beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

17
BELOAGAK IKUSI ZUENA ETA HAREN PARETA ZAHARREK ENTZUN OIARTZUN ETA ERRENTERIAKO ERDI AROKO HISTORIA Beloaga, Feloaga edo Peloaga gaztelua Oiartzungo bailaran zegoen, Gurutze auzoko Arkale harkaitzetan, hain zuzen ere. Gaztelua dorre batek eta arma plaza batek osatzen zuten eta, nahiz eta batzuen ustez bigarren esparru hori Konbentzio gerrakoa edo karlistaldietakoa izan, eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu dorrearen garai berekoa dela dirudi. Beste batzuen ustez, litekeena da erromatarren garaitik eraikinen bat egotea harkaitz hauetan, talaia hobezina baitzen Arditurritik Oiassonera, Irungo hiri erromatarrera, egiten zen mineral garraioa zaintzeko. Beloagaz egiten den lehenengo aipamena 1200. urtekoa da, baina ikus ditzagun, azaletik bada ere, aurreko gertakizun historiko batzuk. 476. urtean, erromatarren inperioaren gainbeherarekin, bakea amaitu eta etengabeko gerratea piztu zen godo, franko, musulman eta normandiarren kontra. 600. urtearen inguruan, Baskoniako Dukerria sortu zen eta 819an bitan banatu: Baskoniako Dukerria, Garonatik Adurrera, euskara galdu ondoren Akitania izango zena, eta Baskoniako Konderria, Adurretik hegoaldera zabaltzen zena. 824an, frankoen kontrako bigarren garaipenaren ondorioz, Iruñeko Erresuma sortu zen. 1035. urtetik aurrera Gaztela eta Aragoi erresumak sortu ziren, eta zenbat eta indar gehiago eskuratu, orduan eta arriskutsuagoak bilakatu ziren Nafarroarentzat. XII. mendean bi erresuma horiek etengabe eraso zieten nafarrei, eta zenbaitetan Errioxa eta Bureba bereganatu zituzten, nahiz eta nafarrek beste hainbestetan berreskuratu. Egoera eramanezina bihurtu zen, eta auzia Ingalaterrako Enrike II.aren esku utzi zuten. Errege hori Normandia, Anjou, Akitania eta Guyenako jauna ere bazenez, Bordelen bizi zen, eta 1179. urtean sinatu zuten bake hitzarmenarekin Nafarroak Errioxa, Bureba eta Bizkaia galdu zituen, Durango

Upload: josemari-iturrioz

Post on 29-Mar-2016

250 views

Category:

Documents


4 download

DESCRIPTION

Oiartzunen kokatutako Beloaga gazteluari buruz

TRANSCRIPT

Page 1: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

BELOAGAK IKUSI ZUENA ETA HAREN PARETA ZAHARREK ENTZUNOIARTZUN ETA ERRENTERIAKO ERDI AROKO HISTORIA

Beloaga, Feloaga edo Peloaga gaztelua Oiartzungo bailaran zegoen, Gurutze auzoko Arkale harkaitzetan, hain zuzen ere. Gaztelua dorre batek eta arma plaza batek osatzen zuten eta, nahiz eta batzuen ustez bigarren esparru hori Konbentzio gerrakoa edo karlistaldietakoa izan, eraikinaren egiturari erreparatzen badiogu dorrearen garai berekoa dela dirudi. Beste batzuen ustez, litekeena da erromatarren garaitik eraikinen bat egotea harkaitz hauetan, talaia hobezina baitzen Arditurritik Oiassonera, Irungo hiri erromatarrera, egiten zen mineral garraioa zaintzeko.

Beloagaz egiten den lehenengo aipamena 1200. urtekoa da, baina ikus ditzagun, azaletik bada ere, aurreko gertakizun historiko batzuk. 476. urtean, erromatarren inperioaren gainbeherarekin, bakea amaitu eta etengabeko gerratea piztu zen godo, franko, musulman eta normandiarren kontra. 600. urtearen inguruan, Baskoniako Dukerria sortu zen eta 819an bitan banatu: Baskoniako Dukerria, Garonatik Adurrera, euskara galdu ondoren Akitania izango zena, eta Baskoniako Konderria, Adurretik hegoaldera zabaltzen zena. 824an, frankoen kontrako bigarren garaipenaren ondorioz, Iruñeko Erresuma sortu zen.

1035. urtetik aurrera Gaztela eta Aragoi erresumak sortu ziren, eta zenbat eta indar gehiago eskuratu, orduan eta arriskutsuagoak bilakatu ziren Nafarroarentzat. XII. mendean bi erresuma horiek etengabe eraso zieten nafarrei, eta zenbaitetan Errioxa eta Bureba bereganatu zituzten, nahiz eta nafarrek beste hainbestetan berreskuratu.Egoera eramanezina bihurtu zen, eta auzia Ingalaterrako Enrike II.aren esku utzi zuten. Errege hori Normandia, Anjou, Akitania eta Guyenako jauna ere bazenez, Bordelen bizi zen, eta 1179. urtean sinatu zuten bake hitzarmenarekin Nafarroak Errioxa, Bureba eta Bizkaia galdu zituen, Durango aldea izan ezik, garai hartan Arabako lurrak baitziren. Antso VI.ak, ikusirik gaztelarren helburua Nafarroa osoa eskuratzea izan zitekeela, defentsarako gotorleku politika jarri zuen martxan Burandon, Toloño, Trebiño, Zabalate, Argantzun, Aitzorrotz, Marañon, Antoñana eta beste zenbait gaztelurekin eta Donostia (1180), Gasteiz (1181) eta Durango (1182) hiribilduekin.

Enrike II.a Akitaniako Leonorrekin zegoen ezkonduta eta Gaztelako Alfontso VIII.aren aitaginarreba zen, baina 1192. urtean Nafarroako Antso VI.ak bere alaba Berengela Ingalaterrako Rikardo printzearekin ezkondu zuen, beraz, Galesko printzea eta Akitaniako dukea zena, Rikardo Lehoi bihotza, Alfontso VIII.aren eta Nafarroako erregea izango zen Antso VII.aren koinatua zen aldi berean. Dena dela, begikotasun handiagoa zuen Antso VII.arekiko, nafarrak asko lagundu baitzion Frantziako erregearen kontrako guduetan, eta ordainetan Nafarroa Behera eskuratu zuen Nafarroako erresumari lotzeko.

Gaztelako erregeak eta Aragoikoak 1179ko hitzarmena hautsi, eta Calatayuden bildu ziren Nafarroa konkistatu eta banatzeko plana osatzeko, baina Antso VII.ak, arreba ezkontzan eskainiz, tregua bat lortu zuen Aragoiko erregearekin. Errege nafarrak erasoaldiaren beldurrez bidaia egin zuen Afrikara Rikardo koinatuari laguntza eskatzeko,

Page 2: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

baina, zoritxarrez, hango guda batean hil zen ingelesa, eta Antso VII.a gerarazi egin zuten, han zuten gatazka batean parte hartzeko. Alfontso VIII.ak, nahiz eta Aragoikoen laguntzarik gabe geratu, egoera hori aprobetxatuz, Nafarroari eraso zion 1199an. Trebiñuk, Zabalatek eta Gasteizek eutsi egin zieten erasoei, baina azken hori ia urtebeteko setioa zeramanean, gosez akabatuko zituztela ikusita, errenditu egin zen. Gasteiz menderatu ondoren, Durangaldea erraz hartu zuten eta, zer esanik ez, Ipuzkoako lurretan zeuden gaztelu txikiak. Rodrigo Ximenez de Radaren kronikak esaten duenez, Gasteiz, Marañon, Arluzea, Ataun, Zaitegi, Aitzorrotz, Ausa, Donostia, Beloaga eta Hondarribiko gazteluak eskuratu zituzten. Trebiñu eta Zabalate Izura eta Argako Mirandaren ordez trukatu zituzten, azken gotorleku horiek Iruñetik gertuegi baitzeuden. Egoera ondoen aprobetxatu zuena Haroko Diego Lopez izan zen, Bizkaiko jauna, gaztelarren alde borrokatzeagatik Soria, Najera, Marañon eta Donostiako buru izendatu baitzuten.

Hau da, bada, Beloagaz egiten den lehenengo aipamena eta erakusten digu Gaztelako ejertzitoa lur hauetan sartu arte, behinik behin, Beloaga gaztelu nafarra zela, hau Nafarroa zela eta gu nafarrak ginela.

Antso VII.a 1201ean itzuli zen eta Ingalaterrako Juan erregearekin hitzarmen bat sinatu zuen gaztelarren eta frantsesen aurka, eta 1204an Baionako lurrak bere babespean geratu ziren, itsasalderako irteera ziurtatuz eta Alfontso VIII.ari bidea itxiz, Akitaniako Leonorren alabarekin ezkonduta egoteagatik Gaskonian esku hartzeko eskubideak baitzituen bere ustez. Urte horretan Gaztelako erregea gaixotu egin zen eta hil zorian zegoela testamentua egin zuen, aginduz sendatzen bazen kendu zizkion lur guztiak itzuliko zizkiola Antso VII.ari. Alfontso sendatu egin zen, baina lurrak ez itzultzeaz gain armaz sartu zen Lapurdin eta Gaskonian, nahiz eta gero erretiratu, ezin baitzituen ejertzitoak lur haietan mantendu. 1207an, Inozentzio III.a aita santuak errege ingelesa eskumikatu egin zuen, eta Antso VII.ak tregua bat sinatu behar izan zuen Gaztelarekin, eta, horren ondorioz, elkarrekin egin zuten borroka Navas de Tolosako batailan, 1212an.

Konkistatu berri zituzten Ipuzkoa eta Arabako lurretan mugarik ez zegoenez, Alfontso VIII.a eta hurrengo errege gaztelarrak konkistatu gabe geratzen ziren lurren ondoko herriak harresiz inguratzen eta hiri gutunak ematen hasi ziren, muga berri bat eraikitzeko asmoarekin. Horrela, Alfontso VIII.ak hiri gutuna eman zion Hondarribiari, eta berezi

Page 3: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

egin zen Donostiatik; gainera, Antso VI.ak hari emandako foru bera eman zion. Handik urte batzuetara Pribilegio gutuna eman zion Oiartzun bailarari, eta, dokumentua desagertua badago ere, Fernando III.ak 1237an bere aitonak emandako gutuna berretsi zuen. 1256an Tolosa, Segura, Agurain eta beste herri batzuk harresitu zituzten muga indartzeko, eta herri bereko biztanleen arteko istiluak hasi ziren. Erresuma berriak ematen zien legedi berriaren babesarekin azienda lapurretak, gaizkile taldeak eta bandoen arteko istiluak ugaritu ziren, eta muga berriak gaizkileen muga izena hartu zuen (gatazka larriena 1321eko Beotibarreko gudua izan zen).Hala ere, 1298an, Nafarroako Felipe I.ak Nafarroak Donostia eta Hondarribiako portuetan eskubide guztiak izatea lortu zuen, eta hitzarmen horrek 1434a arte iraun zuen.

1320an Villanueva de Oiarso sortu zuten, Oiartzun bailarako Orereta auzoari hiri gutuna eman eta harresitu zutenean, eta bailarako biztanleak hiri berrian bizitzera eta harresiaren gastuak ordaintzera behartu nahi izan zituztenez, hainbat auzi sortu ziren hiriaren eta bailararen artean. Auzi horietan askotan hartu zuten esku Ugartetarrek. (Gaur egungo liburuetan “Ugarte” idazten badute ere, dokumentu zaharretan Uart edo Huart idazten zuten, eta oinetxeak ere “Huarte zaharra” izena gorde du.) Ugarte familiaren lehenengo aipamenak XIV. mende hasierakoak dira; beraz, ordurako finkatuak zeuden Oiartzunen, Bianditz inguruko mendietako saroien jabe zirenak. Gartzia Salazarren esanetan, Gipuzkoako oinetxe zaharrena zen, ganboatarren bandoaren sortzaileak izan ziren, eta Urtubiaren etsaiak. Oiartzungo bailara bizimodu independentea egiten saiatu zen. Bere ofizialak izendatzen zituen, lurraldea antolatzen zuen, batzarrak egin, militarki antolatu, ez zen Villanuevako batzarretara azaltzen eta ez zituen hango epaiak betetzen.

Ehun Urteko Gerra (1337-1453) piztu zen Ingelesen eta frantsesen artean, eta Nafarroako erregea, Carlos II.a, buru belarri ibili zen ingelesen alde, Normandian lur asko baitzituen. Gainera, hango kaietan familia euskaldun franko finkatu ziren, bertan nahitaezko geldialdia egin behar baitzen Flandeserako bidaian. Ugartetarrak Nafarroaren aldekoak ziren eta gerra hori hasi zenean Ugartetarren banderapean konpainia bat bidali zuten bertara Oiartzungo portutik (Pasaia), Carlos II.ak Eduardo III.ari laguntzeko bidali zituen 2000 soldaduetako parte izango zirenak. 1355ean Ugarteko Beltran, oinetxeko burua, urtero 20 libra jasotzen hasi zen Normandian egindako zerbitzuengatik. 1356an Carlos II.a Roueneko gazteluan zegoela, eskolta eta guzti atxilotu zuten eta hurrengo egunean epaiketarik gabe bere laguntzaileetako lau lagun hil zituzten. Gertakizun hori zela eta, nafar guztiak ingelesen alde jarri ziren eta Lancasterreko dukearen eta Galesko printzearen artean Paris hartu eta preso eraman zuten Frantziako erregea.1357an Martin Ugarte armetako sarjentu izendatu zuten, eta urteko 120 libra jasotzen zituen. Garai hartan 150 soldadu armatu bidali zituzten Ehun Urteko Gerran borroka egitera. Ez litzateke harritzekoa izango gerra hartan irabazitako diruarekin soldaduren batek Irunen, Oiartzundik oso gertu, baserri bat eraikitzea, Normandia izena jarri baitzioten baserriari, eta autobidea egiteko bota bazuten ere, egin zuten etxe berriari ere izen bera jarri zioten.

Page 4: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

1364an, Orereta eta bailararen arteko akordio batean Ugarteko Ayero jaunaz hitz egiten da. Bertan esaten da Oletatik kaietara eramaten zituzten piezak eta minerala gaizkileengandik babesteko Ayerok soldatu konpainiak zituela Nafarroako, Gaskoniako eta Ingalaterrako mugetan. Urte berean Ayero prokuradore zen bailararen alde egiteko Oreretarekin zuten auzian. Gainera, ikusirik Villanueva hiribilduko boterea kontrolatzeak garrantzi handia zeukala Ugarteko Santxo Santxez bertako preboste izendatzea lortu zuten. 1328an Alfontso XI.ak Oiartzun eta Iruni Olagizonen Forua eman zien, eta Lekuonaren ustez mende horietan handitu zen Beloaga gazteluaren erabilera. Gero, 1600ean, olen krisia iristean, bailararen batzarreko agindu baten sarreran aipatzen da olen defentsa 800 soldadutik 400era jaitsi zela. Beraz, argi dago hasieran soldadu asko erabiltzen zirela.

1. Udaletxea. 2. Morrontxo. 3. Nafarroako atea. 4. Harresiko Bastioia. 5. Iparraldeko atea. 6. Santa Klara kalea. 7. Errotako kanala. 8. Ugarritzeko atea. 9. Barrengo errota. 10. Itsas atea. 11. Santxo enea kalea. 12. Kaia. 13. Lonja. 14. Madalen kalea. 15. Madalena ermita. 16. Pontika. 17. Galtzaraborda. 18. Matxingo. 19.Ugarritzeko zubia. 20. Ugarritzeko ontziola.

1365ean Ehun Urteko Gerra Gaztelako errege aukeraketak sortu zuen istiluarekin nahastu zen. Izan ere, Enrike II.a Usurpatzailea bere anaiordea zen Pedro I.ari erregetza kentzen saiatu zen. Pedro I.ak Nafarroako erregearekin akordio bat sinatu zuela eta, Hondarribia portu nafarra bilakatu zen eta urte horretan Hondarribia eta Oiartzungo portuetan hamar itsasontziko eskuadra bat osatu zuten. 1366an Libourneko hitzarmena sinatu zuten

Page 5: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

Galesko printzeak, Carlos II.ak eta Pedro I.ak. Hitzarmen horretan Galesko printzea eta Akitania eta Guyenako dukea zenari (Printze Beltza deitzen zioten armaduragatik) Bizkaia osoa Bilbo, Bermeo eta Lekeitioko kaiekin eskaini zizkioten, eta Carlos II.ak Gipuzkoa eta Araba bere hiri eta gazteluekin berreskuratuko zituen.1367an Printze Beltzaren tropak sartu ziren nafarrekin batera, eta Enrike II.a menperatu egin zuten Najeran, eta Usurpatzaileak Avignonera ihesi joan behar izan zuen.Hurrengo urtean Carlos II.ak Amezketako Pedro Lopez Gipuzkoako merino eta kapitain izendatu zuen, eta Ayerori, berriz, Urumeatik Bidasorainoko eremua utzi zion. Gipuzkoako hainbat herri eta hiri nafarrekin joan ziren, eta oinaztarrek ere, gaztelarren aldeko joera izan arren Carlos II.ari lagundu ziotenek, baimena eskatu zioten Gaztelari, baina ez zuten lortu. Batasunaren eragileak Lesakako Zabaletarrak, Berako Altzatetarrak eta Oiartzungo Ugartetarrak izan ziren. Dena dela, Pedro I.ak ez zuen bere hitza bete, eta Carlos eta Galesko printzeak eten egin zuten harremana. Egoera hau aprobetxatuz, Enrike II.ak Frantziarekin hitzarmen bat sinatu zuen, eta Du Guesclinen tropekin sartu zen Gaztelan 1369ko martxoan, Pedro I.a menpean hartzeko. Pedro I.a babes bila hurbildu zen frantsesaren dendara, baina anaiordea topatu zuen eta hark sastakada batez hil zuen.

Libourneko hitzarmenean Nafarroa barruan geratuko ziren gazteluak aipatzen dira eta hor agertzen da Oiartzungo gazteluaz egiten den bigarren aipamena. Aipamen horrek erakusten digu mende eta erdi Gaztelaren menpe egon arren, egoera ez zela hainbeste aldatu, bertako jende asko nafar sentitzen baitzen oraindik, Ugartetarrak esate baterako. Ikusi dugunez familia horretakoak arma-sarjentuak izan ziren, soldadu konpainiak zituzten muga zaintzeko eta dokumentazio asko dago beren tropen gainekoa, baita Nafarroako erregearekin bildu zirenekoa ere. Ez dago dokumenturik familia hori Beloagarekin lotzen duenik, baina ez da ezagutzen garai hartan halako botere militarra zuen beste familiarik Beloaga gazteluari erabilpena emateko, edo Arditurri gainean zeuden Gaztelugoikoa eta Gaztelubekoa eraikin txikiagoei ere. Beraz, Ugartetarrak izan zuten.

1373an Guy de Boulogne kardinalaren epaiak Gaztelari itzuli zizkion Araba eta Gipuzkoa, eta Enrike II.ak Pedroren alde egin zuten herrietan mendekua hartu zuen. Donostiako lurrak zatitu egin zituen, eta Hernani, Usurbil eta Orio sortu zituen; Oiartzun bailarari epai berriak iritsi zitzaizkion Oreretarekiko menpekotasun handiagoa izan zezan. Ofizialak izendatzea debekatu zion eta hiriaren legedipean jarri; ondorioz gatazka gogorrak gertatu ziren. Oiartzungo (Pasaia) portuaren politika ere aldatu egin zuen;

Page 6: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

jurisdikzio guztia Donostiari eman zion, eta Alfontso XI.az geroztik Donostiarrek hiriaren eta bailarako olagizonen eskubideak errespetatzeko egindako ahaleginak ezabatu zituen.Arazoa Antso VI.ak Hondarribiari Jaizkibelgo hegien gaineko eskumena eman zionetik zetorren, Oiartzun ibaiaren eskuinaldeko ibaiertza barne, eta arazoa handitu egin zen bailarari forua ematean eta, zer esanik ez, Villanueva de Oiarso hiria sortzean; izan ere, guztiei interesatzen zitzaien itsasontzi arrotzen kontrola eta eskubideak kobratzea. 1376an, 1381ean eta 1384an ere errege epaiak izan ziren bailararen kontra; merkatuan ogia, haragia, ardoa edo sagardoa saltzea debekatu zieten, eta, ondorioz, hirira joan beharra zuten produktu horiek saltzeko.

Bestalde, Oinaztarren eta Ganboatarren arteko guduak zabaltzen hasi ziren, eta 1356tik Ipuzkoako lurrak Merindade Nagusi zirenez, Gipuzkoako merinoak ere parte hartu zuen gudu haietan, 1375ean tregua bat sinatu zuten arte. 1379tik 1466ra Arabako Ayalatarrak izan ziren bertako merinoak herentzia bidez. Nafarrak, berriz, Brioneseko hitzarmenean ingelesekin zuten ituna haustera behartu zituzten. Hori zela eta, Normandiako lurrak galtzen hasi ziren, ingelesak Frantzian zituzten lurrak galtzen hasi ziren bezalaxe; gaztelarrak eta frantsesak nagusitzen ari ziren.

1396an Ayerok bere iloba Ugarteko Juan Santxezi, Amigoren semeari, utzi zion bailarako oinetxea eta Pedro Santxezi hiriko Preboste titulua eta leinuak hirian zuen etxea. Pedrok, familia indartzeko asmoarekin, alaba Katalina Olasoko leinukoa zen Ganboako Fernandorekin ezkondu zuen, eta Ganboako Juan izeneko semea izan zuten.1411n tregua aurretik hil ziren Oinaztarren ondorengoek mendekua hartu nahi izan zuten. eta Amezketarrak eta Urtubiatarrak Altzatetarren aurka altxa ziren. Urtubiatarrek Altzatetarrak mendean hartu eta ahaide nagusia hil zuten. 1413an gatazka Ugarteren oinetxera iritsi zen, Oreretako prebostea Ugarteko Martin Santxez zenean, hau da, Pedroren semea eta Katalinaren anaia. Kontua da Ganboako Juanek, Katalinaren semeak, preboste agintea kendu ziola bere osaba Martini. Borroka latzen ondoren, Ganboatarrak izan ziren irabazle, eta Ugarteko Martin Ganboako Fernandoren sasikume batek hil zuen; baina handik egun batzuetara, bailaran prestatutako segada batean Ugartetarrek Martinen hiltzailea eta Ganboatarren zenbait emakume hil zituzten. Borrokak hedatu egin ziren eta Altzaga, Zabaleta, Altzate eta Ganboatarrek, azken hauek ezkontza bat zela medio, Urtubiatarren aurka egin zuten borroka. Izan ere, Juan de Ganboa Altzateko oinordekoarekin ezkondu zen eta Urtubia jaunak haren aitaginarreba hil zuenez, 1420an mendekua hartzera behartuta suertatu zen. Baina Juan ere hil egin zuten, eta Ganboatarrak Altzatetarren artean desagertu ziren, semerik ez baitzuten izan.

1453an Gaztelako Juan II.ak Oiartzungo bailarari hiri gutuna eta Villanueva de Oiarsotik bereizteko eskubidea onartu zizkion, baina hiria ia harresiko lurretara mugatua geratzen zela eta, hau da, Orereta auzoak zituen lurretara, aurka egin zuen hiriak eta istiluak areagotu egin ziren. Probintziak ordezkari moduan Lope eta Mingot bidali zituen, baina Anaidiaren ordezkariak hil egin zituzten eta beste batzuk zauritu. Gehiegikeria horien aurrean, Probintzia armez sartu zen bailaran, oinetxe eta beste etxe apalagoak erre edo eraitsi egin zituen, errota eta olak suntsitu eta hainbat bizilagun hil edo zauritu zituzten. Eta hemen dator hirugarren aipamena, zeharkakoa baldin bada ere, bailara eta

Page 7: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

Oreretaren arteko bereizketa gatazkatsua gogora ekartzen diguna. 1455ean Enrike IV.ak Arevalon agindu zuen inor gehiago ez atxikitzeko Oiartzungo dorreetan gotortuta zeuden 60 gizonei, eta uztailean Ganboako Martin eta Lazkaoko Martin Lope epaile izendatu zituen. Beraz, sinesgarria da garai haietan oraindik Ugartetarrak Beloagan Probintziari eta Gaztelako erregeari aurre egiten ibiltzea.Dena dela, 1448an Arrasate erre zutenetik, egoera zeharo aldatzen hasi zen. Gipuzkoako Anaidia bandoen aurka agertu zen, eta nahiz eta 1456an Oinaztarrrak eta Ganboatarrak Anaidiari aurre egiteko elkartu, Gaztelako erregearen boterea eta Anaidiarena areagotu egin ziren, leinuen boterearen kaltetan. Enrike IV.ak 1457an Donostia bisitatu zuenean, leinuen buruak erbesteratu zituen; kanpoan zeuden bitartean hainbat dorretxe lurrera botatzeko aprobetxatu zuen, eta atzerritik itzuli zirenean, Anaidiaren menpe jarri zituen.Segur aski urte horietan pasako zen Beloaga gaztelua Ugartetarren eskuetatik merinoaren eskuetara, Ugarteko leinua boterea galtzen hasia baitzen. Oreretako herentziazko preboste agintea galdu zuten, nahiz eta zenbait postutan jarraitu. Horrela, 1470ean Ugarteko Ojer prokuradore zen Hondarribian mugarriak jartzerakoan, 1475ean Ugarteko Migel Santxez Oreretako prokuradore zen hiriak Donostiarekin Pasaiako portuagatik zeukan auzian, 1478an Ugarteko Juan Santxez bailarako alkatea zen eta 1535ean Ugarteko Tristan jenerala lehenengoa izan zen bere tertzioko bandera Goletan jartzen Tunezeko konkistan.

1463an Enrike IV.a Hendaiara etorri zen Frantziako erregearekin elkarrizketatzera, eta bailararen eta Oreretaren arteko gatazka ezagutzen zuenez, bisita bat egiteko aprobetxatu zuen. Ikusi zuenean bailarako bizilagun kopurua hirikoa baino handiagoa zela eta biztanleak Nafarroa eta Frantziaren mugetan barreiatuak bizi zirela, bere aitak eman zion bereizpen pribilegioa betetzeko agindu zuen, eta 1470ean Valladoliden berretsi; halere, auziak mende batzuetan jarraitu zuen. Litekeena da errege hori izatea Urdiñolatarren dorretxean lo egin zuena, gaur egun Landetxe dagoen leku berean, Urdiñolatarrak garai hartan hasi baitziren nabarmentzen eta badakigu sarreran, oroigarri moduan, kateez lotuta zeuden bi zutabe pare jarri zituztela errege batek bertan gaua pasa zuelako.

Enrike IV.ak, inpotente eta homosexual fama izan arren, etekin handia atera zien bere ezkontzei ere. Nafarroako Blancarekin ezkondu zen lehendabizi, eta Nafarroari konkistatutako lurrak “legez” eskuratu ziuten, bueltatu egin baitzituen, baina berriro dote moduan berreskuratzeko baldintzetan, nahiz eta errege nafar guztiek lur horiek erreklamatu. Handik urte batzuetara ezkontzako eginbideak ez zituela bete argudiatuz dibortziatu egin zen eta 1455ean Portugalgo erregearen arrebarekin ezkondu zen; ezkontza horretatik Juana jaio zen.1464ko abenduan Enrikek hainbat jauntxo boteretik urrundu zituela eta, ultimatuma eman zioten erregeari, Beltran de la Cuevak manipulatzen zuela salatuz. Oholtza izugarria jarri zuten Avilako harresien kanpoaldean eta Toledoko Artzapezpikuak meza eman ondoren, berak, Villenako markesak eta Benavente eta Plasenciako kondeek, beste batzuen artean, lutoz jantzia eta erregearen ordez jarria zegoen egurrezko panpina bat destronatu zuten egotziz musulmanen laguna zela, homosexuala eta batez ere ez zela Juanaren aita, Juana la Beltraneja izengoitiz ezagutzen zena Beltran de la Cuevaren alaba zela esaten baitzuen mundu guztiak. Eszenifikazio hartan Enrike IV.aren anaiordea, Alfontso, aldarrikatu zuten errege, 13 urte besterik ez izan arren. Bi ejertzito izan ziren aurrez aurre, baina

Page 8: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

borrokak baino negoziazioak ugariagoak izan ziren. Negoziazio batean Enrike IV.ak bere emaztea eman zuen bahi moduan, eta horrek kalte politiko handia egin zion, erregina bueltatzean haurdun itzuli zela zabaldu baitzen.Hemen Ayalako Lopez Gartzia II.a altxa zen erregearen kontra, eta Alfontsoren alde egin zuen borroka, Villenako markesarekin batera; laguntza horiengatik, Orduñako jaurerria lortu zuen. Eta testuinguru horretan iristen zaizkigu laugarren eta bosgarren aipamenak. 1466ko apirilaren 20an Enrike IV.ak errege agindu bat eman zuen Segovian Gipuzkoako alkateari jakinarazteko Beloaga gazteluaz jabetu behar zuela, bertan Ayalako Lopez Gartzia II.a bere kontra gotortu baitzen eta gaztelua botatzeko eta lurrarekin berdinduta uzteko agindu zion. Baina dokumentu batzuetan horrela gertatu zela esaten badute ere, ez zen agindua bete, 1468an Probintziak berak eskatu baitzuen Beloaga gaztelua Ayalakoari bueltatzeko. Erregeak baimena ez zuen eman, baina ikusten da Gipuzkoako Anaidiak bat egiten zuela merinoarekin eta ez erregearekin.

Urte horretan Alfontso gaztea hil egin zen, eta Enrike IV.ak akordio bat sinatu zuen bere arrebaorde Isabel katolikoarekin, erregetza eskuratu eta Isabel hurrengo erregina izateko, baina 1469an Aragoiko Fernandorekin ezkutuan ezkondu zela eta, akordioa hautsi eta berriro bere alaba Juana, Portugalgo Alfontso V.arekin ezkondu zena, hartu zuen oinordekotzat. 1474an, Enrike IV.a hil zenean, gerra piztu zen Gaztelan Isabelen eta Juanaren aldekoen artean ondorengotza zela kausa. Juanak Portugal eta Frantzia izan zituen alde, azken hori Gaztela eta Aragoiren arteko batasunaz kezkatuta, Aragoi etsai baitzuen Italian.

1474an, Gaztelan zegoen gerra zibil giroa

Page 9: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

aprobetxatuz, Pasaiako portuan azken mendeetan zegoen gatazka lehertu zen Donostiako ofizialen gehiegikeriek eraginda. Donostia, Villanueva eta Oiartzungo lurretako Ahaide nagusiak eta oinetxeak borrokan hasi ziren eta denbora laburrean ehun bat gizon hil ziren, eta makina bat lapurreta, etxe erretze eta baso mozketa izan ziren. Gipuzkoako Anaidia gatazka konpontzen saiatu zen Donostiari Uliatik Molinaora doan itsasertzaren eskumena, portuko eskubideen zerga bilketa eta zaindariak jartzeko aukera emanez. Errenteria, ordea, ez zegoen ados eta auziak XVII. mendera arte jarraitu zuen; orduan portuaren eskumena Anaidiak hartu zuen eta Gobernu Batzorde bat sortu zuen kudeatzeko.

1476an Frantziak, Juana la Beltranejaren aldekoa zenez, izugarrizko ejertzitoa ekarri zuen Baiona aldera Alain de Labrit edo Albreten agindupean. Ejertzitoaren zati bat hartuta, Bidasoa zeharkatu zuen, Irun, Oiartzun eta inguruetan erasoak egiteko, Hondarribiko gazteluari setioa jarri aurretik. Horrela, Irun eraso ondoren, apirilaren 20an Oiartzunen sartu zen, eta elizako sarrera nagusiaren gainean altxatzen zen dorreari su eman zion, barruan gizon talde bat zegoelarik. Bailara erdia eta Errenteria zati bat erre ondoren, Donostiara abiatu zen, baina bidean Salinasko kondea, Gipuzkoako merinoa, topatu zuen. Borroka latz hartan kondea menperatu eta Donostiako jendea Hernani aldera joan zen ihesi. Eta hemen dago seigarren aipamena eta oraingoz ezagutzen dugun azkena. Hondarribiko erasoa prestatzera Baiona aldera zihoanean, Beloaga gaztelua hartu zuen eta bertan 200 soldadu utzi zituen. Labriteko jaunak Frantziako erregeari, Luis XI.ari, gerra hartako gorabeherak kontatzeko idatzi zion eskutitzean esaten zion Beloaga La Renteria eta Hondarribia artean zegoen gotorleku bikaina zela, harkaitz gaineko gaztelua, eta Gipuzkoako talaia ederrenean zegoela.Labriteko jaunak erasoa prestatzen zuen bitartean, Hondarribiko gotorlekuko kapitainak, Ganboako Juanek, Lazkaoko Juan Lopezen laguntza jaso zuen, nahikoa ez bazen ere. Bederatzi egunez borrokan gogor aritu ondoren, Jaizkibeldik foru milizietako 3.000 gizon iritsi ziren, eta frantsesak erretirarazi egin zituen. Luis XI.ak setioa berriro antolatzeko agindu zion Labriteko jaunari, eta bitartean, Baionako Purget kapitainak Bidasoa zeharkatu zuen. Hondarribian, hori jakitean, Lazkaoko jauna haien bila atera zen miliziekin. Menperatu zituzten, baina Purget soldadu batzuekin Irungo Arantzate dorrean sartu zen, eta errenditzen ez zirenez, Arantzateko jaunak berak bere dorreari su emateko agindu zuen, eta gehienak bertan hil edo preso hartu zituzten. Gero Labritek eraso zienean, hondarribiarrak artilleriaz horniturik zeuden eta 50 egunez eutsi zieten. Bitartean, portugesek Toroko gudua galdu zuten, eta Isabel katolikoak agindu zien ejertzitoa Gasteiz inguruan hasi zen biltzen. Labritek hori jakin zuenean, setioa utzi zuen. Bukatu zen gerra.

Nafarroako Blanca I.a hil zenean, erregeordeak, Aragoiko Juan II.ak, oinordekotza kendu zion Carlos semeari, atxilotu egin zuen Blanca alaba, Enrike VI.aren emazte ohia, eta

Page 10: Beloagak ikusi zuena eta haren pareta zaharrek entzun

1479an, bera hil zen urtean, Leonor alaba kuttunari utzi zion erresuma. Baina Leonor urte berean hil zen eta oinordekoa, Francisco I.a, oso gaztea zela eta, lau urteko erregeordealdia edo babesaldia izan zen. Franciscoren bat-bateko heriotza gertatu zenean Catalina I.ak jasotako erresuma gaztelarrek sustatu zuten gerra zibilagatik erdi suntsitua zegoen. Gainera, Catalina I.a itota sentitzen zen senarra aukeratzeko orduan Gaztelak eta Frantziak egiten zioten presioagatik. Azkenean Juan de Albret frantsesa aukeratu zuen, Labriteko jaunaren semea, eta Errege Katolikoek erabakia iraintzat hartu zutenez, mendekua prestatzen hasi ziren. Erregeen adinagatik urte batzuetan Labriteko jaunak berak gobernatu zuen Nafarroa, eta urte batzuk geroago Cesar Borgia izan zen Nafarroako ejertzitoen mariskala, erregearen arrebarekin ezkondu baitzen, Labriteko Carlotarekin. Errege-erreginak 1486an ezkondu baziren ere, Leringo kondeak umilazioa egin zien, ez baitzien utzi Iruñean sartzen koroa jartzera 1494a arte. Leringo kondearen hurrengoa, Fernando katolikoaren iloba zena, beharbada aurrekoa baino gogorrago aritu zen bere benetako errege-erreginen kontra, eta, azkenean, Albako dukearen tropek erresuman sartuta burutu zuten konkista. Catalinak, bere haurdunaldi ugariengatik ezin izan zuen politikan esku hartu eta bere senarrari, Juan III.ari, mugaz bestalde ihesi zihoazela, hauxe aurpegiratu omen zion: “Juan de Labrit zinen eta Juan de Labrit izango zara, ze ni izan banintz errege eta zu erregina, sekula ez zen galduko Nafarroa.”

Konkista egin eta handik urte batzuetara, 1516an, Cisneros kardinalak dorreak botatzeko agindua eman zuen, eta lehenago izan ez bazen, Errege Katolikoek Irungo Gazteluzar gaztelua egiteko agindu zutenean edo, izan liteke Beloaga gaztelua ere Cisnerosen aginduarekin bota izana.Foruko Aurkibide Alfabetikoak horrela definitzen du gaztelua: ”Gaztelu hau Oiartzungo bailarako jurisdikzioan agertzen den goragune baten harkaitzetan dago, Frantzia eta Nafarroako erresumei eta itsasoari aurre eginez, leku horietatik legoa batera; herri honetan Oiartzun eta Errenteriarantz bereizten diren bi bideak zaintzen ditu. Eta goragune horren hegian Feloaga oinetxea dago, bertatik hartu baitzuen izena gaur eroria dagoen gazteluak, baina oraindik hor daude alde guztietatik inguratzen zituzten harresi sendoen aztarnak”Horrelako deskribapenengatik, Labriteko Alainen eskutitzagatik edo harresien aztarnagatik, pentsatzen dugu Beloaga gazteluak dorreaz gain, arma plaza eta baita beste eremu batzuk ere hartzen zituela.Beraz, gure ustez, Beloaga gaztelua gure nafartasunaren eta gure Erdi Aroko historiaren lekuko isila da, lekuko isila, baina ez mutua, bere baitan utzi baitigu nahiko dokumentazio eta aztarna. Horregatik, pentsatzen dugu merezi duela ahalegin bat egitea geratzen diren aztarnak babesteko.

Joxemari Iturrioz