san martin elizako nekropoliaren balioa … · san martin elizako nekropoliaren balioa...

31
SAN MARTIN ELIZAKO NEKROPOLIAREN BALIOA EZAGUTARAZTEKO AURKEZPENA PUESTA EN VALOR DE LA NECROPOLIS DE LA IGLESIA DE SAN MARTIN DE FORUA 2010/XI/10

Upload: others

Post on 23-Jun-2020

3 views

Category:

Documents


0 download

TRANSCRIPT

SAN MARTIN ELIZAKO NEKROPOLIAREN BALIOA

EZAGUTARAZTEKO AURKEZPENA

PUESTA EN VALOR DE LA NECROPOLIS DE LA IGLESIA DE SAN

MARTIN DE FORUA

2010/XI/10

FORUKO TOURSEKO SAN MARTIN ELIZAKO NEKROPOLIAREN BALIOA AGERIAN JARTZEA 1. Sarrera. Foruko Tourseko San Martin eliza Tourseko San Martin eliza Foruko Elixalde auzoan dago. Udalerria Busturialdean dago, Urdaibaiko Biosferako Erreserban eta, elizaren adbokazioari dagokionez, Lurralde Historikoan San Martinen izena daraman antzinakoenetakoa da. Foruko parrokia-eraikinaren jatorriari buruz hainbat lekukotza dago eta oso zaharra da Bizkaiko historian. Erlijio-zentro honi buruzko lehenengo erreferentzia Juan Ramon de Iturriza historialariarena da; honen arabera, XI. mende amaieran edo XII.aren hasieran otoiztegi bat fundatu zen toki horretan. Hala ere, kontuan izan behar da egungo eraikinean ez dagoela Erdi Aroko aztarnarik, baina bai geroagokoak. Gaur egun ikus daitezkeen elementurik antzinakoenak XVI. mende hasierakoak dira eta “areto gotiko-errenazentistako eliza” ereduari jarraituz burutu zen. Adierazi behar da hiru nabeek altuera berdina dutela.

Eraikina prisma kubikoa da, eta alboetako hormak kargazko elementuak dira. Elizak bi sarrera ditu: • Epistolako azkenaurreko tartean. • Nagusia, atzean. Burualdean, kapera nagusian, rococo estiloko erretaula bat dago eta Juan de Urquiza maisuak egin zuen 1754-1759 artean. Erretaula honetan baliabide klasizista, barroko eta naturalistekin lotu eta nahasi zituen konposizioak. Erdiko burualde honetan bada hormakonka bat ere, eta hor dago San Martin apezpikuaren irudia. Erretaularen alboko kaperetan San Antonioren (eskuinean) eta San Pedroren (ezkerrean) irudiak daude. Goian Kristoren irudia dago eta bere atzean Golgota eta Jerusalem hiria agertzen diren margoa.

Ezkerreko kaperan erretaula errenazentista bat dago eta bertako gai nagusia Andre Maria Haurrarekin da, gainean aingeru bat dutela. Foruko Tailerrekoa izan daiteke, eta Pedro de Alloytiz egilea. Eskuineko kaperan erretaula neoklasiko bat dago, Ama Doloreetakoa ageri da eta Juan Bautista Mendizabalek egina izango da.

Elizako nabearen bi muturretan bi erretaula klasizista daude eta Foruko Tailerrekoak izan daitezke hauek ere, Juan de Bolialderenak, hain zuzen ere. Ondare honek azken milurtekoaren zati handi bat hartuko luke bere baita, baina harantzago doa San Martin eliza Foruko erromatar herriaren gainean (K. o. I.-IV. mendeak) dagoela kontuan izanez gero. Bizkaiko Foru Aldundiak zati bat industuta eta dokumentatuta dauka. Zenbait gertakariri eta XIX. mendeaz geroztik tenplua egokitzeko lanik egin ez izanari esker, Foruko, eta ondorioz, Bizkaiko eta Euskadiko historiaren zati garrantzitsu bat dokumentatzeko moduan ginela bagenekien. 2. Foruan Tourseko San Martin Elizaren balioa agerian jartzeko proiektua Foruan Tourseko San Martin elizaren balioa agerian jartzeko proiektua eta ondoriozko esku hartze arkeologikoa, tenplua barrutik berritu beharra zegoelako sortu zen. Eraikinaren jabeak, Bilboko Gotzaindegiak, planteatu zuen lana, instalazioak hobetu eta berregokitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak, Kultura Sailaren bidez, hori kontuan izanda eta eraikinaren lurpean egon zitekeen balio arkeologikoa dokumentatzeko, barruan esku hartze arkeologikoa egitea erabaki zuen, metodo zientifikoen bidez tenplua dagoen toki horren sekuentzia historikoa dokumentatzeko asmoz.

2005eko udazkenean Bizkaiko Foru Aldundiak lanak hasteko baimena eman zuen eta sei hilabete iraun zuten, 2006ko maiatzaren amaierara arte, eta 2010ean amaitu dira erabat.

Hasteko, eta aztarnategia nola ote zegoen ebaluatzeko, zenbait zundaketa egin ziren presbiterioaren inguruan, elizaren alboetan eta koruaren azpian. Emaitzak positiboak izan ziren eta egungo tenpluaren aurretik beste eraikinen bat egon zela ikusi zen. Bestalde, azterketa estratigrafikoak adierazi zuen egungo parrokia dagoen toki honetan nekropolia egon zela historiako une desberdinetan. Amaitzeko, argi geratu zen eraikinaren lurpean erromatarren garaiko elementuak zeudela.

Aurkikuntzak garrantzitsuak zirenez eta kronologikoki aldi zabala hartzen zutenez, azterketa eremua zabaldu egin zen eta jarraian lanak ere bai, lehen esan bezala. Ondorioz, tokiaren garapen historikoari buruz informazio gehien eman zezaketen sektoreak azpimarratu ziren. Horregatik, presbiterioko eta inguruetako lanak areagotu egin ziren, baita nabearen barrenekoak ere, koruaren azpikoak. 2.1. Tenpluko esku hartzeen faseak. Esku hartze arkeologikoen fase desberdinetako emaitzek ordena kronologikoa jarraitzen dute; gertueneko aldietatik antzinakoenetara. Hau da, tokiaren okupazio mailak indusketak aurrera egin ahala jakin ziren.

Aztertutako sekuentzia honakoa litzateke: A. Sorkuntza Tourseko San Martinen egungo tenplua XVI. mende hasieran sortu zen eta areto gotiko-errenazentistako elizen ereduari jarraituz egin zen; hiru nabeek altuera berdina dute -espazioan banatu gabe daude- eta horren ondorioz ez dago ikusmenari traba egiten dion hormarik edo bestelako elementurik. Eraikitzeko modu hau gizartea bateratu izanaren isla da, ez dago pertsona jakin batzuentzat gordetako espaziorik, liturgia gotikoan edo Erdi Arokoan oro har gertatzen zen bezala. Elizaren erdi aldean aurkitu zen espazio honetan dokumentatutako nekropolirik modernoena. XVIII. mende erdialdeko hilerri antolatua da, zuloak lurrean eginda daude eta gainean zurezko xaflak ditu.

Ehorzteko modu hau ohikoa zen Bizkaiko elizetan garai honetatik XIX. mendera arte, orduan hasi baitziren tenpluen kanpoaldeetan ehorzten. Koruaren azpian egungo eraikina egin zen garaiko nekropoliaren zati bat dago, beraz, XVI. mendetik XVIII.era artekoa da. Ekialde-mendebalde norabidean egindako ehorzketak dira, hobi sinplean egindakoak, alegia. (berdez nabarmendutako aldeak).

B. Tenplu Gotikoa Egungo tenpluaren aurretik beste eliza bat egon zen, eta indusketan garai hartako zimendu batzuk aurkitu dira. Ezaugarri teknikoen arabera, eraikin hau Behe Erdi Arokoa da, XIV. mende ingurukoa. (alde gorriak). Eraikin honenak izan daitezke nekropoli baten zatiak; nekropoli honetako hilobi batzuk, bere mugetatik kanpokoak, egungo elizaren hormek aldatu eta moztu egin zituzten, egungo eliza hau eraiki zenean. (urdinez nabarmendutako aldeak).

C. Goi Erdi Aroko eta, beharbada, erromatarren garaiko nekropolia, tenplu gotikoaren aurrekoak (XIV. mende aurrekoak) Historiako zenbait alditakoak izan daitezkeen hainbat ebidentzia dira. Zenbait motako ehorzketak daude, zehatz esateko: • Fosako ehorzketak. • Lauzetako ehorzketak. • Hormako ehorzketak. Denak gutxienez Goi Erdi Arotik aktiboan egon zen hilerri bateko zatiak dira. Litekeena da hilerri hau Behe Inperio Aroan ere erabiltzea. Dena dela, hori datazio absolutuen bidez balidatu beharko da, eta oraindik baieztatu gabe daude horiek. (urdinez nabarmendutako aldeak).

D. Tenplu prerromanikoa izan daitekeena Erdi Aroko egiturarik zaharrena da eta zati baten indusketa eginda dago. Egungo elizaren barrenean, koruaren azpian, Erdi Aroko nekropoliaren mailaren azpian, hormazko egitura bat berreskuratu da, eta bere egikera eta artikulazioa kontuan izanda, eraikin prerromaniko baten oin-planoaren zatia izan daiteke. (alde gorriak).

E. Erromatarren hondarrak Erromatarren Goi Inperio garaiko elementuak daudela adierazten duten datuak daude; bai etxeko tresnak eta gauzak (txanponak, zeramika sigillatak eta ohikoak), bai eraikinen hondarrak. Zentzu honetan, nola presbiterioaren inguruko eremuan hala koruaren azpikoan, erromatarren garaiko eraikin arkitektonikoak hauteman dira –hilerriaren mailen azpian-, baina ondorengo okupazioek erabat aldatu zituzten eraikin horiek.

Ikusten diren elementuek argi adierazten dute Foruko erromatar herria Elixalde muinoaren goiko alderaino zabaltzen zela. (malba koloreko aldeak). Aurkitutako hondarrak bi egitura arkupedun zabalenak dira, eta erdian plaza zabal bat du. Bi eraikinak elkarren gainean daude. Kronologikoki elkarren jarraian daude eta K. o. I. eta II. mende artekoak dira.

Eraikin hauen tipologia dela-eta, Foruko erromatar Forumeko bi eraikin publiko izan daitezke. Egitura hauek gaur egun ere ikus daitezke, horretarako beirazko zorua jarri baita elizan.

2.2. Foruko Tourseko San Martinen egindako esku hartzearen ondorioak Foruko Tourseko San Martin parrokian balioa agerian jartzeko proiektuaren aurretik azken urteetan egindako esku hartze arkeologikoen ondorioak hauek dira: • Gizakiaren etenik gabeko presentzia. San Martin barruko lanetan egindako sekuentzia arkeologikoaren azterketari esker, toki honetan erromatarren Goi Inperio garaitik (K. o. I. mendea) gaur egunera arte egondako okupazioaren jarraipena egin ahal izan da eta Euskal Herriko kostaldeko biztanleen ezarguneen eboluzioaren eta ezaugarrien modelo historikoa sortzeko datuak eman ditu.

• Eraikin erlijiosoen dokumentazioa Jarduketari esker, San Martinen orubean Goi Erdi Arotik egon diren eraikin kristau jarraituen azterketa egin ahal izan da. Kasu aparta da, eta elizak eta horiekin zerikusia duten ehorzteko errituak noiz eta nola sortzen eta ordenatzen ziren ezartzeko lagungarria izango da, Erkidego Historiko berekoak izatearen abantailarekin: Foruko kokapenekoak.

• Aztarna antropologiko multzo konplexua berreskuratzea Ikerketaren ondorioz giza aztarnak kokatu eta lehengoratu dira. Historiako aldi desberdinetakoak dira eta horri esker ehortzitakoen ezaugarri fisikoen eta bizitzako ezaugarrien berri izan dezakegu: adina, sexua, elikadura, gaixotasunak, heriotzaren zergatia, erlazio genetiko eta familiarra… lehenengo aldiz jakin ditzakegu horiek guztiak erkidego bati buruz eta ia mila urtean zehar. • Inguru berean erromatarren garaiko aztarna

arkitektonikoak baieztatu dira Erromatar garaiko hondarrak kokatu dira Elixalde muinoaren goiko aldean eta horri esker baieztatu dezakegu Foruko erromatar herria inguru honetaraino zabaltzen zela.

• Esku hartzea egiteko beharrizana Balioa Agerian Jartzeko Proiektua egiteaz gain, argi dago, Foruko Tourseko San Martin elizan egindako aurkikuntzekin, beharrezkoa zela ikerketa arkeologikoko kanpaina egitea –tenplua zaharberritu eta egokitu aurretik- Bizkaiko multzo arkitektonikorik nagusienetakoa eta bertako informazio historiko eta antropologiko guztia galdu aurretik.

3. Foruko Tourseko San Martinen egindako lanak Foruko Tourseko San Martin Zaharberritzeko Proiektua kultur ondasun baten balioa agerian jarri eta ondasun horretan esku hartzeko plan integrala izan da, informazio historiko aparta baitu eta, horri esker, biztanleria gune eta, ondorioz, eskualde baten garapena ulertu ahal izan dugu.

Zentzu honetan, garrantzitsua da “metodo arkeologikoa” erabili izana, eboluzio hau argiago uler baitaiteke. Foruko San Martinen kasuan elizako oin-plano osoan egin zen indusketa, ezagutza historiko hori areagotzeko. Lan horren ondorioz garai desberdinetako aztarnak aurkitu dira eta elizan beira jarri denez jendeak ikusteko moduan geratu dira.

3. 1. Egindako esku hartzea Eraikinaren barruan, zehatz esateko erretauletan, jarduera hauek egin dira:

Tenpluko hiru erretaulak zaharberritu dira: • Erretaula nagusia, rococo estiloko eta egur polikromatuan egina

(Kristoren irudia ere badu); 1745 ingurukoa da (XVIII. m.). • San Joseren eta San Inazioren erretaulak, 1665ekoak dira

(XVII. mendekoak). • Ama Doloreetakoarena 1823koa da (XIX. m.).

Higiezinari dagokionez, lan hauek egin dira: • 70 metro koadro inguruko beira jarri da (Bilboko San Anton

elizakoaren antzekoa), garai desberdinetako eraikinen aztarnak ikusteko, baita erromatarren garaikoak ere (I.-IV. mendeak).

• Korua eta gangak zaharberritu dira. • Pintura, egur, zoru, beirate berriak jarri dira, baita diseinu eta

argi bereziak ere beirateentzat, lurpeko hondarrentzat, etab.

3. 2. Esku hartzearen aurrekontua Foru Aldundiak Ikerketa eta Zaharberritzeko Proiektu Integrala garatzeko eta egiteko 600.000 euroko inbertsioa egin du. 3. 3. Ikustaldi gidatuak Balioa Agerian Jartzeko Proiektuak azpimarratzen du gizarteak Proiektua eta ikerketen emaitzak gertuagotik ezagutzeko eta ikusteko aukera izan behar duela. Ondorioz, azaroaren 13tik abenduaren 18ra arteko larunbat guztietan ikustaldi gidatuak egingo dira Foruko Konplexu Historiko osoan; hau da, Tourseko San Martin elizan eta inguruetako erromatar garaiko herrian. Ikustaldiak goizez egingo dira eta bi txanda egongo dira 11:00etatik 12:30era.

Gehienez 20 laguneko taldeak egingo dira eta ikustaldia ordubete ingurukoa izango da. Topagunea Tourseko San Martin elizaren arkupea izango da.

Ikustaldiak hitzartzeko edo informazio gehiagorako hona hemen:

E-posta: • [email protected]

Telefonoak: • 94 465 16 57 • 94 465 16 60

4. Foruko erromatarren herria Bizkaiko Foru Aldundia duela hogeita zortzi urte hasi zen Foruko aztarnategiko esku hartze arkeologikoarekin. Azterketa luzeari esker, inguruan erromatarren kokapena egon zela dokumentatu ahal izan dugu Elixalde muinoaren hegoaldean. K. o. I. mendetik IV.era arteko kronologia du eta aldi horretan Bizkaiko biztanleek zituzten kultur ezaugarriak zehatz ezagutu ahal izan dira.

Lanen ondorioz orain arte honakoak aurkitu dira: ekoizteko, biltegiratzeko eta geletarako bi egitura, durdinola tailerrak legez. Horrek esan nahi du Kantabrikoko Ekialdeko erromatarren aztarnategirik finkatu eta zabalenetakoa zela.

1982an banako ikerketa proiektu bezala hasi zen, Bizkaian erromatarren kokapenak aurkitu eta aztertzeko. Gaur egun, proiektu hori aldatu egin da eta Foru Aldundiko Kultura Sailak sustatutako proiektu arkeologikorik nagusienetakoa da. Garatutako ikerketak finkatu duenez, Lurralde Historikoan dagoen Kantabriko aldeko erromatarren garaiko aztarnategirik zabalenetakoa eta ongien zaindutakoa da Oiasso (Irun) eta Flaviobriga (Castro Urdiales) aztarnategiekin batera. Kultura Saila ohartu zen tokiaren garrantzi historikoaz eta 1989an beharrezko neurriak hartu zituen Bizkaiko gizarte osoaren ondare preziatu hori babesteko, zaintzeko eta balioa emateko behar ziren ekimenak egiteko.

Euskal kostaldean horrelako monumentu gutxi dago eta bitxiak direnez, Foru Aldundiak Foruko erromatarren herrixka dagoen lurrak erosi eta finkatu zituen, bertaratzen zirenek orain eta etorkizunean gozatu ahal izateko.

Garatzen ari den indusketa arkeologikoari esker, datu berriak ditugu kokagunearen kultur ezaugarriak argi zehazteko eta orain arte Bizkaian ezaugarri hauekiko erromatarren aztarnategi bakarra den honen ondare historikoa berreskuratzeko. Urte hauetan egin diren gainerako azterketa arkeologikoek aztarnategia ikertu, zaindu eta balioa agerian jarri diote ikuspegi desberdinetatik.

Zehatz esateko, esku hartze hauek egin dira, besteak beste: • Indusketa eta azterketa Orain arte egitura arkeologikoen indusketa eta ikerketa lanak etengabe egin dira.

Lan horien ondorioz -orain arte- 12 barruti atera dira eta herriaren defentsarako hesiaren zati bat. Emaitza zientifikoak gaian espezializatutako aldizkari eta biltzarretan aurkeztu dira. Egungo kanpainan aztarnategiari eta bere historiari buruzko Memoria Monografikoa landu da. • Aztarnategia mugatu eta babestu Lan hau lehenengo urteetan egin zen, 1982-1985ean, eta bereziki 1991n, udal saneamendu sistemako lanak aprobetxatuta. Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean sailkatutako ondare moduan aitortzea eskatu du, dokumentatzeko eredu bezala balio izugarria duelako.

• Zaharberritzeko eta finkatzeko lanak Orain arte 3, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9 zenbakidun tokietan definitutako egiturak finkatu dira. Denak osorik industu dira. Berreskuratutako material arkeologiko ugari eta garrantzitsuak ere zaharberritu dira, besteak beste: metalezko tresnak, txanponak eta orerako eta biltegiratzeko ontziak.

Zaharberritze hauek etorkizunean egingo den Foruko erromatarren herriari buruzko interpretazio zentroan jarriko dira, herriko biztanleek erabilitako tresna ugari ikusi ahal izateko. 5. Esku hartze arkeologikoak Urdaibai inguruan. Oso ezaguna da Urdaibai inguru naturalaren balore ekologiko eta paisajistiko altua eta, horren ondorioz, gogorarazi behar da 1983 urtean Biosferako Erreserbaren Adierazpena jaso zuela. Gizakiaren presentzia, hala egoitza nola babesleku moduan, erabat da antzinakoa bertan eta horren ondorioz gizarte bizkaitarrak eta, beraz, Aldundiak, etenik gabeko eta sakoneko ikerketa, azterlan, artapen, aintzatespen eta zabalkuntza lana egin behar du eskualde osoan zehar barreiatuta dauden aztarnategi arkeologikoetan. Aldundiak, batzuetan berak bakarrik eta beste batzuetan Lurraldeko bestelako izaki kultural batzuekin lankidetzan, gutxi ezagutzen den eta, hori ez ezik, mendeak aurrera egin ahala ikusezina ere bihurtu den Bizkaiko eta Euskal Herriko historiaren zati hau azaleratzeko kanpainak burutzen ditu gaur egun. Esku hartze horien artean ondoko hauek azpimarratu daitezke: 1. Aldundiak Urdaibai inguruan dituen proiektu propioak.

Kultura Sailak, Ondare Historikoa Zerbitzuaren bidez, besteak beste ondoko proiektu hauek ditu esku artean: • Santimamiñeko Multzo Kulturala, Kortezubin. Santimamiñeko Multzo Kulturalaren barruan historiaurreko eta historiako aztarnategi asko daude. Horietan era integralean dago jasota Urdaibai Eskualdeko historia eta, ondorioz, baita Bizkaiaren eta Euskadi osoaren atal adierazgarria ere.

Eskualdeko zuloen multzoaren barruan Santimamiñe eta Sagastigorriko kobak daude –historiaurreko aztarnategiak dituztenak- eta baita Lezikako koba-leizea ere, denak ere Ereñozar mendiaren hegoaldeko magalean, Kortezubi udalerrian. Beste alde batetik, gogorarazi behar da oraintsu egin diren lan arkeologikoetan denboran zehar luzaro iraun zuten okupazio historikoak aurkitu direla San Mames edo Santimamiñe baselizaren inguruan.

Ezargune horiek Erromatarren Garaian hasi ziren (K. o. I. mendea), Beranduko Antzinatean eta Erdi Aroan jarraitu zuten eta eguneroko arora arte iritsi dira. Horrela, aldi historiko desberdinetako lekukotza dokumentatu da, gaur egungo San Mames baseliza eta inguruetako eraikin eta hilobi batzuen aztarna eta aurrietan islatu direnak. • Santimamiñeko koba. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak Santimamiñe kobarako ezarri duen proiektua amaituta dago. Horren bidez osorik eta era integralean dokumentatu da Santimamiñeko Kobaren multzo hori eta, horri esker, zilegi izan da bertan gizakiaren esku hartzeak izan dituen prozesuak zehaztea eta epe motzeko jarduketaren proposamena ezartzea.

Proiektuaren garapenari esker aukera egon da bi alderdi lantzeko: lehenengo eta behin, egokiena den kudeaketa eta zabalkuntza prozedura zehazteko eta, aldi berean, monumentuak zituen beharrizanak eta mentsak lehengoratzeko eta zuzentzeko beharrezko esku hartzeen egitaraua egiteko. Aipatu den azterlan integral horren hasieran, 2005 urtean, adierazi zen bezala hain denbora luzean koba jendearentzat zabalik edukitzeak –bisitak 1916an hasi ziren- eragin nabarmenak sortu zituen oro har zuloaren kalterako eta, zehatzago, arte paleolitikoaren kalterako. Egin diren lanen eta hartu ziren erabakien xedea egoera horri amaiera ematea izan da. Tartean aintzat hartu behar izan dira sentsibilitate berriak eta eskuratu diren ezagutza osoagoak –hala historia aurreko horma-arteko espezialistek nola labar-esparruetako ondare monumentalaren kudeatzaileek dituztenak- eta, ondorioz, nahitaezkoa izan da Santimamiñeko Kobaren kudeaketari buruzko hausnarketa egitea. Helburua koba eskakizun berriei egokitzea izan zen eta da, beti ere helbururik behinena bertan jagoten den ondarea zaintzea dela.

Kontuan hartuta Santimamiñeko koba osoak duen garrantzia eta, horren barruan, batez ere eta bereziki bere Barrunbe Nagusia aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak Santimamiñe 2008 izeneko proiektua jarri zuen abian. Proiektu horretan Diagnostikoaren Dokumentu bat egin zen, Santimamiñeko kobaren ondare-ahalmen osoa aldi berean kudeatzeko aukera ematen duena eta bere dokumentazio eta zaintza osoa bermatzen duena.

Santimamiñe 2008 Proiektuko lanak hiru ildo nagusiren inguruan egituratu ziren:

Kobaren ikerketa zientifikoa (arkeologia, artea, geologia, …,). Zuloa eta bere inguruaren zaintza. (ingurumeneko azterlana). Galeriako ondarearen zabalkuntza. Labarretako multzoa

erakusteko modalitate berria, 3Dko erreplika birtualaren bidez. Azken finean, monumentu historikoaren kudeaketa eredu erantzukizunduna bilatzeko ahalegina zen, Santimamiñeren artapena, ikerketa eta zabalkuntza bildu zituena. • Lezikako koba, Kortezubin. Lezikako koba 2007an aurkitu zen, Santimamiñe baselizako indusketa eta lehengoratze lanetan. Zati baten industu da eta, egunera arte, animalien aztarnen aparteko multzoa aurkitu da, besteak beste sarrioak eta errinozero iletsuak. Zuloan indusketa lanak egiten jarraituko da gizakiaren okupazioen zantzuen bila.

• Arrolako oppiduma, Arratzun. Arrolako iruna Ekialdeko Kantabrikoan II. Burdin Aroaren amaieran eta Erromatarren Etaparen hasieran bertako jendearen ohiko gotorlekuetako bat da (K. a. III. mendea - K. o. I. mendea).

Aztarnategi arkeologikoak oin-plano luzeko esparru gotortu zabala du, hain zuzen ere Arrola gaina osorik atzematen duena (535 m.). Mendi hori Gastiburuko katea eratzen duenetako bat da, Urdaibaiko arroaren ekialdeko alderdian, Arratzu, Nabarniz eta Mendata udal mugarteetan, alegia. Herrixka harresiaren barruan dago kokatuta eta gutxi gorabehera 80.000 m2-ko azalera du. Horri batu behar zaio kanpoaldean dagoen beste esparru bat, 50.000 m2 inguruko azalera duena, eta basoen ustiapenaren ondorioz gaur egun ia erabat desagertuta edo galduta dagoena.

Arrolako oppiduma Bizkaian identifikatuta dauden esparru arkeologikoen artean lehenbizikoa izan zen. 1827an Martín Novia Salcedok eta Antonio de Echevarria arkitektoak tokia aztertu zuten eta elementuaren krokis topografiko zehatza egin zuten. Metodologia arkeologikoa erabiliz burutu ziren lehen indusketak 1942an egin zituzten eta lanen zuzendariak Blas Taracena eta Augusto Fernández de Avilés izan ziren. Orduan ere defentsarako sistemen garrantzia egiaztatu zen –harlangaitzezko horma lodiz eratuta- eta arkeologiari dagokionez garrantzitsuenak diren aldeak definitu ziren, hain zuzen ere oppidumeko sarbideetatik hurbilen daudenak; orduan ere egiaztatu zen Burdin Aroan zabaldu zen erako aparteko korridore-atea zegoela.

Gaur egun Bizkaiko Foru Aldundia “Arrolako Oppiduma 2012” deritzon proiektua garatzen ari da, EHU-UPVrekin sinatuta duen lankidetza hitzarmenaren bidez. Proiektu horren bidez Bizkaian aldi historiko horretako eredu nagusitzat jotzen den II. Burdin Aroko aparteko multzo arkeologiko horren ikerketa, lehengoratze eta aintzatespen integrala burutuko da. • San Mameseko Beranduko Antzinateko nekropolia,

Kortezubin. Ehorzketetako gauzak dituzten hilobien multzoa da. Datari dagokionez K. o. V. eta VII. mendeen artekoak dira. Jatorriz kronologia bereko eliza kristau bati lotutakoak omen ziren, baina eliza horren aztarnak ez dira artean aurkitu. Aurkikuntza berezi eta bitxienetakoa izan da Bizkaiko Antzinate eta Erdi Aroko Arkeologian, oso gutxi dokumentatuta dagoen aro historikoa ezagutzeko aukera ematen duelako.

Zundaketak egin dira, bi kanpaina, eta beste bi kanpaina tokian indusketa arkeologikoak eginez. Proiektuen arabera datozen urteetan lanean jarraituko da.

2. 2009-2010 aldian Urdaibain egin diren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetza izan duten proiektuak.

Esku hartzeak, zaharrenetatik oraintsuen egin direnetara arte ordena kronologiko-historikoaren arabera antolatuta, ondoko hauek dira:

• Antoliñako koba, Gautegiz-Arteagan. Proiektuaren zuzendaria Mikel Aguirre Ruíz de Gopegui espezialista izan zen eta 2009 urtean egin zen; alde horretan egin zen hamabigarren kanpaina izan zen. Gaur egun Gautegiz-Arteagako Antoliñako kobako aztarnategi garrantzitsu horretan hamabi kanpaina horietan egin ziren lanen dokumentazio arkeologikoaren azterlan integrala hasi da. Lehen fase honetan lanen ardatzak hauek izan dira:

Maila batzuetako (Lanc eta Lgc) harrizko eta hezurrezko industrien berrikuspena, hau da, Aziliense, goi madeleine/amaierako madeleine eta behe madeleine aroetakoak.

Bertan zegoen makrofaunaren azterketa, sabaitik hormarako estratigrafia prozesua jarraituz. Bidezko marrazki teknikoak eta animalia horien sailkapen eta analisi tipologikoak egingo dira. Beste alde batetik, burutu ziren kanpainetako diapositiben digitalizazioa amaitzen ari da eta gauza bera indusketen prozesuan oin-plano eta geruza estratigrafikoetan jaso zen dokumentazio grafikoaren korpus zabalaren eskaneatuekin eta marrazki digitalekin.

• Katilotxu-V trikuharria, Mundakan. Juan Carlos López Quintanaren zuzendaritza zientifikoarekin egin ziren esku hartzeak. Laugarren kanpaina izan zen eta joan den 2009an amaitu zen. Katillotxu-V trikuharria Urdaibaiko arroaren mendebaldeko ertzean dago, Urdaibai itsasadarra itsasoratzen den tokiaren ondoan. 2002an aurkitu zuten AGIRI Arkeologia Elkarteko kideek eta bere indusketa arkeologikoa 2006 eta 2008 urteen artean egin zen –lanen zuzendariak lehen aipatu den Juan Carlos López Quintana eta Amagoia Guenaga Lizasu izan ziren- eta finantzaketa Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren ardura izan zen. Indusketa arkeologikoak ukitu zituen esparruak lehengoratu egin ziren eta berriz ere lurrez estali ziren monumentuaren artapena bermatzeko.

2009an Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak ondasun kultural moduan kalifikatu zuen Katillotxuko Multzo Megalitikoa, multzo monumentalaren kategoriarekin alegia. Katillotxu-V monumentu megalitikoak 12 metroko diametroa eta 0,75 m-ko altuera du. Errektangeluarra den hilobi-ganbera luzanga bat du, 2,20 m-ko luzera era 0,80 m-ko zabalerakoa, hego-ekialdeari begi dagoena.

Katillotxu-V monumentuaren arkitekturaren eta Katillotxu-I.aren arteko aldeak handiak dira. Katillotxu-V.ak izan duen ekarpen nagusia zortzi pieza dekoraturen aurkikuntza izan da, testuinguruan eta monumentuaren bi tokitan antolatuta agertu zirenak: ganberan eta tumuluan. Ganbera barruko elementu dekoratuen artean buruko lauza azpimarratu behar da, irudi grabatu nagusi bat duena; arma bat da -nabarmen Palmela Punten tipologiaren antzekoa-, piketeatze eta abrasio teknikekin landuta dagoena. Monumentuaren kronologiari dagokionez Kristo aurreko III. milurtekoaren hasierara joan behar dugu (data kalibratuetan), eta horrek esan nahi du Kalkolitikokoa edo Brontze Arokoa dela. • Ereñozarko gaztelua, Ereñon. Lanen zuzendaria Mikel Neira Zubieta aditua da eta iaz, 2009an, egin ziren, eta jarraipena izan dute aurten, 2010ean. Esku hartze arkeologikoa zabalagoa den beste proiektu baten barruan kokatu behar da, hain zuzen ere helburutzat Bizkaian gazteluen jatorria eta horiek izan zuten funtzioa zehaztea duena.

Ereñozarko gaztelua Alfonso XI.aren kronikan agertzen da eta Gaztelako errege horrek 1334 urtean egin zion setioa azaltzen du. Hori gorabehera bertan Alfonso I.a Gerlariaren (1104-1134) moneta bat aurkitu da eta horri esker esan daiteke XII. menderako bazegoela.

Egin diren indusketei esker gailur osoa inguratzen duen gazteluaren kanpoko harresia aurkitu da, eta baita gaztelu barrura iristeko atea ere, gaztelua erabili zen denboran zehar makina bat aldaketa izan zituena. Esparruaren barruan lurpean zeuden harlangaitzezko horma sendoak azaleratu dira eta garaiago zegoen dorretzar baten aurri moduan identifikatu dira. XIII. mendean gazteluko patioa nekropoli moduan erabili zuten eta dorrearen aurrien gainean eliza egin zuten, historiaren beste fase batzuetan berriz eraiki zutena. Nekropolia XVI. mendera arte erabili zuten.

Indusketetan berreskuratu diren materialen artean armak (ezpata laburrak, lantza-puntak), eraikuntzako materialak (kapitel erromanikoak eta hilarri dekoratuak), monetak, jokatzeko dadoak eta zeramikak daude, eta horietan Bizkaiko Erdi Aroko bizitzeko erei buruzko informazioa aurkitu daiteke. Bilboko Arkeologi Museoan ikus daitezke (batzuk erakutsi egiten dira). • Urpeko prospekzioak Urdaibain. Esku hartzeak 2009-2010 urteetan egin dira eta zuzendaria Mercedes Bravo espezialista da.

Proiektuaren xedea Urdaibako Itsasadarraren Karta Arkeologikoa egitea da, zertarako-eta alde horretan Historia osoan egon den itsasoko merkataritza eta nabigazioari buruzko informazioa eskuratzeko. Horrela Bizkaiko historiografia arkeologikoan egon dagoen hutsunea bete nahi da, hau da, euskal kostaren tarte honetan benetan handia eta garrantzitsua zen itsasoko trafikoaren lekukotzak artatu ditzakeen itsasoko hondoko azterlanen falta. Gertaera hori egiztatuta dago Urbietako (Gernika) ontzi hondoratuarekin, gaur egun Arkeologi Museoan erakusten dena. Lanaren orientazioak bi izan dira: urperatze, merkataritza, pirateria, arrantza eta abar bezalako gaiei buruzko informazioa zuzkitzen duten artxiboetako dokumentazioa bilatzea eta itsasadarrean mareen arteko aldean eta hondoetan prospekzioak egitea. • Urtubiagako burdinola eta errota, Ean. Kanpaina 2008/2009 aldian egin zen eta zuzendari zientifikoa Unai Aurrekoetxea izan zen. Garatu zen esku hartzearen xedea burdinolako aurriak finkatzea izan zen, hori egin ostean udalerriko paisaia, ingurumena eta kultura sustatzeko ibilbidean integratzeko.

Burdinola bertan behera utzita eta landaretzak estalita zegoen. Esparrua garbitu ondoren antzinako instalazioak agertu ziren eta ola osoaren funtzionamendua eta bertako atal guztien erabilerak erregistratu dira.

Egin gabe dago tailerretako indusketa arkeologikoa, hau da, labeak eta barkinen euskarriak eta, aldi berean, tokian zegoen lehen olaren aztarnak identifikatzeko egin behar dena. • Bengolako burdinola, Gerrikaitzen. 2009 urtean burutu ziren lanen arduraduna José Ángel Fernández Carvajal espezialista izan zen. Indusketa lanak Energia Natural eta Berriztagarrien Interpretazio Zentroa instalatzeko prozesuari ekin aurreko fase moduan egin ziren.

Esku hartzearen xedeko eraikina interes arkitektonikorik gabeko errota zahar bat zen; hori gorabehera uste zen XIV. menderako dokumentatuta zegoen burdinola hidrauliko baten gainean zegoela eraikita. Indusketei esker kokapen horretan bi burdinola identifikatu dira, sistema hidrauliko oso konplexua zutenak (gero errotan berrerabili zena), ingude, barkin eta labeak zituztenak. Horien guztien aztarnak lehengoratu dira. Kronologiaren arabera Euskal Herriko errota hidraulikorik zaharrena da, gaur egun ezagutzen ditugun errota horiek XVIII. mendean sektore industrialean gertatu ziren aldaketa eta zaharberrikuntzen emaitza direlako.