liburuxkari gainbegiratu bat emanez. -Gustura egingo genituzke, musikariak bagenitu –erantzun

zuen Eoinek-, baina zaila da nahiko onak diren musikariak aurkitzea.

-Orduan izena emango dut –iragarri zuen harro itxurak eginez-. Argi dago nire beharra duzuela.

Eskua sakelan sartu eta txanpon txiki eskukada bat ipini zuen mahai gainean; gero txanpon txikienak pilatzen hasi zen libera bat osatzeko. Eoinek txundituta begiratu zion txanpon mordoari, eta begi bat kliskatu zidan.

-Bart kalean jotzen aritu zinen, ala? –galdetu zuen erdi txantxetan.

-Bai, jauna –jakinarazi zuen Jackek harrotasunez-. Libera franko irabazi daiteke O’Connell Streeteko zinema ilarak ongi lantzen badituzu. Musika pixka batez entretenitzen badituzu errenkadan dauden bitartean, baten batek gustura botatzen ditu txanpon batzuk txanora. Merkataritzako eskolak ez daude erabat ahaztuta, ez.

-Merkataritza ikasten ari al zara? –galdetu nion. -Bigarren urtea –esan zuen. Txanotxoa erantzi eta besoa luzatu zuen, eskean ariko balitz

bezala, baina txantxetan ari zen. Eoinek galdetu zion ea zer tresna jotzen zuen, flautatxoa edo gitarra.

-Kalean jotzen dudanean, gitarra, gehienbat –esan zuen, esku bat gitarraren uhalera eramanez-. Kosta egiten zait abestea flautatxoa ahoan sartuta daukadanean. Baina hori ere jo dezaket, dantza giroan bazaude.

Gozatu ederra izan zen bi haien elkar gainditu beharra ikustea. Eoin ere gustura zegoen.

Tipoari eskatu nion bere izen-abizenak eta helbidea idatzi zitzala elkarteko bazkideen liburuan, eta halaxe egin zuen. Bete nion bazkide txartela, gero inoiz erabiltzen ez ziren haietako bat, eta ongi etorria egin nion elkartera.

Eoinek azaldu zion nor ginen eta non zegoen elkartearen iragarki taula, urtean izango ziren antzezle-proben eta entseguen berri ematen zuena. Kontatu nion asteazkenean ginela biltzekoak, elkartearen urteko planak zirriborratzeko.

-Lasai –esan zuen, bizi-. Agertuko naiz. Iaz muntatu zenituzten antzezlan pare bat ikusi nuen, eta gustatu egin zitzaizkidan. Horregatik erabaki dut izena ematea.

Eskerrak eman nizkionean hurbilagotik begiratu zidan. -Ez zintudan oholtzan ikusi –esan zidan-. Bestela,

gogoratuko nintzateke. -Urte hasieran antzezpen batean hasi nintzen, baina orain

nahiago dut atzealdean egon –argitu nion. -Lastima da, gero, ile eder hori fokupean ez egotea –esan

zuen, eta luzaro egon zen nire adatsa ederresten. Gero algara handi bat bota zuen, eta, beste informazio txosnak albo batera utzita, Letretako eraikineko korridore gris itsusietan elkar aurreratu nahian lehiatzen ziren ikasleen korrontearekin bat egin zuen.

-Ekarri gitarra bilerara! –oihukatu nion-. Gero festa egin behar dugu!

-Festarako beti prest! –garrasi egin ondoren, mugimendu bakarrez gitarra birarazi eta airean altxatu zuen, trofeo bat irabazi duen kapitainaren antzera. Horrela oldartu zen jendetzaren aurka, eta batek baino gehiagok begirada okerrak zuzendu zizkion.

-Seguru nago ekarpen handia izango dela Cumann Drámaíochtarentzat –esan zidan Eoinek-. Adoretsua da.

-Gustuko duzu zure umore berdina duelako –esan nuen, bazkideen liburuko Jacken letra garbian pausatuz begirada-. Baina badauka gauza bat zuk inondik ere ez daukazuna –gaineratu nuen, eta Eoinek probokazio puntua sumatu zuen.

-Alegia...? –galdetu zuen, harrituta. -Letra irakurterraz zoragarria. -Tira, Merkataritzako ikasleek horrela idatzi behar dute, ez

dute irudimenik! –esan zuen Eoinek burua atzerantz astinduz Jacken ile luzea balu bezala.

Baina Jacken idazkera perfektua ez zen izan nire arreta erakarri zuen gauza bakarra. Begi urdin misteriotsuak zeuzkan, arimaraino iritsi zitzaizkidanak so geratu zitzaidanean.

*****