el miedo va a cambiar de bando | graxiana barrenetxea · 2013-03-19
DESCRIPTION
Graxiana Barrenetxeak prestatutako testua. Gomendagarria guztiz. Compañera, ya suenan las alarmas... ¡el miedo va a cambiar de bando!TRANSCRIPT
Compañeras, ya suenan las alarmas… ¡el miedo va a cambiar de bando!
Zenbat abesti, garratz eta ezti, kantatu ote dituzte Garik eta Francisek, Bilbo handiko esentzia eta tendentzien
inguruan, drogak eta prostituzioa, poteoak Someran, delinkuentzia Sanfranen, gaupaseroak eta “txakurtxirulak”
Bilbin eta lehoiak koliseoan, jaungoikoa eta lege zaharra. Topikoak tokiko, Arestiren labe garaien kea titanio plaka
bilakatu da, nik nahiago nuen zikinkeria, eta barrara heltzeko eskilarak jaitsi beharreko tabernak, tabako kez
ilunduak. Urdangarinek eta Sorkunek adina kantu eskainiko nizkioke nik Gasteizi; kultura gafapastistaren aldarriak
Parralen, poteoak Kutxin, errealitate gordinari zerion iraultza usaina, kalean mugimendua, kaleak mugimenduan,
iraultza egin genuen Gasteizen bost urtez. Goizeko bostetan, iraultza pertsonal eta kolektiboa, arratsaldeko
zazpietan, uhinetan, hormetan, iraultza egin genuen ohean, kanpusean, gaztetxean, Frantzia kalean… eta oraindik
ere, bost urtez kutxiko barra ertzak hitzez, bertsoz, ukabilez, laztan eta muxuz, bilera klandestinoetarako
kedadak adosteko papertxoz… sinatu ostean, oraindik ere, maitasunez eta gorrotoz, eta batez ere nostaljiaz egin
ohi dut Fariñasetik Hala Bedirainoko bidea.
Amodioa eta gorrotoa hatz koskoetan tatuaturik, sentimenduz eta arrazoiz egiten omen da iraultza bat, eta
Gasteizen bost urtean zapaltzera iritsi ez nintzen leku bat zapaldu nuen azkeneko bisitan. Itziar Zigak zioen,
munduko alkaterik onenari kalean gazteekin topo egitea gustatzen ez zaion bezala, guri ere ez zaigula batere
gustatzen kalean pauso bat eman orduko “segurtasun” kamera, komisaria, edota elizaren batekin topatzea eta
aldiz, ezinezkoa da hala ez gertatzea. Gasteizen etxetik alde zaharrera bidean hiru Telepizza eta bost elizarekin
egin dezakezu topo, eta are gehiago Zaramaga auzoan bizi bazara: hiru eliza, eta Bulebarra, sistema kapitalista
patriarkalaren maketa perfektua. Etxera sartzeko borondaterik izaten ez nuen bakoitzean egiten nuen topo
elizaren batekin, baina sekula ez nuen hara sartzeko borondaterik izan, aurreko astera arte. Zaramagan, langileriak
desoreka sozialaren kapitulurik gordinenetarikoa ezagutu zuen auzoan, gazteek eliza bat okupatu zuten
martxoaren hiruan, duela 37 urte poliziak eraildako bost langileak gogora ekartzeko omenaldiaren ostean. Josebe
Iturriotzek esan zuen Jaungoikoa, biziko balitz, ez litzakeela gurutzean besoak zabal, edo besoak gurutzaturik
geratuko; herri asanbladetan, ikasleen mobilizazioetan, langileekin eta sektore gutxitu horien guztien ondoan
egongo litzakeela, eta gazte gasteiztarrek Jaungoikoaren etxea herri sektore desberdinei zabaldu eta borroka
esparru bilakatu zuten astebetez. Gu ostegun eguerdian izan ginen bertan, eta berriz sentitu ahal izan nuen
iraultza egin genuela Gasteizen, iraultza egin zutela 76an, eta iraultza egiten jarraitzen dutela gaur.
Ikararen koordenada berriak Europa zaharreko estoldetan; Syntagma, Puerta del Sol, Zaramaga… boteregunerik
indartsuenak ere eraitsiko ditugulako herri botereaz! Eta bihar, beldurrik gabe esnatuko bagina?